Jose María Sanchez Carrión Txepetx: «Abiapuntuak
ez du kuantitatiboa izan behar, kualitatiboa baizik»
Testua: Aitor Zuberogoitia. Zenbat Gara aldizkaria, 4.
zbk.
Márgenes de encuentro. Bilbao y el euskara. Aplicación
sociolingüística de la territorialidad izeneko
lana labetik atera berritan hartu gaitu José María
Sánchez Carrión Txepetx-ek Bilboko Egaña
kaleko fundazio zabaldu berrian. Izenburuak berak dioen moduan,
Bilbo, euskararen berreskurapena eta gisako gaiak ditu hizpide
liburuak; alabaina, ur handiagotan ere sartzen da, egileak hizkuntza
gutxitu baten suspertze kuantitatibo hutsetik haratago jarri baititu
bere helburuak: hizkuntz-komunitateen arteko harremanen aldaketa
kualitatiboa proposatzen du Txepetxek, modu horretan mundu-mailako
oreka berria urratzen haste aldera.
- Izenburua luzea jarri diozu liburuari. Gauza asko zenituen
esateko nonbait...
Izenburuari gagozkiola, márgenes berbak badu bere garrantzia,
bi ibarrei egin nahi bainien erreferentzia: batetik, modernitatea,
progresoa eta hori guztia, eta beste ibarrean tradizioa, izadia...
Bilbo gaur egun bi ibar horiek elkartzeko gauza izan dadin gurako
nuke (ideia hori adierazi gura du liburuaren azalak ere).
- Liburua hamar urteko lanaren emaitza da. Historia apur bat
egingo zenuke?
Erditze gatxeko liburua izan da hau. Londresen bost urte eta Kanarietan
beste bat eman eta gero Euskal Herrira bueltatu nintzenean, Un
futuro para nuestro pasado liburuan ageri den teoria gizarteratzeko
asmoa neukan. Siadecokoak, berriz, Bilboko Udalak aginduta, hiriburu
horretan euskararen egoera zein zen aztertzen ari ziren. Nik institutuan
eszedentzia eskatu nuen eta haiei batu nintzaien. Siadecokoak
diagnostikoa egiten ari ziren, eta nik tratamendua egin nezala
gura zuten, beti ere nire teoria abiapuntu modura hartuta. Bizkor-bizkor
egin beharreko kontua zen. Ekin nion bada lanari, eta beharrean
nenbilela deskonektatuta nituen hainbat gauza konektatzen hasi
ziren. Bi lan zeudela ikusi nuen: Siadecok egindakoari gehitu
behar zitzaiona bata, eta, behin hori eginda, haren jarraipena,
aurrerapauso bat ematen lagunduko zuena. Siadecoren lanaren eranskin
modura idatzi nuena Bilboko Udalak kaleratu zuen bere garaian.
Haatik, aipatu berri dizudan bigarren lanaren zirriborroa ere
hor zegoen zintzilik, eta hura landu eta sakondu beharra zegoen,
lehenbizikoaren osagarri zen heinean. Siadecotik hura osatu eta
argitaratzea eskaini genion Udalari. Tartean, ordea, hauteskundeak
egokitu ziren, eta aurreko udal-taldea hanka egin beharrean izan
zen. Badakizu, politikan badago lege orokor bat: aurreko lan-taldeak
egin duen guztia edo txarra dela edo ez duela balio frogatu behar
du hurrengo gobernu-taldeak, kosta ahala kosta. Kontua da talde
berrikoek lana irakurri ere ez zutela egin, baina aurreko taldearen
egitasmoa zenez bazter utzi zutela. 1989ko kontuak dira horiek.
Gerora etorri zen Zenbat Gara elkartearekin topo egitea, eta haiek
ere euren esperientzia garatzeko lan honen beharra ikusi zuten.
Haien laguntzarekin berriz ere jo genuen Udalera, lan honen argitalpenaren
premia planteatzeko. Azkenean ontzat hartu zuten, baina ni ordurako
Menorcara joana nintzen jada, atseden hartzeko asmoz, baina azkenean
nire denbora librea lan hori bukatzen eman behar izan nuen (bi
urte behar izan nituen). Lana bukatuta jada, frogak gainbegiratzen
ari nintzela bi eranskin gehitu nizkion: batetik, apologo modura
sartu nituen atalak, lanari puntu iradokor, poetiko eta biografikoa
eskaintze aldera; bestetik, euskarari buruzko azken inkesten datuak
esku artean nituela jada, datu horiek iradokitzen zizkidaten gogoeta
intelektual heterodoxoak.
Non kokatzen da hori guztia nire teorian? Oso puntu berezi eta
interesgarri batean. Nik, lehenengo, euskararen mapa Nafarroan
egin nuen. Hortik sortu zen El estado actual del vascuence en
Navarra, 1970 lana. Lan hori egitean konturatu nintzen mapa hura
errepresentatzeko beste kartografia bat asmatu beharra zegoela,
orduan ezin baitzen esan non bukatzen zen erdara eta non hasten
zen euskara. Akaso bai herri batzuetan. Esan zitekeen Altsasun
erdaraz egiten zela eta Urdiainen euskaraz, baina Bakaikun? Iturmendin?
