Autoeraikuntza
Zenbat
Gararen jarduera autoeraikuntzan oinarriturik dago eta autogestionarioa
izan nahi du alor guztietan. Beraz, antolamendua eguneroko esperientzian
oinarritzen da, beti ere ondo egiten dena hobetuz eta hutsak zuzenduz,
teoria eta praktika etengabe elikatuz eta uztartuz.
Kudeaketaren aldetik, gauza bera esan daiteke. Funtzio bakoitzerako
pertsona egokiena bilatzen dugu, funtzio hori benetan eraginkorra
izan dadin. Alabaina, honek ez du esan nahi gure elkartean inor
baztertzen denik, alde batetik, pertsonarik adina funtzio egon
daitekeelako, eta ez alderantziz; eta, beste alde batetik, Euskararen
Herrian, lehengo herrietan bezalaxe, guztiok leku bat behar eta
merezi dugulako.
Baliabide
alorrean, autofinantziazioa da bidea, gure ustean. Talde eta alderdi
guztietatik bereiz, Zenbat Gara elkartearen beregaintasuna ziurtatzeko
modu bakarra autofinantziazioa da.
Antolakuntza
Edozein elkartek bere organigrama zehatza izaten du. Zenbat Gara
ez da salbuespena, baina gure kasuan bada berezitasun nabarmen
bat, autogestionarioa izan nahi duela, alegia. Pertsona guztiak
ezberdinak dira, bakoitza bere ahalmen eta gaitasunekin, baina,
orobat, balio eta duintasun berekoak guztiak.
Hori dela eta, Zenbat Gara elkartearen organigrama funtzio eta
helburu horien araberakoa izan dadin, ekinahalean gabiltza lanean
egunero. Organigraman bereizten ditugun taldeak gure jardueraren
funtzio nagusiei dagozkienak dira: Sormena, Pedagogia, Ekoizpen
Artistikoa eta Irudia, Hedabideak, Eraketa eta Ebaluazioa.