Hitz egin, elkar ulertu, San Frantziskon bizi
Testua: Beatriz Diaz, Itzulpena: Agustin Etxeberria. Zenbat
Gara aldizkaria, 6. zbk, 7.-28. orr.
Bilboko San Frantzisko auzoari buruz auzo baztertua dela esan
ohi da, prostituzio eta droga trafikoaren auzoa, hain zuzen ere.
Oroit dezagun baita San Frantzisko auzoa, bertan-behera uztekoaz
batera, espekulatzeko eta politika sozialak esperimentatzeko tokia
ere badela. Are gehiago, handik eta hortik datozen kultura desberdinetako
etorkinen benetako topagune bihurtu da. Pentsaera, janzkera eta
jateko era desberdinak dituen jendearen bilgune, alegia. Bilbon,
San Frantzisko auzoa da erlijio desberdin gehien eta hizkuntza
gehien mintzatzen den tokia.
Hemen bizitzen hasi nintzenean, ikasleekin edo auzokideekin solasean
(nik etorkinei gaztelaniaz alfabetatzeko klaseak ematen nizkien)
galiziera (1) eta arabiera gaztelania baino gehiago entzuten zirela
iruditu zitzaidan. Hau esanik, argitu behar dut, niri arabiera
iruditzen zitzaidan hori, kasu askotan, amazig (berberera) zela
edo beste batzuetan, kortesia-agurrak arabieraz egin eta gero
Afrikako woloferaz edo mandingeraz hitz egiten jarraitzen zutela.
San Frantziskoko denda, taberna eta apopilo-etxeetan barna, dozenaka
hizkuntza hitz egiten dira. Jende askok, bereziki afrikarrek,
egunero hainbat hizkuntza desberdin erabiltzen dute solas berean
edo pertsona berberaz hitz egiterakoan. Zeintzuk ote dira hizkuntzok?
Zergatik hitz egiten dute hainbeste hizkuntzatan? Eta Hego Euskal
Herrian bizi badira, euskaraz edo gaztelaniaz hitz egitea ez litzaieke
erabilgarriagoa izango? Zer gertatzen da ama-hizkuntzaz soilik
mintzatzen direnekin... Eta heldu berriekin? Auzoko pertsona askok
bizi izan ditugun egoera batzuk seinalatuko ditut, hauez eta hizkuntzei
buruzko beste arazoez, bereziki afrikar gizonezko zein emakumezkoak
eredutzat hartuta.
"Denekin hitz egin dezaket" (Lengoaia eta komunikazioa)
Tira, hasteko, beharrezkoa da atzera begiratzea, gaur auzoan bizi
den jende afrikarraren historia jakiteko (2). Zein da bere jatorrizko
errealitate linguistikoa? Afrikan, komunitate linguistiko gehienak,
hizkuntza desberdinak dituzten zenbait talde kulturaletan bizi
ohi dira elkarrekin. Ikus dezagun Aliren adibidea; auzoan duela
sei urte bizi den Gambiar merkataria dugu berau:
Bere herria, Tambassa, sarakulearra da. Tambassa herriaren aurrean,
Gambia ibaiaren bestealdean, mandinga herri bat dago. Auzokideak
dira aspalditik. Aldirietan, ibaitik urrun dagoen bailara batean,
peul abeltzainen kokaleku bat dago. Wolof merkatari asko dago
hurbilen dagoen hirian eta baita diola herrixkak ere. Elikadura
denda erakargarrienak arabiarren eskuetan daude, asko eta asko
mauritaniarrak eta marokoarrak dira. Beraien auzoetan familia
talde multzo desberdinak aurkituko dituzu: sarakule, wolof, diola,
mandinga, peul eta ehundaka errefuxiatu: Ginea Bissau, Sierra
Leona eta Afrikako beste herri batzuetatik etorritakoak.
Aliren hizkuntzak, bere auzokide afrikar gehienen hizkuntzak bezala,
ez dauka idazkera propiorik. Tambassan eta beste herrietan Korana
irakasten duten eskolak daude, non Alik arabieraz idazten ikasi
baitzuen. Honela, hizkuntzen arteko fonemak desberdinak izan arren,
arabieraz idatziz komunika daiteke beste herriekin. Hirian eskola
pribatuetan zein publikoetan ingelesa irakasten da. Alik ingelesa
ez zuen hirian ikasi, bere herriko osasun-etxe batean lan egiten
zuen emakume aleman batekin baizik.
Tambassa bezalako herrietan, txikitatik hizkuntza desberdinetako
anaiak diren herriekin komunikatzen ikasi behar dute, arazo linguistikoei
irtenbidea aurkitu, negoziatu eta akordioetara heltzeko ( Ikus
Maruny, 2001).
Horretan bizitza doakie: inguruan jazotzen denari buruzko informazioa
lortu ahal izatea, produktuak merkataratu eta trukatzeko ahalmena
izatea, bidaiatu ahal izatea, beraien familiengandik edo taldetik
urruti daudenean abegi ona egin diezaieten, etab.
Afrikan dagoen hizkuntz-aniztasunari erreparatzeko, munduko hizkuntzen
%30a, gutxi gorabehera, kontinente honetan dagoela esango dugu.
