Zenbat Gara
Atalak
Jarduerak
Dokumentuak

Bestelako gizarterantz

Naturaren iraupena arriskuan jartzen duen sistema hizkuntzak eta kulturak suntsitzen dituen berbera da. Gizakien artean tentsioak, menderakuntzak, bazterketak eta alienazioak sortzen dituen sistema herriak eta nazioak akabatzen dituen berbera da. Baleen ehizak, landareen suntsiketak edo baso baten birrinketak biziki kezkarazten bagaitu, nola ez gaitu, ba,, kezkaraziko herri baten desagerpenak, are gehiago, herri hori gurea denean?

Nolanahi ere, hona galdera: Euskararen alde al gaude Zenbat Gara elkartean? Gu Biziaren orekaren alde gaude, bere osotasunean, hala gizakien eta naturaren arteko orekaren alde, nola gizajende eta herrien artekoaren alde.

Hizkuntza ez da deus gu gabe, eta gu ez gara gu Euskararik gabe. Euskaldunok gara Euskara. Hortaz, Euskararen normalizazioa eta garapena gure normalizazioa eta garapena dira, ezinbestez. Eta geure buruen alde gauden neurrian, unibertsalak ere bagara, Biziaren alde gaudelako. Gainerako globalizazio guztiak gezur eta inposaketa hutsak dira.

Bestela esanda, guretzat erantzunik sendoena euskaldun kontsekuenteak izatea da, izan eta egon aditzen arteko oreka bilatzea, alegia. Euskaldunak bagara, izan, baina, egon, ez gaude inon ez naturalki, ez eta ofizialki ere. Eta norbera izateko bidea benetan jorratzen joatea egin litekeen bizi inbertsiorik onena da, zalantza izpirik gabe.

Euskaldunak izan eta unibertsalak izan, besteei geurea eskainiz eta beraiengandik ahal bezainbeste ikasiz. Horrexetan saiatzen gara beti Zenbat Gara elkartean.

 

 


Zenbat Gara Elkartea
Done Bikendi 2, 4. solairua - Tel. 94 423 75 91
48001 BILBO