Etxarrin? Adin batekoek bai, beste adin batekoek ez, sexuaren
arabera ere aldatzen zen kontua, harreman familiarrak ere oso
desberdinak ziren... Kartografia berri horren premiaz jabetzeak
soziolinguistikaren arlora eraman ninduen, hura guztia azaltzeko
beste paradigma batzuk (sozialak, psikologikoak) behar zirela
ikusi bainuen. Hortik sortu zen lehen aipaturiko liburua. Urte
haietan gauza garrantzitsuak barneratu nituen. Ni Saldiasen euskara
eskolak ematen ari nintzenean, haurrek zera esaten zuten Doneztebera
joan beharra bazuten: "Espainiara joango gara". Zergatik?
Donezteben espainola erabiltzen zelako. Hura zen euren munduaren
amaiera. Zera ulertu nuen orduan: ideologia guztietatik aparte,
haiek euren munduaren muga hortxe ikusten zutela, euren hizkuntzaren
eremua bukatzen zen tokian. Pentsa ezazu zer den teorikoki hori
erakutsi nahi izatea: eurentzat munduaren akabera hasten zen leku
hartan mundu berri baten hastapena egon zitekeela. Eta ideia hori
dago lan berriaren oinarrian ere.
- Gaur egungo munduan noraeza dela nagusi diozu liburuan.
Behin hori esanda, etorkizuneko egoera eramangarria proposatu
duzu zuk helburu modura.
Eramangarri berbak zera inplikatzen du: aurkitu duzun mundua
gutxienez aurkitu duzun bezala uztea. Eta horri gagozkiola, gure
ondorengoentzat guretzat baino gatxago izango bada bizitzea eta
Lurraren biziraupena ziurtatzea, ba bistan da egoera hori ez dela
oso eramangarria. Milioika urte behar izan da hau guztia eraikitzeko,
eta milurteko bakarrean heren bat suntsitu dugu, eta egoera okertzen
ari da etengabe. Eta hala ere, zientzilari eta politikari guztiak
jakinaren gainean dauden arren, inork ez du ezer egiten.
- Joera nagusi bi sumatzen dituzu gizartean: jokabide oportunista-pragmatikoegiak
batetik ("uda-partean bazter guztiez jabetzen diren barealdi
kiskalgarriak"), eta behar bezala bideratu gabeko errebeldia
bestetik ("unean uneko burutazioen arabera norabidez aldatzen
duten haize-erauntsiak"). Dikotomia hori etengabe agertzen
da zure analisian. Horren aurrean hirugarren elementu bat aipatzen
duzu alternatiba modura: barealdi itogarriak zein haize zakarrak
ordezkatuko lituzkeen brisa. Ez zaizu iruditzen errealitatearen
bi buru horiek oso dikotomikoki, manikeoegi-edo, sailkatzen dituzula?
Sailkapen manikeoa izango da zuk niregandik hartutako ideia bezala
hartzen baduzu, baina zureganatzen hasten zaren momentuan, orduan
galdera bestelakoa da: zein da nire brisa? Zein da nire haize-erauntsia?
Zein nire barealdi kiskalgarria? Momentu horretan norberak bere
liseriketa propioari ekiten dio, eta horren emaitza gure topaketa-puntua
da.
- Hirugarren alternatiba horren oinarria honako hau litzateke
zure ustez: espazio fisikoa izaki bizidun gisa ikusten hastea.
Alegia, denok osotasun baten atal garela sentitu eta osotasun
horren zati bat (dela hizkuntza txiki bat, dela animalia-espezieren
bat) hiltzen den bakoitzean osotasuna bera kaltetzen dela eta
haren ordena hausten dugula ulertzea. Zure ustez egun nagusi diren
beste joera biak gaindituko genituzke horrela. Era berean, gatazkatsu
eta dualista ez diren pentsamoldeen premia azpimarratzen duzu
liburuan, eta pentsamolde bizi gisa izendatzen dituzu. Izaera,
ordea, beti da mugimendua, gatazka; perfekzioa, aldiz, egoerari
dagokio. Hortaz, guk izan gura badugu, perfekzioa amesteak ez
duela zentzurik dirudi...
Zer inplikatzen du pentsamolde biziak? Zera onartzeko prest egotea,
besteak beste: zure gaurko egia, bizi duzun momenturako baliagarri
zaizun neurrian baino ez dela egia (berari etengabe atxikiz gero
zure gezur handia bihurtzen delako); era berean, aldamenekoak
beste egia bat izango duela onartzea ere inplikatzen du, eta egia
hori berea dela ikustea, berak gaur egun handik ikasten duelako,
nahiz eta zurea ez bezalakoa izan. Horrez gain, ikasi duzuna ikasteko
duzunaren hastapena baino ez dela onartzeko gauza izan behar duzu,
eta baita daukazun guztia emateko gauza ere. Eta behin eta berriro
hasteko gai izan, etengabe ikasten ari den ikaslearen gisan.
- Non geratzen dira egunero eman beharreko erantzun partzial
premiazkoak? Zer egin behar zen Kosovon, Bosnian? Zer kontraesanak
azaleratu eta hala ere zirt edo zart egin beharrean gaudenean?