Hizkuntz-aniztasun handiena Afrikan dago eta honi zera ere erantsi
behar diogu: gizakiaren dibertsitate genetiko handiena tarte horretan
dagoela. Adibidez, Kamerunen, 12 milioi biztanle eta 270 hizkuntza
daude; Nigeriak 450 hizkuntza dauzka (hau diogunean, hizkuntza
desberdinei buruz ari gara, hots, hizkuntza bateko hiztunek beste
batekoekin hitz egiten badute, ez dutela elkar ulertzen) (Bernardez,
E.,1999: 23, 68-69).
Orduan, zeintzuk hizkuntza hitz egin ditzake Alik? Irakur dezagun
arretaz bere diskurtsoa:
"Con unas personas habla inglés. Con otra habla
uskera o castiano. Con los marruecos habla árabe. La lengua
que hablan los marruecos es un poco diferente que yo sabe, pero
tendemos bien. Yo está un tiempo en Marruecos y habla un
poco lengua de ellos. Otras lenguas sabe. Sabe francés
y sabe wolof. Mucho tiempo está con senegalés...
y ya voy prender. Y puede hablar mandinga. Mandinga lengua comercial
Africa del Oeste. Yo sabe otras lenguas de me país, otras...
pero ésas no puede hablar aquí...
Yo vivo en Lendaran un año. Allí prende uskera ¡Oso
herri polita da! Es un pueblo muy bonito. Luego viene a Bilbao.
En Lendaran vas escuela de vasco. Aquí en Bilbao vamos
clases de castellano.Yo quiere practicar uskera, difícil
habla aquí uskera ¡muchos veces no tienden! En este
país hablas poco lengua vasca, pero si tu país no
habla lengua vasca ¿qué tu pais? ¿Tú
sabes? yo siempre gusta conocer más... y pregunta parablas
para tender más. Yo habla una lengua, otra lengua... y
así puede tender todos. Bismillahi´ rahmani´
rahim ¿tú sabes qué dice? Dice, en el nombre
de Dios, Dios grande. Dios da feliz, da bueno y da malo a personas.
¿Sabes qué yo dice? Así decimos nosotros
en nuestra lengua, lengua árabe, lengua musulmán.
Bueno... Mucha cosa habla... ¿eh? mí gusta mucha
parablar ¡Hasta mañana!.. ¡bihar arte!"
(Aliren diskurtsoa irakurtzea apur bat neketsua izan daiteke,
baina bera ulertzeko interesa dugunez, beharrezko den eroapena
izango dugu).
Afrikako gizonezko eta emakumezkoek euskaraz hitz egitea oraingoz
oso arrunta ez bada ere, Alik dakien moduan, eskuarki, badira
gai lau, bost edo hizkuntza gehiagotan elkar ulertzeko. Hala ere,
jende askok uste du "beltzek ez dakitela hitz egiten"
edota "ez dutela ezer ulertzen". Horregatik, afrikarrek
ergelkeria asko entzun behar izaten dute, seguraski hizkuntza
bat edo bi baino ez dakitenen ahotik. Honela, honako hau gertatu
zitzaion Aliri: bera bizi den kalean poliziak sarritan egindako
sarekada batean zegoen eta bere auzokide bat honela mintzatu zitzaien
leihotik ertzainei: "¡Aizu, hori, ere, beltz hori ere
hartu behar duzu, oso beltz txarra da eta...!" (3) Eta berak
barre-algara artean gogoratzen du Irungo taberna batean gertatu
zitzaiona:
"Taberna batera sartu nintzen eta gizon bati honela esan
nion: "Oye, cómprame algo...". Berak erantzun
zidan: "Ici on ne parle pas espagnol, ce n'est pas l'Espagne!"
Nik honela esan nion frantsesez:"Tu n'aimes pas ce que je
vends...?" Baina berak euskarara aldatuz esan zidan: "Euskal
Herrian gaude!" Yo sigue diciendo: "Ona, polita, merke
merkea..." Eta orduan erantzun zidan:"¡Cabrón!
¿también sabes euskera?" (Diaz, B.,1997: 146).
Kontuak kontu, hau da errealitatea: jendea egunean zehar zenbait
hizkuntza desberdinetan moldatu behar dela, eta lortzen duela;
hori bai, beti ere egoeraren eta ulertu behar den pertsonaren
arabera. Ikus dezagun nola moldatzen den Momudu, Senegalgo wolof
herrikoa eta duela lau urte auzoan bizi eta saltzaile-ibiltari
lanean diharduena:
Esnatu bezain laster, Momodu arabieraz otoitz egiten hasten da
(Koranaren hizkuntza). Kalera irteteko janzten eta orrazten den
bitartean, bere pisuko kideekin solasean dabil woloferaz, bere
ama-hizkuntza. Beheko tabernan kafea eskatzen duenean, gaztelaniaz
mintzatzen zaio tabernariari. Merkatutxoan, gaztelaniaz hitz egiten
du eta batzuetan hitz solteak botatzen ditu euskaraz, bezeroen
arabera. Beste marokoar eta aljeriar saltzaileekin, frantses eta
arabieraren arteko nahaste bat darabil (4); gaztelaniaz erraztasunez
mintzatzen ez diren afrikar bezeroekin ere frantsesez hitz egiten
du. (5)
Eguerdian, Momoduk bere etxeko lagunekin arroza eta arraina partekatzen
ditu eta telediarioko berriak, gaztelaniaz direnak, woloferaz
komentatzen ditu. Bostak aldera, otoitz egiten du berriz arabieraz.
