Zer gertatzen da euskara ikasleekin?
Testua: Todor Etxaburu. Zenbat Gara aldizkaria, 4. zbk.
Diktadura militarra amaitutzat jo zenean, 1977an, 20.000 euskaldun
inguru omen ginen Bilbon; horrez gain, ez dakigu zenbat ia euskaldun
(goitik jota eman dezagun beste 12.000 zirela).
22 urtetan zehar batzuek zein besteek hainbeste lan egin ondoren
50.000 euskaldun eta ia 80.000 ia euskaldun ei gara Bilbon. Hau
da, euskaldunok eta ia euskaldunok bilbotar guztien %36 osatzen
ei dugu, orain dela 22 urte %9 ere ez ginen bitartean. Beraz,
lehen irakurketa oso baikorra da, bilbotar askok asko eman baitu
bere poltsikotik eta bere denboratik. Horrez gain, gure denbora
zeregin horretan eman dugunok (maisu-maistrok) ere lan bikaina
egin dugula dirudi. Haatik, niri burura datozkidan galderak bestelakoak
dira:
Datu hotzek eragindako zenbait erreflexio
Kontuan hartzen badugu euskaldunen gehikuntza batez ere umetxo
eta gaztetxoengandik datorrela, eta kontuan hartzen badugu halaber
Bilboko euskaltegi desberdinetatik datozenak gehi euren kabuz
euskara ikasten dihardutenak urtero orotara 6.000-7.000 pertsona
heldu direla gutxi gorabehera, zera ondoriozta daiteke: euren
burua ia euskalduntzat hartzen duten gehienak 18 urtez gorako
lagunak dira (euskaltegietan ibiliak gehienak ere). Errealitate
horren aurrean, zera galde dezakegu:
Oraindik ez da horrenbeste urte (esku bakarreko atzamarrekin
kontatzeko lain, egia berdaderoa esan behar badugu) HABEko ikuskatzaileak
gainean izan ohi genituela, zigortzeko prest beti, zergatik eta
noizean behin ikasleak geletatik ateratzen genituelako (euskara
lagun-giroan erabil zezaten, bistan denez).
Gaur egun, aldiz, erabateko aldaketa izan da nonbait, eta orain
ezagutzaz gain erabilera-plana ere landu behar dela esanez datozkigu.
Berandu izanda ere, bene-benetan pozten gara. Ongi etorria bedi
aldaketa; dena dela, gauza garden eta sinpletxo bat ahaztu zaiela
iruditzen zaigu: motibazioa.
Hau guztia ere markakoa da gero: beste alor batzuetan begi-bistakoa
da motibazioa funtsezko faktorea dela, baina hizkuntza-kontuetan
badirudi ez gaudela hori onartzeko prest. Duela gutxi, esate baterako,
prentsan irakurri nuen zelan Javier Clementek itzelean motibatu
dituen Realeko jokalari zein zaleak; artikulu berean irakur zitekeenez,
motibazio-lan horrek asko hobetu ei du talde-giroa eta izugarri
bizkortu bide dira hartu-emanak. Artikulugilearen iritziz, gainera,
logikoa litzateke motibazio horren eraginez aurrerantzean emaitzak
ere hobeak izatea.
Hori (motibazioaren garrantzia), nonbait, argi dago zenbait arlotan,
baina ez horren argi beste arlo batzuetan. Aipa dezagun esan gura
duguna ondo baino hobeto ilustratzen duen adibide paradigmatikoa:
J.M. Sánchez Carriónek, behar diren datu guztiak
emanda, behin eta berriz frogatu du ikasketa-prozesuetan zein
bizitzan bertan motibazioak duen funtsezko garrantzia, eta, hala
ere, inor gutxik egin izan dio jaramonik.
Zer demontre gertatzen da? Zer, gure hizkuntz-komunitatearen arrakalatze
eta desagertze prozesuaren lekuko izanda ere, berreskurapen-prozesuan
motibazioak duen ezinbesteko garrantzia aitortzeko prest ez egoteko?
Zer, norabide horretan indarrik ez egiteko, irizpide kuantitatiboak
hobetsiz kualitatiboen kaltetan? Benetan ez ote du gaurkotasunik,
oinarririk, logikarik, motibazioa-ezagutza-erabilera paradigmak?
Bene-benetan?