Hor dikotomia batekin egiten dugu topo, eta hortik ateratzeko
beste pertzepzio bat behar dugu. Kontua da boterea ez dela bakarrik
nigandik at dagoen zerbait, nire baitan ere bizi da, eta hortik
abiatu behar da benetako aldaketa. Konkreta dezagun hori euskarak
Iparraldean bizi duen egoera aipatuz. Nafarroa Behereko lagun
batek ziostanez, oso zaila da han ikastolako umeen eta haien gurasoen
arteko euskarazko solasaldirik entzutea. Duela 30 urte Frantzian
legedia orain baino gogorragoa zen; orain ere legeen ikuspuntutik
oinarrizko premietatik oso urrun daude, baina duela 30 urte zeudena
baino hurrago, hori bai. Eta duela 30 urte euskararen mugak Iparraldean
duela 300 urteko berberak ziren. Hortaz, azken 10-15 urteotan
bizkortu da galera, lege-aldetik gauzak hobeto zeudenean; beraz,
galera barrutik abiatu da, ez kanpotik. Alferrik gabiltza kanpoko
botereei errua egozten; botereak barruan behar du egon, norbere
ahaleginean, norbere koherentzian. Estatuek erromatarren garaitik
eraso dute euskara, baina euskararen higadurak kanpo-erasoekin
du soilik zerikusia? Ez. Horrek ere zerikusia du, noski, baina
baita barne-defentsen ahuleziak ere. Gaixotasunekin gertatzen
den gauza bera da: birusak hor daude, oso demokratikoak dira,
edonork har ditzake, baina defentsa-aldetik ahul dagoenak baino
ez ditu hartzen. Beraz, norberak dagoen lekutik hasi behar du
lanean, kanpoa ez ezik barrua ere sendotzen, zera frogatuz une
oro: ez zaudela inor erasotzeko prest, baina ezta inoren erasoak
jasateko prest ere. Hori eginez harreman-eredu berria sortzen
ari zara apurka-apurka.
- Harreman-ereduei gagozkiela, hizkuntz-komunitate desberdinen
elkarbizitza ahalbidetuko lukeen kolinguismoaz mintzo zara liburuan.
Haatik, hori ezin izan dute inon gauzatu...
Kontua da orain arte ez dela aplikatu aplikatu beharko genukeen
paradigman. Edozein hiri kulturaniztunen produktu tipikoa da kolinguismoa,
dela New York, dela Berlin, dela Istanbul. Etnia eta kulturen
aniztasunaren ondorio da, esparru komun bat partekatu beharraren
emaitza, baina hori bai, talde bakoitzak bere nortasunari eutsiz.
Produktu kosmopolita eta hiritarra da, goitik behera, eta ezinbesteko
du pentsamolde hiritarra, baldin eta ganoraz gauzatuko bada. Hori
da hiriek duten abantailarik handiena: hiri bat berez da kultura
eta gizarte arloko sektore oso desberdinen biltoki. Bilbo bera
lekuko. Bilboko beltzek hiriburuaren baitan euren herri propioa
egiten dute, euren berbeta propioan mintzo dira, euren denda eta
tabernak dituzte... Hori ez da kontu berria, berria dena zera
da: hori naturala eta aberasgarria dela ulertu eta marjinalitatea
saihestuz hori guztia artikulatzea. Hori hiri batean esperimentatzen
baldin bada, hiritik kanpo ere uler daiteke, eta ulertzen den
momentuan zentzu orokorrean onartu ere bai. Beraz, guk kolinguismoaren
eredua hiritik ulertuta eta hiritik hedatuta proposatzen dugu.
Izan ere, kontuaren funtsa ez baitagokio hiztun-kopuruari, kalitateari
baizik. Autoestima kontua ere bada. 100 ingelesek, adibidez, lasai
asko era dezakete kolinguismoa Angolako hiri batean, nahiz eta
gutxiengo izan. Hori gurera ekarrita, euskal zein erdal komunitateak
hiri berean eskubide guztiekin elkarbizitzea ahalbidetuko luke
formula horrek.
- Ez da faltako taifa erresumen mamua haizatuko duenik. Lacandona
oihanako 4. aldarrikapenean 62 hizkuntza ageri ei dira, adibidez...
Ez dago honako hau baino inkomunikazio handiagorik: biok hizkuntza
berean berba egitea eta bietatik bakarrak ere ez onartzea bestea
desberdin izan daitekeela eta berak adina eskubide izan ditzakeela.
Hortaz, ingelesak, espainolak edo frantsesak batzen bagaitu mundu
honetan, hori inkomunikaziorik handiena izango da. Kontu egizu:
hizkuntza mintzatua komunikazioaren %7 baino ez da; % 33, aldiz,
hizkuntzek bideratzen duten musikan, sentimenduan datza. Gainerako
%60, berriz, gorputzen hizkuntzan oinarritzen da. Beraz, indiar
baten hizkuntza ezagutu ez arren, diostanaren %60 uler dezaket
nire gorputza bere gorputzaren lengoiari zabaltzen bazaio. Eta
nire hizkuntza berean mintzo zaidan tipoari pitorik ez diot ulertuko
baldin eta nire gorputzak berea inbaditzen badu.