Salgaiak bilatzera eta auzoko beste merkatari batzuekin hitz egitera
kalera jaisten denean wolof, frantsesez, arabieraz edo gaztelaniaz
mintzatzen da, bere lagunak uler dezakeen hizkuntzaren arabera.
Hizkuntza desberdinetako merkatariak elkartzen badira (adibidez,
marokoarrak, senegaldarrak eta ijitoak ), euren arteko hizkuntza
gaztelania izango da. Futbol partida bat badago, tabernan geldituko
da eta partidaren gorabeherak telebista-katearen arabera gaztelaniaz
edo euskaraz entzungo ditu.
Lipar bakoitzean eta solaskide bakoitzarekin, zein hizkuntzatan
hitz egin nahi den erabakitzea, norberak duen iritziaren araberakoa
eta pertsonala da. Eritreako Samuel:
Samuel, telefonoz bere sendiarekin tigriñeraz mintzatzen
da eta baita Bilbon duen herrikide bakarrarekin ere. Bere Senegalgo
lagunekin, zeintzuk lankideak eta auzokideak baitira, woloferaz
hitz egiten du. Eurekin pisu berean bi urtez bizitzen ikasi zuen
goian aipatutako hizkuntza. Batzuetan, komunikatibo ez dagoenean
eta senegaldarrekin aurkitzen bada, gaztelanieraz hitz egitea
hobesten du.
Italieraz eta ingelesez ere mintzatzen da (Eritreako hizkuntza
kolonialak) europar batzuekin eta, batzuetan, Magrebekoekin arabieraz
ari da. Sudanen errefuxiatua izan zenean, itsasontzi batean polizoi
sartu eta Mediterraneoa, Itsaso Gorria eta Arabiako itsasoak zeharkatuz
arabiera ikasi zuen. Marokoar baten dendan, jabea bere herrikide
batzuekin beltzei buruz isekaz mintzatzen denean eta mespretxuzko
iruzkinak entzuten dituenean alde batera begiratzen du eta irri
alaia ateratzen zaio Samueli. Gaur ez du inorekin borrokatu nahi.
Bigarren aldiz dakusagu egoera bat non hizkuntza aitzakiatzat
hartuta, pertsona bat iraintzen den. Euskal auzokide bat Aliz
mintzatzen da, marokoar batzuk Samueli buruz mintzatzen dira...
Eta hori edozein tokitako jendearen artean gertatzen dela egiaztatzeko,
afrikarrek zuriei buruz egindako iruzkinak honela bukatzen ere
ikusi izan ditut: "Kontuz, honek ulertzen du eta..."
Begirunea, konfiantza edota diskrezioa dira, besteak beste erabili
nahi den hizkuntzaren hautaketan dauden irizpideetako batzuk.
Agian, norberaren hizkuntza ez dena edo erraztasunez hitz egiten
ez den hizkuntza bat aukeratzen da talde osoak uler dezan (herrikideak
izan arren, Momoduk egiten duen moduan). Sentimendu bat komunikatu
nahi denean, ahal izanez gero, norberaren hizkuntza aukeratuko
da.
Irizpide nagusia edo garrantzitsuena diskrezioa mantentzea bada,
gutxien ezagutzen den hizkuntza aukeratzen da. Hau bereziki arrunta
da inmoral edo ilegaltzat dauzkagun lanetan: droga ez-legezkoen
salmenta, prostituzioa edo pertsonen, trafikoa besteak beste.
Afrikar askok sarbidea daukate lan hauetara (eta beste batzuetara
ere bai) herrikideen sareen bitartez; beraz, hizkuntza berean
hitz egiten dute.(6) Lan mota hauetan euren artean hitz egiteko,
negoziatzeko, akordioak egiteko, gaztigatzeko edo mezuak uzteko,
euren artean arrunta den hizkuntza erabiltzen dute (poliziarentzat
eta baita inguruko jendearentzat ere ezezaguna dena). Honi erantzun
nahian, poliziak akademia pribatuetan ikasten ditu hizkuntza horiek
(frantsesa, arabiera) eta Afrikako hizkuntzen itzultzaileak bilatzen
ditu beraien jarduerak jarraitzeko.
Eta zer gertatzen da Afrikako etorkinen seme-alabekin, "bigarren
belaunaldia" delakoarekin? Bilbon jaiotako edo hezitako afrikarren
seme-alaba gutxi daude oraindik. Egoera desberdinak daude; beste
faktore batzuen artean, amaren eta aitaren egoera pertsonalen
eta aukeren araberakoa da egoera hori eta baita, tokiko kulturarekiko
harremanaren eta hezkuntza-sistemaren araberakoa ere. Ikus ditzagun
kasu batzuk:
Filipek zazpi urte dauzka eta Portugalen jaio zen. Bere ama angolarra
da eta portugaleraz mintzatzen zaio; aita, ostera, Cabo Verdekoa,
eta Cabo Verdeko kreoleraz (7) hitz egiten du Filiperekin. Aitak
portugalerarekin baino gaztelaniarekin antza handiago daukan hizkuntza
batean hitz egiten dio. Eskolan, Josek euskaraz hitz egiten du.
