Zer da Zenbat Gara?
Euskara
harremanen arlo guztietan erabiltzeko xedea duen kultura elkartea
da Zenbat Gara elkartea. Euskaraz bizitzea da gure helburua, gure
hizkuntzan elkarbizitza esparru zabala sortzea, erdara nagusi
den baina milaka euskaldun dituen Bilbon euskaldunontzako erreferentzia
izatea, hainbat ekimen sustatuz. Jakinik euskara ikastea ez dela
nahikoa, era guztietako jarduerak antolatzen ditugu elkarbizitza
hori gauzatzeko eta ikasleen motibazioa lantzeko: tailerrak,
kontzertuak, dantzak, umeentzako, gazteentzako zein helduentzako
jarduerak...
Nahikoa ez baina euskara ikastea garrantzitsua izanik, Gabriel
Aresti euskaltegia dugu euskararen eremu
akademikoan Bilboko euskaltegirik handiena bere 1.500 inguru ikaslerekin.
Horrez gain, euskarazko unibertso txikia sortu dugu: Informazioa
euskaraz ematen duen Bilbo Hiria irratia;
Algara konpartsa euskalduna, Gara
argitaletxea, Zenbat Gara aldizkaria...
Bilbon euskalgintzaren erreferentzia nagusia ere Zenbat Garak
sustatua da: Kafe Antzokia. Bertan
gauzatzen dira gure elkarteak antolatutako ekimen asko eta bertan
dute erdaldun askok gure hizkuntzarekiko harremanen abiapuntua.
Era berean, Ondarroako Kafe Antzokia eta Arrigorri
Itsas Ostatua Zenbat Gara elkartearen ekimenak dira.
Webgune honetan gure elkartearen atal eta jarduera guztiei buruzko
informazioa eman nahi dugu, gainetik bada ere, gure lanaren gaineko
ideia orokorra egin dezazun eta buruz buruko ezagutza baterako
lehen hurbilketa moduan.