- Egoera desblokeatzeko beharra ikusten duzu, eta hori talde
txiki baten lana dela diozu. Abangoardiaren kontzeptua berreskuratzen
ari zarela pentsatuko du norbaitek...
Kontua da lehenengo eta behin ezinbestekoa dela batzuk sinesmen
batetik abiatzea, euren buruak sendatzeko daukaten ahalmenean
sinestea. Ahalmenak kemena sortzen du eta kemenak jartzen du martxan
prozesua. Baina, nondik hasten da hau guztia? Mito batetik. Zein
mito ordea? Sinesmen bat, sinesmen hau: zeure buruari esan behar
diozu gaixotasuna ez dela zu baino indartsuagoa. Ez duzu sinetsi
behar ez dagoela irtenbiderik, ez dagoela zereginik; izan ere,
hori pentsatzea beste sinesmen-mota bat barneratzea baita, azken
beltzean. Kontua, hortaz, sinplea da; bi sinesmen horietatik zein
barneratzea komeni zaizun erabaki behar duzu: sendatzen zaituena
ala izorratzen zaituena.
- Zuk diozunez, nahikotasun-maila lortzea da egoera iraultzeko
ezinbesteko baldintza. Nahikotasun-mailara iristeko bi faktore
elkartu behar ei dira: izateko borondatea eta funtzio aglutinatzailea.
Zure ustez, bi horiek batzean nahikotasun-maila dago, eta orduan
hasten da nuklearizatzen espazio sinbolikoa. Gaur egun 55.000
euskaldun bizi bide gara Bilbon. Prozesuaren zein puntutan gaudela
deritzozu?
Bide erdian gaude. Zein da helmuga, gailurra? Printzipio etiko
bat: berdintasuna. Zer da berdintasuna? Oso sinplea eta aldi berean
oso konplikatua den gauza bat ulertzea: ez garela inor baino gutxiago,
baina ezta inor baino gehiago ere. Euskal Herrian bertan ere,
erraza da frantsesa edo espainola adina bagarela esatea, baina
etorkin portugaldarra gu adina badela onartzea ez da beharbada
hain samurra. Hori barneratzen ez duzun arte ez daukazu horma
horretan gora abiatzeko aginte moralik. Beraz, norberarengandik
abiatu beharra dago, norbere bihotza zabaltzetik. Behin hori eginda,
posible da maila lokalean komunitate bat konpaktatzea hartu-eman
baten bidez. Horrela hasi ezean, bide faltsutik goaz. Eta horrela
hasten bagara, abiapuntua ez da kuantitatiboa, kualitatiboa baizik,
eta gizarte bat aldatzeko gai da.
JATORRIZKO HERRIAK, EZ HERRI INDIGENAK
Txepetxek "jatorrizko herri" gisa izendatzen ditu kolektibo
jakin batzuk; kolektibo horiek leku preferentziala dute haren
diskurtsoan. Segidan datorren blokean "jatorrizko herri"
kontzeptuaren azpian gordetzen denaz egin dugu berba berarekin.
Anekdota bat kontatu digu Txepetxek gai honi heldu diogunean.
Baina hobe izango da hitza zuzenean berari ematea: "Herri
Indiarren Topaketak antolatu ziren Quiton duela urte bi. Momentu
horretara arte indioak ikerketa-objektu baino ez ziren izan, sekula
ez subjektu. Horrez gain, Quitoko topaketek erronka itzel bati
egin behar zioten aurre: batetik, Ekuadorren %40 dira indiarrak,
eta mestizoak ere ia %50 dira. %10 baino ez dira zuriak. Ekonomia
zein gizartea, berriz, oso estratifikatuta daude, eta indioak
dira maila baxuenetan daudenak. Indioak aspalditik ari ziren euren
identitatea onar zedin galdegiten, eta 1992an Ekuador geraraztea
lortu zuten. Bost urte beranduago egin ziren topaketak, eta, normala
denez, handia zen erronka".
Ezin ahaztu, era berean, kongresuarekin batera intelektual indiarren
eztabaida bat eta Nazio Indiarren Konfederazioaren estreinako
batzarra ere antolatu zituztela. Ekuadorko Gobernuarentzat patata
bero galanta zen hura. Hori zela-eta, gauza ia-ia surrealistak
gertatu ziren. Nolanahi dela, topaketak egin egin ziren azkenean,
eta bertan pasadizo bitxi bat jazo zitzaion Txepetxi: "Topaketetara,
ponentziarekin batera, hara joan baino lehen Diario de Menorcan
argitaratutako artikulu bat eraman nuen. Artikulu horretan zera
nioen: topaketetan nire begirune eta errespetuaren berri eman
nahi niela indioei, Europan ere horrelako jarrerak bazirela eransteaz
batera. Iruditzen zitzaidan indiarrek 500 urte zeramatela gutun
horren zain. Kontua da topaketak amaitzean ponentzia eskatu zidatela,
eta nik, oharkabean, ponentziarekin batera artikulua ere eman
niela. Eta handik egun batzuetara Guatemalako maia-kitxe komunitateen
ordezkaria gerturatu eta berbetan hasi zitzaidan. Soldaduak euren
herrira sartuak ziren eta bere auzokide eta senitartekoak garbitu
zituzten. Eta behin hori kontatuta, zera bota zidan: Orain
zuk idatzitako gutunaren erantzuna emango dizut. Ni zur
eta lur geratu nintzen. Zelan dakizu nik egunkari batean
zuei zuzendutako gutun bat atera nuela?, itaundu nion. Ponentziarekin
batera artikuluaren kopia bat ere jaso genuelako, erantzun
zidan. Beraz", jarraitu zuen, orain neuri dagokit
indiarren izenean erantzun bat ematea".