Auzoan, bere ezagunek gaztelaniaz, portugaleraz edo galizieraz
hitz egiten diote eta berak gaztelaniaz erantzuten die. Arratsaldez
Plaza Berrira doanean, eskolako ia lagun guztiekin eta horien
sendiekin euskaraz hitz egiten du.
Alhagi, hamar urtekoa, Bilbon jaio zen. Senegaldarrak diren bere
gurasoekin woloferaz hitz egiten du. Eskolan gaztelaniaz hitz
egiten du. Bere aitaren dendara doazen afrikarrekin frantsesez
mintzatzen da wolofera edo gaztelania ez badarabilte. Zerbait
badaki arabieraz, bere gurasoek erlijio musulmanean hezi dutelako,
badaki euskara pixka bat ere. Alhagi, batzuetan beste senegaldar
batzuentzat itzultzaile bihurtzen da, gaztelaniatik wolofera,
hain zuzen ere. Bere anaia txikiarekin, Bilbon jaioa hura ere,
batzuetan gaztelaniaz eta beste batzuetan woloferaz hitz egiten
du, egoeraren eta aurrean dauden lagunen arabera.
Hamahiru urteko Jaime ere, Bilbon jaio zen. Bere ama kamerundarra
da eta beti hitz egin dio gaztelaniaz; hori dela eta, Jaimek ez
ditu ikasi amak dakizkien beste hizkuntzak (ingelesa eta frantsesa).
Barnetegi batean ari da estudiatzen eta gaztelaniaz hitz egiten
du. Bere osaba bisitatzera etorri zitzaionean, ingelesez esaten
zuen esaldi bakoitza itzuli behar izan zuen bere amak. Bere amak
argi dauka bere semeak egunen batean hainbeste erakartzen duen
Afrika misteriotsu hori ezagutzen badu, itzultzaileak beharko
dituela bere senideekin, lehengusinak eta amona barne, edota bertako
biztanleekin ulertzeko.
Herrien eta kulturen arteko komunikazioaz hitz egiten dugunean,
oroit dezagun, komunikazio horretarako hizkuntza mintzatuez gain
baditugula beste tresna batzuk: imintzio edo keinuen hizkuntza
dela "nazioartekoa", zeinekin ulertzen baitugu elkar,
afrikar askok dioten bezala. Honela ulertzen nuen Awa, amazig
atsoa, Kabilia mendietatik (Aljeria) begi ebaketa bat egitera
etorri zenean:
Berari oso gustatzen zaionez hitz egitea eta ez dugunez hizkuntza
bat konpartitzen, imintzioekin azaltzen zidan bere herrian ez
zegoela inoiz bakarrik: "Han ezin egon daiteke norbera bakarrik",
esaten zidan atzamarrarekin, "han beti gaude taldean; ez
dut gehiago estai honetan bakarrik egon nahi nire alaba eta ilobengandik
urrun, ezin hitz eginez... Horrela egoteko hobe hilda egotea",
esaten zidan eskuekin.
Herrien artean badira gutxi gorabehera arruntak diren keinuak
edo imintzioak (elkar ulertzeko balio dutenak), eta beste batzuk
kultura bakoitzari dagozkionak. Auzoko eguneroko bizitzan keinu
batzuk arruntak dira. Beraz, diosalak egiteko edo agurtzeko orduan,
batzuek ez dute musurik ematen, beste batzuek bi edo hiru zein
lau ematen dituzte; arabiar musulman askok (8) lagunari bostekoa
eman baino lehenago, eskumako eskua bihotz ondoan jartzen dute
(bihotz-bihotzeko agurra dela adierazteko).
"Nire hizkuntza barnean daramat" ( Hizkuntza eta
identitatea )
Bilbon bizi diren afrikarrak nazio eta herri desberdinetatik datoz.
Beraz, hizkuntza desberdinetan mintzatzen dira. Agian pertsona
batzuek, behin herritik irten ondoren, ezin dute beraien ama-hizkuntzan
hitz egin, baina gehienek bai; Bilbora heldu eta denboraldi batez
geratzea erabakitzen badu bere herrikideekin edo hizkuntza aldetik
anaiak direnekin topo egingo du. Horrek, heldu den gizartearen
erakunde zein administrazio sarean moldatzeko balioko dio. Kontaktu
horiek migrazioaren arrakasta bermatzen dute, eta aldi berean
kultura bakoitzean inplizitu dauden norberaren nortasuna, integritatea
eta duintasuna mantentzen laguntzen dute. Amin Maalouf-ek dioenez,
"(...) hizkuntzak miresgarri den berezitasun bat dauka,
identitate faktorea eta komunikatzeko tresna dela aldi berean."
(Maalouf, A.,1999: 159).
Idir duela zazpi urte Bilbora etorritako gazte aljeriarra da eta
lagun euskaldun asko ditu, nahiz eta hurbileko adiskideak ez izan;
amazig hitz egiten duen bere herriko jendearekin harremanak izateak
zer suposatzen dion azalduko digu:
"Gure artean dagoen konfiantza anaien artekoa bezalakoa
da, gai guztietarako konfiantza duzu, ez dakit nola esan... Beraiekin
hitz egin dezaket eta txantxetan aritu, arinkeriaz hitz egin edozein
gairi buruz... Eta gainera amazig hizkuntzaz egin, hau da, nire
ama-hizkuntzan. Nahi dutenean datoz, kafe bana edan... Eta elkarri
laguntzen diogu gauza txikietan. Kudeaketak bizitokiarekin, errolda,
IMI paperak... Batek osasun problema bat zeukanez lagundu genion,
itzultzailearena egin eta medikuak bera hartzea lortu genuen...
