Zenbat Gara
Atalak
Jarduerak
Dokumentuak

Ane Monna, Oskola eta Karramarroi maskotak

Ane Monna, Oskola eta Karramarroi Euskal Herriko haurren maskotak dira. Behin Kantauri itsasotik heldu ziren eta bertako umeak ezagutu ondoren haiekin bizitzen gelditzea erabaki zuten. Morgan pirata gaiztoa lapurretan ikuskizunean izandako abenturen ostean, berriro datozkigu pasadizu berriekin. Aurrekoan bezala, Hamaika Koloretan dantzan ikuskizunaz gain, diskoa ere argitaratu dute, bertako abestiekin.

Hamaika Koloretan dantzan ikuskizuna

Ane Monna, Oskola, Karramarroi eta Dantzalamiak antzeztuta, Hamaika Koloretan Dantzan ikuskizun musikala dugu umeentzako produkziorik berriena Zenbat Gararen eskutik.

«Karramarroi maskota oso harrituta dago bere eskolan ume txinatar bat dagoelako. Oskolak normaltzat hartzen du bere lagun onena haur beltz bat delako eta Ane Monna liluratuta itzuli da Saharatik, bertako kultura eta abestiak ezagutu dituelako. Baina Ozpintzar pertsonaia gaiztoa da eta ez ditu etorkinak onartzen». Abestien eta dantzen bidez elkar ezagutzeko eta errespetatzeko ahaleginak egin ondoren, denek gizarte bereko partaideak direla konturatzen dira elkarren arteko adiskidetasuna bultzatuz.

Helburu pedagogikoa
Azken urte hauetan milaka etorkin etortzen ari da Euskal Herrira: Errusiatik, Txinatik, Ameriketatik, Afrikatik eta beste hainbat leku ezberdinetatik. Orain dela ez asko, gure herri eta hirietako kaleetan azal horia edo beltzeko pertsona bat ikustea nahiko harrigarria bazen ere, gaur egun, guztiz normala da. Betidanik, euskadunok beste herrietako biztanleen bisitak hartzeko ohituak izan gara (erromatarrak, arabiarrak...). Orohar, haiek gure ohiturak eta gure nortasuna onartu dituzten bitartean, gu oso ondo konpondu gara eta oso jarrera zabala izan dugu guztiekin.

Kanpotik heldu berri diren haurrak bertoko haurrekin batera ibiltzen dira, elkarrekin jolasten dute eta hizkuntza berean ikasten dute. Horregatik, antzezlan musikal honen bitartez lortu nahi duguna zera da: arrazakeriaren kontrako eta integrazioaren aldeko mezu argi bat zabaltzea abesti eta dantzen bidez, gure abesti zein haien abestien bidez, hain zuzen. Haurren arteko adiskidetasuna haien arteko errespetuan oinarritzen da, eta horregatik gure euskal kultura eta nortasuna zaindu, bultzatu eta zabaldu nahi diegun bezala, kanpotik etorritakoenekiko begirunez eta jatortasunez jokatu nahi dugun. Azken finean, gure helburua oso sinplea da: berton jaiotakoak zein kanpotik etorritakoak gizarte berean bizi gara, euskal gizartean hain zuzen, eta horregatik norberak dituen ezberdintasunetatik abiatuta denok berdintasunean artu beharrean gaude.

Musika
Antzezlan hau musikal bat da, eta nahiz eta pertsonaien arteko elkarrizketak egon, zabaldu nahi den mezu orokorra abestien bidez egiten da. Horretarako 15 abesti aurkezten dira, batzuen musika berria den bitartean beste batzuena herrikoia da, baina kasu guztietan ezartzen den letra asmatutakoa da. Antzezlanaren edukia inmigrazioa eta etorkina denez, hainbat herritako soinu ezberdinez baliatu gara zenbait abesti burutu ahal izateko, besteak beste, Nikaraguako Palo de Mayo, edota Errusiako Kalinka, beste zenbaitetan, aldiz, soinu berriak asmatu ditugu baina berezko jiteak errespetatuz. Halaber, estilo ezberdinak elkartu ditugu musikaldi heterogeneoa lortuz, gure helburua, azken finean, gizartean daukagun heterogeneotasunaren islada eman nahi dugulako musikaren bidez; hau da, antzezlanaren zehar dagoen ildoa ez da musika estilo zehatz bat baizik eta, gizarte estilo edo errealitate bat: zabala, kolorez beterik, arraza ezberdinekin... Eta hori da hain zuzen, musikaren kasuan gertatzen dena, tango bat ager daitekeen bezala, porrusalda edo sanba bat ager daitezke. gainera, guzti honekin musika CD bat kaleratu dugu.