Eta zera esan zidan: "Indioek urteotan jasan dugun sufrimenduaren
errua ez da zurea, ezta zure arbasoena, ezta gizon zuriena, ezta
indiarrena, ezta gizon zuriaren baloreen aurrean men egin zuten
indiarrena ere; Historiarena da errua. Denborarena da errua, eta
zu eta ni Historia hori baino haratago dagoen leku batean kokatzeko
gai izango garen momentuan, hori guztia gaindituko dugu eta berriro
begiratuko diogu elkarri izan bagaren benetako gizakiak bezala".
Hori esan zidan, eta nik zera erantzun nion: "Esan didazunak
berebiziko balioa dauka niretzat. Ez dut sekula santan ahaztuko;
are gehiago: beste batzuei horren berri ematen saiatuko naiz.
Oraindik ez dakit zehatz zer, baina ziur naiz esan didazun horretatik
berria den zeozer abiatuko dela".
- Indiarraren esanen zentzuaz jabetuta ere, 500 urte horiek
inork ez dizkie bueltatuko. Jarrera hori ez ote da batzuen agintea
betikotzeko bidea?
Nik ezin dut bestea interpretatu, egin dezakedan bakarra zera
da: hitz horiek nigan zelako oihartzuna izan zuten azaldu. Hori
esan zidan pertsona bere komunitatearen egunerokotasunarekin oso
konprometitua dago, gogor dihardu beharrean indiarren bizitza
duintze aldera, eta esan zidana ez zidan posizio ahul batetik
esan, indar eta inplikazio posizio batetik baizik. Eta hori horrela
izanik, haren berben handitasunak hunkitu egiten nau. Iraganari
gorrotorik gabe behatzeko gaitasun hori hunkigarria da.
- Balio du diskurtso horrek Latinoamerikan gaur egun? Demagun
Chiapasen, aldamenetik etengabe xaxaka ari zaizkien bitartean?
Haiek badakite zer gura duten eta zelan eskuratu behar duten.
Ez beharbada den-denek, baina bai ordea pertsona kontzienteenek
eta euren herri zein etniek. Eta zera esaten dizute: Guk
ez dugu Mendebaldeko eredua errepikatuko, ez baitzaigu interesatzen.
Guk geureari eutsi nahi diogu, baina horretarako teknologia eta
joera berriez jabetu behar gara. Hortaz, haiek gura duten
antolamendu ekonomiko-politikoa, euren gizarte-eredua, euren tradizioan
oinarritutakoa da. Eredu hori edonorentzat aplikagarri izan daitekeela
uste dute. Kolonbiakoa, adibidez, oso kasu interesgarria da: han
uneotan indiarrek hiru senadore dauzkate, baina kontua da jasotzen
duten botu-portzentaiak hirukoiztu egiten duela indiarren populazioa.
Beraz, indioek ez ezik mestizo eta zuri askok ere eman die botua
senadore horiei, euren egitasmoak taxuzkoak direlako. Badakite
zer nahi duten, badakite zelan egin gura duten (bortxarik gabeko
etenbako borrokarekin), baina benetan gatxa zaie aurrera egitea,
sarraskiak itzelak direlako, eta hori multinazionalen eta estatu
bakoitzeko gobernuaren zeharkako onespenarekin ari da gertatzen.
Argigarria da, esaterako, Uwa etniaren kasua (Kolonbia eta Ekuador
arteko mugan bizi dira). Nik dakidala euren kasua ez da inon ezagutarazi.
Kontua da Kolonbiako legeek lurraren jabetza aitortu zietela,
baina hori bai, beti ere euren lurrazpietan aberastasunik agertzen
ez zen bitartean. Eta noski, gobernuak multinazionalen menpe daudenean,
indiarren babespean dagoen lurraldea bizkor asko bihurtzen da
gobernuen eta multinazionalen arteko truke-txanpon. Uwa indioen
kasura etorrita, euren lurretan petrolioa topatu zuten, eta, ondorioz,
lurraren gaineko usufruktua galdu zuten. Gero Texaco multinazionala
han kokatzeko baimena eman zuen Gobernuak. Hori guztia ikusirik,
indioek zera oldoztu zuten: Texaco gure lurretan sartzen
bada, akabo gure bizimodua. Hala ere, ezin gara euren arma berekin
borrokatu". Ez zuten etsi gura, baina ezta gerrillari ekin
ere. Hortaz, honako hau ebatzi zuten herri-batzarrean: Texaco
euren lurretan sartzen bazen, euren buruez beste egitea, modu
kolektiboan gainera. Momentuz ez dira sartu. Arrazoirik ere ez
diete aitortu, aferak bere horretan dirau eta Texaco ez da pausoa
ematera ausartzen Alemanian Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuek
lan itzela egin dutelako.
