Zenbat Gara
Atalak
Jarduerak
Dokumentuak

Euskaraz bizi daiteke Bilbon?

Horixe da Bilbon bizi garen euskaldun guztion galdera. Edo, bestela esanda, noiz arte itxaron behar da Bilbon Euskaraz bizitzeko? Mota guztietako erantzunak entzun ditugu orain artekoan: «Jende guztia euskaldunduko denean», «Gobernuko planak bururatuko direnean», «Bi belaunalditan», «Autodeterminazio eskubidea lortzen denean»... Baina, funtsean, denek gauza berbera adierazten dute: orain ez, gero agian.

Esaera zaharrak «Gerokoak gero» dio. Guk, berriz, «Oraingoak orain» gaineratzen dugu. Euskaldunak izanik, Euskaraz bizitzeko nahia eta beharra oraingoak dira, ezin dira geroko utzi, geure bizitzan gauzatu nahi ditugu. Eta Bilbon 50.000 euskaldun eta 70.000 ia euskaldun bagarela kontuan hartuz, bururatzen zaigun galdera hauxe da: 120.000 euskaldun dituen herria ezin al daiteke Euskaraz bizi? Jakina, jende hori guztia erdaldunen artean nahasirik dago, erdara nagusi den itsaso zabal batean.

Hortik erdigune baten beharra, euskaldun guztien topagune eta bilgune izango dena. Horixe izan zen Zenbat Gara elkartea sortzeko arrazoia: bitartekoak gauzatu eta garatu, Euskaraz bizi gaitezen gaur egungo Bilbon, konplexurik gabe, gurean ondo sustraituak eta munduari elkartasunean irekiak, izan garena eta garena izaten jarraitzeko, gerokoan ere izan daitezen. Etorkizuna orain berean gauzatzen baita, halabeharrez.

 


Zenbat Gara Elkartea
Done Bikendi 2, 4. solairua - Tel. 94 423 75 91
48001 BILBO