Gauza txikiak dira baina ondo sentiarazten naute, ondo sentitzen
naiz" ( B. Diazek moldatua, 1999: 98).
Momodu bere wolof herrikideekin bizi dela ikusi dugu, eurekin
bazkaldu eta lan egiten du. Afrikar asko antzera bizi dira. Bilbok
iragan-hiri soila izateari uzten dion heinean eta bizitoki bihurtzen
den neurrian, etorkin askorentzat errazago da bere hizkuntzan
mintzatzen den batekin aurkitzea. San Frantzisko auzoan, Ekuatore-Gineako
Elvirak taberna bat dauka eta hurrengo hau egiaztatzen du:
"Begira, nire tabernatik jende asko igarotzen da. Nire
taberna Afrika bezalakoa da. Hemendik, nik ezagutzen ez nuen herrietako
jendea igaro izan da...! Etortzen dira eta diotsute: "Ni
ibo naiz". Eta ibo bat bilatzen duzu. Badator bestea eta
elkarrekin doaz. Ez diozu ezer galdetzen, zeren... Zertarako?
Heltzen da beste bat: "Ni yoruba naiz" ea nork ezagutzen
duen yorubaren bat. Zeren denek ez dakite ingelesa edo frantsesa!
Bere tribukoa den bat bilatu behar da elkar ulertzeko, azal diezaion..."
Alik, auzora heldu zenean, hizkuntza mailako bere anaia-kiderik
ez zuen aurkitzen, eta hori berarentzat hutsune nabarmena zen.
Berak honela azaltzen zuen:
"Yo sabe otras lenguas de me país, sarakule...
pero esas no puede hablar aquí... Yo sólo me país
aquí. Nadie más aquí, sólo yo. Claro,
en otras ciudades hay mucha gambia. Zaragoza, Catalonia... allí
mucho me país, pero aquí sólo yo. Yo aquí
tiene amigos, tiene trabajo... pero claro, no puedes hablar sarakule.
A veces... cuando tiene un poco dinero vas Catalonia y puede hablar
con gambias. Aquí puede hablar con toda personas, pero
claro, no es lo mismo... ¿tiendes? me lengua nos es igual.
Yo está mucho tiempo no habla me lengua, pero un dia nesito
hablar me lengua. Ese tiene dentro, cuando habla me lengua, no
importa persona conoce poco mucho... es diferente, es mejor."
Ama-hizkuntza, haurtzaroko hizkuntza, jatorrizko lurrarena, askorentzat
ametsetako hizkuntza, hain harreman estua daukana norberaren identitateaz,
sarri harreman batean konfiantza sinboloa da. Horregatik Idirrek
korapilatsuak diren arazoetan laguntzen die bere herrikidei: nahikoa
zaio bere lurraldekoak direla eta hizkuntza berean hitz egiten
dutela jakitea; eta Alik azpimarratzen du bere solaskidea ezezaguna
bada ere sarakuleraz hitz egiten badu ez zaiola inporta.
Dembaren egoerak, San Frantzisko auzoan duela urtebete bizi den
marinel gaztea berau, bere hizkuntzarekin identifikatzeak eta
bere hizkuntza-kideei laguntza emateak daukaten esangurari buruzko
hurbilagoko ideia bat ematen digu:
Dembak beste gazte senegaldar batzuekin partekatzen du pisua.
Berak bezala ia denek itsasoan lan egiten dute. Bere pisu-kide
gehienak serere dira, nahiz eta diola, peul eta mandingak ere
badauden. Dembari dagokionez, bere aita peul da eta bere ama bambara
eta bera bambara sentitzen da. Etxean, taldean hitz eginez gero
edo tribu desberdinetako jendea egonez gero, woloferaz mintzatzen
dira. Egia esan inor ez da wolof, baina Senegalgo hizkuntzarik
hedatuena da hau, eta denek hitz egiten dute zorionez edo zoritxarrez.
Dembak wolof apur bat daki, Senegalen bizi izan zelako urte batzuk;
etxean, woloferaz ateratzen ez zaionean hitz bat, frantsesetik
hartzen du eta azken baliabidea gazteleratik hartzea da.
Pisuan, bere lagunik handiena Ibra da. Ibra Senegalgoa da, baina
bere gurasoak Malikoak dira. Bere hizkuntza mandinga da eta bambararen
antzekoa da. Dembak ez daki mandingeraz hitz egiten baina uler
dezake eta gauza bera gertatzen zaio Ibrari bambarekin. Dembak
Irlanda ondoan ontzietan lan eginez, ingeles apur bat ikasi zuen.
Orain marinel euskaldunekin, eta beste batzuetan senegaldarrekin,
lan egiten du. Dembak ezin duenez bere ama-hizkuntzan hitz egin
pisuan, nolabaiteko tentsioaz bizi du egoera hau. Astia duen egunetan
beste auzo batean bizi den bere herrikide bambara bisitatzera
joaten da.