- Salbuespen ohoregarria da, baina salbuespena inondik ere,
azken 500 urteetan indiarrak ia beti galtzaile izan dira-eta..
Niri sortzen zaidan kezka ez da haiek zer, baizik
eta eta guk zer?. Zertan ari gara gu horiek denak
gertatzen diren bitartean? Zer egiten ari garen, hori da itaundu
behar duguna, eta ez bakarrik ideien mailan, baita gurpil zoro
hau jiraka mantentzen duen gure eguneroko kontsumismoaren inplikazio
konkretuetan ere.
- Jatorrizko herriez mintzo zarenean, ordea, denak zaku berean
sartu behar ditugu? Gizarte berdinkideak ziren denenak? Euren
artean ez zegoen hierarkiarik? Beldurrik? Liburuan, siouxen buruzagi
bat Izpiritu Handiari izan beharreko beldurraz mintzo da, aztekek
eurek ere borroka latzak izan zituzten euren albo-herriekin...
Horregatik ez dut erabiltzen "herri indigenak" terminoa,
ez baitzait laket, baztertzailea iruditzen zait-eta. Are gehiago:
Eduardo Galeanok dioen moduan, primero se les llamó
indígenas y luego se les trató como indigentes.
"Jatorrizko herriak" terminoa erabiltzen dut nik. Izan
ere, termino horrek herri jakin batzuei egiten die erreferentzia:
herri horiek norabide bat erakuts diezaguketenak dira, jatorri
bat gogorarazten digutelako. Zer da baina zehazki gogorarazten
digutena? Guztiok ontzi beretik atera ginela, hats beraren seme-alaba
garela. Hori gogoratzen duten herriak dira jatorrizko herriak,
eta, autosuntsipenera bidean goazen aro historiko honetan, berebiziko
garrantzia dute, beste norabide bat erakusten digutelako.
LIBURUA, TEORIA POTOLOAGO BATEN ATAL
- Liburu hau oraindik argitara emateke duzun Dialéctica
de la territorialidad teoriaren atal bat baino ez ei da. Haatik,
zure iritziz oraindik ez omen dago teoria sozializatzen hasteko
baldintza objektiborik. Zertan da kontua?
Oraindik argitaratu barik dagoen atal horretara ailegatzeko zubia
izan daiteke kaleratu dudan liburu berria. Zergatik ezin da bestea
argitaratu? Sozialki ez delako gainditu guk gainditu gura genuen
butxadura. Guk pentsamendua mugiarazi gura genuen, aurrez aurre
egotera kondenatuta zeuden ideologien esparrutik ideien beste
logika batera, eta logika horrek bakoitzak bere partea jar dezakeela
ulertaraziko liguke denoi. Ideologietatik ideien logika zabalago
horretarako pausoa eman ezean, segmentazio politikoa gainditu
ezean, Lurra kontzeptua beti modu ideologikoan ulertzen dugu,
baita ondorioz berau arma baztertzaile bezala erabili ere. Horregatik
nik uste komenigarria dela, oso interesgarria delako, hori behin
eta berriro errepikatzea: Lurra gure sabel materiala da, eta bertan
hazten gara izakiak oro. Lurrak zentzu sakratua du jatorrizko
herrien kosmogonian. Haiek ez dute Lurraren jabetza ulertzen,
ezin baita inorena izan, geu garelako haren kume garenak, eta
gure esperientziarekin Lurra aberastu baino ez dugu egiten. Baina
gure esperientziarekin hura aberastu ahal izateko eramangarritasun-puntu
bat lortu beharra dago. Gizaki moduan betebehar bat dugu: planeta
hau gutxien-gutxienez jaso dugun bezala uztea, hurrengo belaunaldiaren
biziraupena bermatze aldera. Lege hori hausten dugun unean funtsezkoa
den zeozer apurtzen ari gara; sakratua den zeozer, bizitza sakratua
baita.
- Deabruaren abokatuarena egiten hasita: "bizitza sakratua
da" postulatuaren logika muturreraino eramanez gero, ez ote
ginateke denok barazkijale bihurtu behar?
Ez dezagun gauza bat bestearekin nahas. Eramangarritasun-printzipioaren
arabera, nola landareak hala animaliak gizonaren elikagai izatea
eta haren gorputzeko atal bihurtzea logikoa da, beti ere gizonak
Lurraren ongile lana betetzen duen bitartean. Harremana horrelakoa
bada, elkartrukea perfektua da, gizonak hartzen duen bezainbat
bueltatzen diolako Lurrari. Hori bai, Lurreko espezieak zaintzeko
erantzukizuna du bere gain, eta erantzukizun bera dauka Lurrean
den kultura ororekin ere, horietako bakoitzaren bizitza bermatu
behar baitu, bizi-aniztasunaren adierazle diren heinean. Hori
guztia esan gura dugu bizitza sakratua dela diogunean; hori horrela
ulertu ezean, berez oso sakona den kontua oso parametro arinetan
planteatzeko arriskua dago.