Fitxa teknikoa

Pertsonaiak
Euskal Herriko Maskotak: Ane Monna, Oskola eta Karramarroi. Etorkinak: Ngomo, Afrikako erdiko aldetik etorritako umea; Xiaoping-Marilin, orain dela urte bat Txinatik bere gurasoekin heldu berria den neska; Nataxa: Errusiako neska; Aisha: Saharatik etorritako neska; haur nikaraguarrak; Ozpintzar: bertoko pertsonaia ozpindua, nahiko arrazista eta etorkinen kontrako arerio sutsua. Saio handietarako Dantzalamiak ditugu, ume txinatarrak, errusiarrak, arabiarrak, nikaraguarrak, euskaldunak...

Eszenografia-koreografia-attrezzo-musika
Eszenografiaren prestakuntza, hornikuntza eta egokipena Monika Naveiraren lana izan da.
Koreografia: Iatse Aldekoa, Eider Arantzamendi, Rita Naveira eta Koldo Zelestino. Pertsonaien diseinua, jantziak eta egitura ezberdinak Rita Naveirak egin ditu. Kartela eta maskoten karikaturizazioa Marko Armspach-ek egin ditu. Gidoia, letrak eta koordinazioa Koldo Zelestinok egin du. Musika: Iratxe Andikoetxeak egin du.

Antzezleak
Iatse Aldekoa: Ane Monna, Ngomo eta Xiaoping Marilin pertsonaien rola egiten du.
Eider Arantzamendi: Karramarroi, haur nikaraguarrak eta Aisharen rola egiten du.
Rita Naveira: Oskola, Ozpintzar eta Nataxaren rola egiten du.
Dantzalamiak ondoko ume hauek dira: Naima Elbani, Aicha Elbani, Ane Elordui, Nagore Espin, Maddi Zelestino, Libe Delgado, Naiara Oliba, Koldo Madariaga, Galder Eguzkiagirre, Eneko Murua, Aymara Antxia, Olatz Gonzalez de Mendibil, Iratxe Etxebarria, Diana Alejandra Martinez, Nora Abasolo, Ariane Dominguez, Ane Asla, Berezi Ruiz...

Fitxa didaktikoa
Ikastetxeetarako fitxa didaktiko bat prestatuta daukagu. Honen xedea zera da: antzezlanean agertzen diren balore eta edukiak azpimarratzea eta sakontzea zenbait ekintza, abesti, marrazki, eztabaida, bertso eta beste era askotako aktibitateen bidez.

Formato txikia
Ane Monna, Oskola eta Karramarroi maskotekin batera gainontzeko txotxongiloek parte hartzen dute. Formato honek dituen beharrizan teknikoak sinpleagoak dira eta oso komenigarria da toki txikietarako, publiko guztientzat, eskoletarako... Kasu honetan parte hartzen duten artistak hiru dira.

Zabalera: 6 m.
Sakonera: 4 m.
Altuera: 3 m.
Iraupena: 50 min.
Muntaia: 1,5 ordu.
Entxufe normal bat, aulki bi eta mahai luze bat.

Formato handia
Gure hiru maskota eta txotxongilo guztiez gain, Dantzalamiak taldeak parte hartzen du. Hamasei haurrez osatutako taldea da eta saioan zehar koreografia egiten dute. Tankera honetako saioak espazio handietan egin daitezke soilik, baina era berean ikuskizuna askoz ederragoa suertatzen da.

Zabalera: 8 m.
Sakonera: 6 m.
Altuera: 3 m.
Iraupena: 60 min.
Muntaia: bi ordu.
Entxufe normal bat, aulki bi eta mahai luze bat...

Kontratazioa
Kontratazioa / Harremanak:
Zenbat Gara. San Vicente 2, 4. 48001 BILBO. Tel. 94 423 75 91
e-posta: umeguneaABILDUAzenbatgara.org

Morgan pirata gaiztoa lapurretan ikuskizuna

Ikuskizun hau 2002 eta 2003an antzezten ibili dira gure maskotak Euskal Herri osoan. Berarekin batera izen bereko CDa argitaratu genuen 2002ko abenduan.

«Ingalaterratik etorritako Morgan pirata gaiztoak umeei gozokiak ohostu egiten dizkie haien tristezia eraginez. Ane Monna, Oskola eta Karramarroi gozokiok berreskuratzen saiatuko dira eta, horretarako, haur guztien parte hartzeaz gain, Lapurdiko Pellot pirataren laguntza ere eskuratuko dute». Abesti originalez, dantzez eta koreografia dotorez hornituriko saio honetan txotxongiloak eta giza neurriko pertsonaiak ageri dira.

 

 

 


Zenbat Gara Elkartea
Done Bikendi 2, 4. solairua - Tel. 94 423 75 91
48001 BILBO