Duela gutxi Baba heldu zen, bambaraz hitz egiten duen Maliko mutil
bat. Baba Zaragozatik heldu zen itsasoan lan egiteko kontua entzun
zuelako. San Frantziskora heldu zenean, Alirengana bidali zuten
bere hizkuntzan mintzatzen zelako eta honek Dembaren eskuetan
jarri zuen. Dembaren etxean logelak eta oheak ez daude soberan,
ez dago ezta lastaira bat pertsonako ere; ez dira lagunak ezta
ezagunak ere, baina aurkeztu zuten arratsalde berean bere etxera
eraman zuen: "Nire hizkuntza berean mintzatzen da eta";
bistakoa dena esan zidan. Bestalde, etxean inork ez zion azalpenik
eskatu, horrelako kasu batean denek egingo baitzuten gauza bera.
Ordutik hona Baba ez dago bakarrik. Demba, orain, bere anaia nagusia,
laguna eta aholkularia da. Itsasoan lan egiteko eman behar diren
urrats guztiak azaldu dizkio; auzoko tokiak eta ibilbideak erakutsi
dizkio, eta baita tabernak, dendak eta telefono-mintzategiak ere
(9); Bilboko beltzak doazen diskoteketara eraman du, neskak ezagutu
ahal ditzan; esan dio zein pertsonengan izan dezakeen konfiantza.
Ez da mementurik egon etsipenerako: Bilbora heldu zenetik ez da
bazterturik sentitu nahiz eta hiri hau berarentzat kontinente
arrotz batean dagoen hiri bat gehiago izan. Berarentzat jendeak
hitz egin, pentsatu, bizi, jan eta otoiz hain modu ezezagunez
egiten duen hiria! Babak Dembarengan konfiatzen du, bere hizkuntzan
mintzatzen baita, eta Demba bere anaia nagusia delako.
Beraz, herrikide eta hizkuntz-anaia izatea ez dira gauza bera.
Bere herriko jende askok ez du bere hizkuntza ofiziala ezagutzen,
beharbada bertatik irten baino lehenago ez duelako bidaiatu bere
herrian zehar, edo ez zelako eskolara joan, edo bestela beste
hizkuntza batean estudiatu zuelako. Hau, Sahara-azpiko herrialdeetan
nahiko arrunta da; herrialde horiek hedaduraz handiak dira, oraindik
tribuetan eta klanetan antolaturik daude, lur-komunikabide gutxirekin
(trena
). Orduan, leku bereko jendeak bere lurraldekideekin
ulertzea beharrezkoa duen arren, batzuetan komunikatzeko oztopoak
dituzte. Hong Kong-eko Minek honela azaltzen zidan:
"Egun batean Txinako neska lagun batekin eta bere amarekin
geratu nintzen bazkaltzeko... Bere ama nire laguna ikustera etorri
zen. Tira, bere ama heldu berria zenez, ni ahalegintzen nintzen
Bilboko gauzak azaltzen, Txinako jendearen bizitza Bilbon...Orduan,
nire lagunak solasa eten zidan: "Min, nire amak ez du ulertzen..."
Jakina bada, ni ez nintzen ohartu, guk elkar ulertzen dugu Txinako
mandarineraz baina Txinan ehundaka hizkuntza daude eta denek ez
dakite mandarin hizkuntza, nahiz eta hizkuntza nazionala izan,
eta bere ama adintsua zenez... Beraz, nire lagunak itzuli behar
izan zuen dena.
Beste egun batean, antzinako lagun batekin egin nuen topo, Mongoliako
mutil batekin, oso atsegina. Eta horrekin hitz egiteko aukera
daukat, nahiz eta gure hizkuntzak desberdinak izan, Txinako mandarineraz
elkar ulertzen baitugu."
"Itzuli, azaldu, laguntzen dizu..." (Hizkuntza eta
laguntza)
Berez hizkuntza ezezaguna den giro batean hizkuntza hori pertsona
batekin hitz egitea, laguntza era askotako abiapuntu izaten da.
Tokian tokiko hizkuntza ezagutzen ez denean, egoera desberdinetan
itzultzaile lana egin behar duen figura sortzen da (pertsona hori
ez da nahitaez hizkuntza-kidea izan behar): esate baterako, salaketa
jarri epaitegi batean, medikuaren kontsulta batera joan, bai neska
bati bai mutil bati gustuko duzula esan, kontsulatuarekin hitz
egin nahi...
Ibrimak, mintzatoki baten jabe senegaldarrak, 1998ko bukaeran
Ginea Bissauko gazteak mintzatokira etortzen zirenekoa gogoratzen
du:
"Nik kontsuetxeko telefonoa ematen nien... Eta azkenean
Dakarko enbaxadarekin komunikazioa lortzen zutenean dardarka hasten
ziren. Hitz batzuk entzun ondoren aurikularra pasatzen zidaten.
Nik arduradunarekin frantsesez hitz egiten nuen eta gero mutilarekin
gaztelaniaz: "Esaidazu nola deitzen den zure ama, zerrendak
egiaztatuko ditu eta... Bai, antza denez, bada norbait izen horrekin
errefuxiatuen artean". Eta gero arduradunari: "Mutilak
jakin nahi du ea amarekin hitz egin ahalko duen". "Esan
dute bihar berriro deitzeko, inshala, gaztigatuko diotela... Ondo
dagoela dio. Dena ondo, dena ondo, alhamdolila, lasai, dena ondo..."