Nire teoria osoa ez gizarteratzeak ere badu honekin zerikusirik:
hobe da momentuz ez gizarteratzea, ez behintzat ideologietatik
ideien logika zabalago baterako pausoa ematen ez dugun bitartean.
Jauzi hori ematen ez dugun artean gauza materialei buruz egiten
ditugun interpretazio guztiak ideologikoak dira; kontu egizu:
logikoak ere ez dira, ideologikoak baizik, eta, ideologikoak direnez,
murriztaile eta suntsitzaileak ere badira. Hortaz, gauzak euren
onera etorri arte, hobe informazio gehiago ez ematea, informazio
hori, ohiko prozedura jarraituz, bizi dugun sistemaren baitan
sartuko litzatekeelako, handik denbora gutxira agortuz, berriztatzeko
aukerarik gabe gainera. Beraz, noiz aldatzen da kontua? Noiz izanen
da posible ideien logika zabal hori, lakota batek, tibetar batek
edo Bostongo bizilagun batek, den-denek ulertu ahal izango duten
ideologiez gaindiko logika hori abian jartzea? Nik askotan itaundu
diot hori nire buruari. Eta galdezka aritu naiz, bai, ez bainuen
ulertzen zelan niretzat hain sinple, erraz eta begi-bistakoak
ziren argudio eta planteamenduak ez ziren ulertzen edo, ustez
ulertuak izan arren, handik bost minutura desbideratu egiten zirela
ikusita. Bestalde, logika hori ulertzeak pertsonen formazio teorikoarekin
zerikusirik ez daukala ere konprenitu dut. Alfabetizatu bako indioek
hau guztia ulertu egiten dute, hainbat unibertsitariok ezer entelegatzen
ez duen bitartean. Gakoa ez dago formazioan, bihotza zabaltzean
baizik. Eta guri gatxago zaigu bihotza zabaltzea, indiarrei gutxiago
kostatzen zaie. Haiek ulertzen dute ez direla inor baino gehiago,
beti egon direlako zapalduta; hortaz, inor baino gutxiago ere
ez direla irakatsi behar zaie. Guretzat, aldiz, inor baino gehiago
ez garela aitortzea aldaketa itzela da, kosta egiten zaigu hori
onartzea, eta hortxe dugu butxadurarik handiena.
- Teoria horren sozializazioa zuri dagokizula diozu. Batetik
hori, bestetik liburuan ageri den"karabana-gidari" kontzeptua...
ez daude kontraesanean proposatzen dituzun harreman berdinkide-horizontalekin?
Ez ote dira faktore horiek errezelo-iturri izango?
Karabana-gidariarena liburuko azken partean eranskin modura dauden
apologoetan ageri da. Zergatik? Ez dudalako liburua sakratu izaterik
gura, ez nuelako inorentzako dogma bat eraiki nahi. Zorionez,
laket zait esparru poetiko, iradokor, sinbolikoa, eta badakit
alde hori garatzen. Taula estatistiko mordoa erabili eta gero,
analisi erabat arrazionalari bide eman ostean, horien aldamenean
beti alde subjektibo bat dagoela esan beharra zegoen, eta apologo
horiek eranstea zen nire ustez hori egiteko modurik onena. Eta
alde subjektiboan esan nahi dudana hau da: ni ikasketa-prozesuaren
teoria batekin nabil lanean, eta ikasketa-prozesuaren teoriak
erakusten digun estreinako gauza da gutariko bakoitzak gauza desberdinak
ikasten dituela bere bizitzako une desberdinetan. Ez dira besteenak
baino hobeak, ezta txarragoak ere, desberdinak baizik. Beharbada
zu orain ikasten ari zarena nik orain dela hamar urte ikasi nuen.
Gauza desberdinak ikasten ari garen pertsona batzuek elkarrekin
topo egin dezakegu denboraren momentu batean (funtsean, gauza
bera ikasten ari gara baina intentsitate desberdinez). Beraz,
iradokizun-maila bat utzi beharra dago. Gauza berriak izendatzeko
aukera daukazunean, komeni da berekoia ez izatea, eskema zurrunik
ez eraikitzea, iradokizun-maila hori zutik mantentzea. Eta hori
lortzeko erarik onena testu oso poetiko eta aldi berean oso pertsonala
egitea zen, zera esanez: "Ez dakit aurkitu dudana nire bizimoduaren
ondorio izan den; badira gauza batzuk nik bizitzatik ikasi ditudanak,
baina jendeak jakin behar du ni bizitzaren hizkuntzaz mintzo naizenean
hizkuntzak nire bizitzari esaten dionari buruz ari naizela berbetan.
Bizitza beti da bakoitzak bere kasa bizi duen zeozer. Nik ezin
dut bizitzaren hizkuntza eskaini, nik eskain dezakedana nire bizitzak
irakasten didana da, nire bizitzaren bidez ikasten dudana, eta
hor batetik alde erabat subjektiboa dago, baina badago alde objektiboa
ere". Bai, badira hiru atal guztiz objektiboak direnak:
1. Berdintasunaren printzipioa. Alegia, garapen eramangarriari
eta izaki bizidunen elkar-osagarritasunari buruzko irizpideak.