Azken orduko zenbait gogoeta urgente motibazioa dela-eta
(Pernandoren egiak ez baitira beti egiarik zabalduenak)
Motibaziori buruz berbetan amaitu dut aurreko atala, eta motibazioa
izango da azken atal honen ardatz nagusi. Izan ere, jendeak euskara
ikasteko motibaziorik ez badu, akabo. Profil jakin bat erdiestea
edo EGA titulua lortzea bada euren motibazio bakarra, kitto. Azkenerako
euskara gorrotatzen amaituko dute, hizkuntza arraio hori derrigorrez
ikasi izan behar dutelako. Horregatik, oso gogoan izan behar dugu,
besteak beste:
- Euskarak motiba dezakeela, baina beti ere ikasleari zerbait
berezia eskaintzen badio: plus bat, gainerako hizkuntzena ez bezalako
kultur-molde original bat (ez hobea ezta txarragoa, desberdina
baizik), munduari erantzunak emateko kosmo-ikuskera propio bat,
ikasleari zerbait esango diona, ikaslea aberastuko duena. Horri
dagokionez, nola irakasleek hala kultur programatzaile zein teknikariek
oso argi izan behar lukete gainerako hizkuntzetan egin ohi dutenaren
fotokopia merkeekin ez goazela inora, haiena modu kaxkarrean kopiatzea
baino ez dugulako lortuko gisa horretan. Erantzun propioak, originalak
behar ditugu, orain inoiz baino gehiago. Horrek ez du esan gura,
ordea, erregimen autarkiko bat aldarrikatzen ari garenik: unibertsaletik
edan gura dugu, baina unibertsaltasunari ere geure ekarpen partikularra
eskaini nahi diogu, ez besterik.
- Euskarak motibatu egingo ditu ikasleak baldin eta hizkuntza
horren bidez bestelako harreman batzuen lekuko badira, baldin
eta euskal guneetan giro ona, osasuntsua ikusten badute, baldin
eta euskara eta ludikotasuna, euskara eta bitalismoa lotzen badituzte.
Hortaz, euskararen aldeko dei agonikorik ez, mesedez; akabo hileta-jotzeak,
biba euskara, biba Pellot eta biba festa!
- Aurreko puntuarekin lotura zuzena daukan Pernandoren egia bat
segidan: euskarak ikaslea motibatu egiten du baldin eta honek
hizkuntz-komunitate jator, zabal, askotariko bat aurkitzen badu.
Pernandoren egia da, bai, baina jakineko kontua da baita Pernandoren
egiak hain direla begi-bistakoak non batzuetan ikusi ere ez ditugun
egiten, begi-aurrean izan arren.
- Eta Pernandoren egiekin jarraituko dugu: euskarak motibatu egingo
du gaur egungo desorden desmotibagarrian murgilduta dabilen jende-multzoa,
baina (ia beti izaten baita baina-ren bat) beti ere soilik bizitzaren
balore unibertsalak (berdintasuna, anaitasuna, errespetua eta
honezkero sobera ezagutzen dituzuen horiek denak) oinarri hartuta
bizimodua orekatzeko tresna lagungarri bihurtzen asmatzen badugu.
- Euskarak motibatu egingo ditu ikasleak eurak zein ikas-guran
dabiltzanak (eta geu ere motibatuko gaitu) baldin eta beraren
bitartez beste hainbat herri zapaldu eta beste horrenbeste pertsona
jator ezagutzen badute (badugu), modu horretan hizkuntza huts
izateaz gain zubi solidario ere badela frogatuta.
- Euskarak, azken beltzean, izaera, arte, historia zein kultura
propio baten lurra urratzeko eta gozatzeko bidea ematen digu.
Horretan ote gabiltza? Bide zabal hori jorratzeari ekin ote diogu?
Presazko itaunak, itaun urgenteak eginez abiatu dugu artikulua,
eta gisa berean amaitzen dugu. Haatik, etzazuela pentsa zikloa
horrela ixten denik: guk ez dugu egia berdaderoaren jabetzarik,
baina behintzat baditugu intuizio batzuk; hortaz, galderak egiteaz
gain aurrerapausoak ematen segitzeko asmoz gabiltza, hala egin
ezean zalantzak elbarritu egin gaitzake-eta. Bidean elkarrekin
topo egingo dugulakoan, irakurle, ondo izan, gustura bizi eta
kasu ikus-ilusio eta irudikeriekin!