Mutilek, urduri, beraien arrebez, beraien neskalagunez galdetzen
zuten... Dirua bidali nahi zieten. Nik lasaitzen nituen: "Dena
ondo, dena ondo, alhamdolila". Askotan komunikazioa mozten
zen. Hurrengo egunean saiatu behar izaten genuen..."
Batzuetan behar izaten dena ez da itzulpena, baizik eta telefonoaren
bestealdean hitz egiten duenaren azal beltzaren ahotsa ezkutatzea
baizik. Ainhoak ere mintzatokian lan egiten du eta honako hau
azaldu digu:
"Batzuek zenbait dei egiten dituzte eta gero zera diotsute:
"Aizu begira, egidazu fabore bat, zuk badakizu...".
"Baina beraiek pentsatzen dute... Zuk badakizu... Hitz egiten
entzuten didate eta... Alokaturik dago jadanik. "Hitz egin
zuk mesedez". Beste neska batzuek, lana bilatzen dabiltzanak,
gauza bera egiten dute... Edo bere enbaxadarekin hitz egin nahi
dute eta orduan ere historia berbera da: "Hitz egin zuk,
galde iezaiezu... Hiru aldiz bidali dut faxa eta ez didate jaramonik
egiten, afrikarra naizela dakitenez..."
Epai kontuetan, beharrezkoa den itzulpena ez dute beti bermatzen.
Estatuari Afrikako hizkuntzen itzultzaileak kontratatzea gehiago
interesatzen zaio epaiketetarako eta epailearen aurrean deklaratzeko,(10)
atxiloketetako beste egoeretan baino, non zinezko borondaterik
ez dagoen atxilotutako pertsonak itzulpena izan dezan. Modu honetan,
gaztelania ulertzen ez duten pertsonak defentsa gabe geratzen
dira epailearen aurrean.
Egoera hauetan, beste guztietan bezala, erabaki pertsonalak bere
espazioa dauka: badira gaztelania jakin eta ez dutela ulertzen
diotenak eta alderantziz, bakoitza bere interesari begira. Eta
batzuen jokuaren aitzakiaz guztiak berdin epaitzen dira.
Marta Urzelaik, Punto Más Traducción y Servicios
itzulpen zerbitzukoak, afrikar hizkuntzetan interprete eta itzultzaileen
eskaera haziz doala dio; baina zinpeko jaiotze-egiaztagiriak eta
antzeko itzulpenak egiten direnean beren bizitokiko edo lan-egiaztagirien
baimenak gauzatzeko, edo legezko egiteko, hauek, jatorrizko kolonien
hizkuntzatan datoz (frantsesez eta ingelesez). Eta Traductenia-koa
den Jose Mugikak dio Sahara-azpiko herri arabiarrekin tratuak
edo merkataritza-harremanak egiten dituzten enpresek, kontratuak
eta negozazioak ingelesez eta frantsesez burutzen dituztela, ez
dituztela hizkuntza afrikarretan egiten. Egin izan dira arabieraz,
nahiz eta eskuarki salerosketak Magreb edo Egiptorekin ez diren
egiten, Pertsiar Golkoko herrialdeekin baizik (komunikazio pertsonalak,
2001eko apirila).
Itzultzaile lanean, batez ere itzultzaileak bere herrikideekin
lan egin behar duenean, arazo profesionalak etika pertsonalarekin
nahasten dira. Mohak, arabiera itzultzaile lan egiten duen marokoarrak,
zera oroitzen du:
"Egun batean itzulpen bat egiteko deitu zidaten, eta Bilbora
duela gutxi heldu zen mutil bati laguntzeko zen. Saltzaile-ibiltari
gisa lan egiten du eta poliziak polizia-etxera eraman zuen, antza
denez, bizitokirik ez zuelako. Mutilak ez zuen ezer ulertzen,
gainera beldur zen eta oso urduri zegoen kanporatuko zutelakoan.
Deklarazioa hartu zioten, galdetu zioten ea zein ogibide zeukan
eta ez zekien erantzuten... Galdetu zioten ea non zegoen lo egiten
eta ez zekien zer esan... Nik orduan gure hizkuntzan esan nion:
"Tira gizona, hitz egin apur bat, esan edozer...Zuk erantzun
eta ez zaitez kezkatu, nik lagunduko dizut eta...". Zer egingo
dut bada? Nik lagundu behar nion...!
Beste egun batean, bat paper barik harrapatu zuten eta palestinarra
zela esan zuen, zeren herri batzuetakoak ez dituzte kanporatzen.
Badakizu zer diotsudan? Bakoitzak ahal duen moduan konpontzen
duela bere arazoa, nor geratuko da zelan kanporatzen duten begira
lehenago edozer saiatu gabe?... Eta deklarazioa hartzen zioten
bitartean, nik esaten nion: "Aizu, nik badakit ez zarela
palestinarra, baina lasai, ez diet ezer esango eta". (B.
Diazek moldatua.,1999: 43)
Afrikako hizkuntza batetik Europako beste hizkuntza baterako itzulpen
prozesua bereziki delikatua da, zeren eta hizkuntza biren arteko
itzulpena ez da hitz soilen translazioa egitea, baizik eta hitz
horien translazioa kontzeptuekin lotuta joatea. Elkarrizketa bat
itzultzeko, kasu honetan Europako hizkuntza batetik Afrikako hizkuntza
batera, berau ulergarri egingo duten xehetasun guztiak sartzea
beharrezkoa da; afrikar unibertso horretan existitzen ez den ideia
orori, entzulea zergatia bilatzen arituko delako, hain zuzen.