Horiek beste alor batzuetan (musikan, estetikan, biologian) logikoak
ez ezik onargarriak badira, are gehiago, zalantzan jarri ezinezkoak
badira, berdin-berdin gizarte-mailan ere. Zientzilari modura hori
egia objektiboa dela aitortu beharrean gaude.
2. Ikasketa-prozesua. Orain arte ezin izan da frogatu
hizkuntzak motibazio barik ikas daitezkeenik, nahiz eta batzuek
berba hori ezelan ere aipatu gura ez, inork txepetxianotzat joko
dituelakoan; baina, kurioski, horiexek dira gero, buruko balaztak
bazter utzita, Athleticek partidua"motibazio faltagatik"
galdu duela diotenak. Hori ere marka da gero: ez zeuden entrenamendu
faltan (ezagutza bazutela, alegia), jokatu, jokatu zuten (erabileran
ere ez zegoela bekatua, beraz)... baina motibazioak egin zien
kale. Kontxo! Gauza batzuetarako badu hortaz garrantzia motibazioak.
Tira, kontua da oraindik inork ez didala frogatu edozein ikasketa-prozesuren
oinarrian dagoen Motibazioa-erabilera-ezagutza eskema objektiboa
ez denik. Helduko da momentua (ikerlari ingelesen batek formulatzen
duenean-edo) non azkenean aitortuko den hori egia objektiboa dela,
baina hori bai, aurkikuntza horrek pentsamenduaren historian mugarri
bat (Un futuro para nuestro pasado liburua) izan zuela ahaztuz.
3. Esparruen teoria. Hau ere nik egia objektibotzat jotzen
dut. Osotasuna ulertu eta barneratzeko dugun modua zirkulu zentrokideen
bidez adieraz daiteke. Badago zirkulu bat nondik gutariko bakoitza
bakar-bakarrik ibiltzen den sartu-irtenean (nortasun pertsonalaren
zirkulua), gero familiaren zirkulua dago, gero lanarena, gero
zirkulu lokala, gero nazionala, gero nazioartekoa eta azkenik
zibilizazio mailakoa.
Karabana-gidariaren kontuak-eta berdintasun printzipioarekin kontraesanean
ote dauden? Ez, eta azalduko dizut zergatik: nik nire ustez guztiz
objektiboak diren gauza horiek aurkitu baditut, egiten dudan lehen
galdera hau da: zergatik iritsi zait hau niri? Eta erantzun bakarra
hau da: ba beharbada zabal-zabalik egon naizelako, nire bizitza
kausa baten zerbitzupean jarri gura izan dudalako. Bigarrenik,
beste hau datorkit gogora: jakintza hierarkikoa dela. Gazte mailan
jokatzen duen jokalari batek (oraindik ikasketa-prozesua hasi
berritan dagoen batek, hortaz) ezin du pentsatu hurrengo domekan
San Mamesen jokatzeko gauza izango denik (jakintza-metaketa handiagoa
behar baita horretarako). Idatzi eta irakurtzeko arauez jabetu
berri den batek teoria informatiko bat osa dezakeela pentsatzea
giza-garapena zalantzan jar dezakeen pitokeria da. Nire teoriarekin
gauza bera gertatzen da: urte batzuk behar izan ditut hura garatzeko;
hortaz, iruditzen zait onartu beharra dagoela nik elementu horiez
izan dezakedan ulermen-maila teoria irakurtzen hasi berri diren
lagunena baino handiagoa dela (lehenago hasi nintzelako ikertzen,
ez beste ezergatik). Hori horrela izanik, zer egin hori berdintasun
printzipioarekin kontraesanean egon ez dadin? Bihur ote daiteke
jakintza hau besteak manipulatzeko botere? Izan ere, jakintza
asko horrela zabaltzen baitira munduan barrena, zera esanez: "Orain
neuk daukat hemengo giltza eta sartu gura duenak bidesaria ordaindu
beharko du". Zorionez, bestemoduz ere joka daiteke. Pasteur
har dezakegu adibide modura. Honek, laboratorioan birus bat aurkitu
zuen, bizitza guztia aurkikuntza horren atzetik ibili ondoren.
Alabaina, zera pentsatu zuen bere bostean: "Ez, jakituria
hau beronen premian den edonori zabaltzea da nire bizitzaren zentzua"
. Alegia, gripearen edo beste gaixotasun batzuen eraginez jendea
hiltzen ari bada (bost axola nire herrian edo Boli Kostan den),
jaso dudan hori zabaltzen behar egitea da nire bizitzaren zentzua.
Hori da karabana-gidaria izatea: karabana-gidariak oso argi dauka
jakintza hierarkikoa dela, baina, jakintza hori jaso duen momentutik,
besteei eman behar diela ere badaki; hori sekulako erantzukizuna
da, eta bera ere jabetzen da horretaz. Badaki ez duela jakintza
hori jaso besteak baino bizkorragoa delako, baina aldi berean
badaki jaso duen hori denentzat dela baliagarri, eta ez litzatekeela
zilegi izanen hori guztia beretzat gordetzea. Beraz, beste arlo
askotan beste batzuei galdetu beharrean izaten naiz, baina arlo
honetan neu nabil aitzindari; haatik, ni aurretik joanagatik,
horrek ez du esan gura neure burua besteena baino gorago jartzen
dudanik.