Itzulpenetan hurbileko adibide konkretuek ez dute ekarpenik egiten,
edo itzultzaileak erreferentzia egiten die beste hizkuntzak ez
dauzkan baloreei (edo alderantziz), edo ulertutzat ematen dira
ezagutzen ez diren gaiak... Beharbada horregatik barregarria den
egoera jazo ohi da: gaztelaniaz esaldi laburra dena, afrikar hizkuntza
batera itzultzen denean amaigabea bihurtzen da; edo Begoñak
bizi izan zuen beste egoera hau:
"Ikasleei nire irakaskuntza-metodoa zein den azaldu nahi
nien eta ez zutela ulertu ikusi nuen, ez zietela nire iradokizunei
jarraitzen...Orduan esan nion nire buruari: "Hau azalduko
dien norbait ekarriko dut". Eta magrebiar edo afrikar musulmanak
direnez, arabiera ondo dakien afrikar lagun bat bilatu nuen gaztelania-itzultzailearena
egiteko. "Azal iezaiezu haien artean elkarri laguntzea nahi
dudala, eta akatsak elkarri zuzentzea ona dela eta, beraz, kopiatzeak
edo elkarri esateak ez duela ezertarako balio...". Eta berak
azaldu zuen. Eurek erantzun zuten eta berak itzuli zidan: "Hizpidean
zaudela diote, elkarri begirunea behar diotela izan beti, irakaslea
dela agintzen duena, berriz ez dizutela errespetua faltako...".
Saiatu nintzen ordu erdiz, nire pazientzia agortu arte.
Bestetik, txiroei laguntzea bere helburuen artean ez daukan sare
instituzional batean murgiltzea ez da erraza, are gehiago txiroa
izatetik aparte bestelako agiririk ez baduzu. Mansourrek, gizarte-jantoki
bateko txartela jasotzen zuenak, batzuetan sarbidea ez zeukaten
bere herrikideei laguntzen zien:
"Gizarte-jantokirako txartela... Zuk eska dezakezu eta
gero eskatu ezin duen lagun bati ematen diozu... Zuk ondo hitz
egiten baduzu gaztelaniaz, errazago lor dezakezu laguntza. Azal
dezakezu: "Ni txiroa naiz, ez dut etxerik, ez daukat non
jan, goseak amorraturik nago...". Eta ematen dizute laguntza.
Baina ondo hitz egiten ez baduzu, ezin duzu hori esan. Haiek ez
dute ulertzen, ez dira fidatzen eta agian ez dizute laguntzen."
(Diazek moldatua, 1999: 69)
Eta Taharrek, bere herrikide bati udal-ostatuan eskaintzen ziotena
baino gehiago ematea pentsatu zuen:
"Marokoko mutil bat heldu zen, Almeriatik zetorren. Ez
zeukan non lo egin, ez zeukan dirurik... Hitz egin genuen ostatuko
gizarte-laguntzailearekin, gau bat eman zezakeela ostatuan eta
hurrengo egunean gizarte-laguntzailearekin hitz egin beharko zuela.
Han ez dute janaririk ematen, non afalduko zuen? Ez zekien tutik
gaztelaniaz, ezta frantsesez ere... Ez zuen Bilbo ezagutzen...
Nola helduko zen hurrengo egunean gizarte-laguntzailearengana?
Hobe nire etxera eramatea!". (Diazek moldatua 1999: 105)
Emigrazioari buruz esperientzia gehien eduki eta gaztelania hobeto
ezagutzen duen jendea, erreferentzi edo jo-puntu bihur daiteke
kudeaketa askotan. Rose, nigeriar neska gazte bat, Johnez (bere
herrikide bat) mintzatuko da:
"Bilbon nigeriar neska asko bizi gara. Batzuk zenbait
urte daramatzagu hemen, baina ez dugu gaztelania ondo ikasten.
Guk ingelesez hitz egiten dugu, eta kostatzen zaigu gaztelania
ikastea. Egun osoa ematen duzu lanean, tabernan giltzapeturik.
Tabernatik etxera eta etxetik tabernara. Denbora aurrera doa eta
kudeaketa bat egin behar dugunean paperekin, ez dakigu egiten.
Udaletxetik heltzen zaizu eskutitz bat edo epaitegitik, dokumentu
bat berriztatu behar da, bidalketa bat egin... Gutako askok John
bilatzen dugu. Berak beti laguntzen digu. Itzulpena egiten du,
azaltzen du, edozein gauza egiten laguntzen digu... Ez dio axola
gutxi edo asko ezagutzen bazaitu, beti dago laguntzeko prest."
(Diaz, B. ,1999: 122)
Eta Martak beste afrikar batzuei alokairua bilatzen laguntzen
die:
"Niri afrikar ezagun batzuek deitzen didate edo norbaitek
esan die nik...Ondo hitz egiten dudalako gaztelaniaz eta urte
asko daramadalako hemen. Zera dioste: "Lagun iezaguzu alokairu
bat aurkitzen, lagun iezaguzu pisu bat bilatzen..." Goizean
goizetik geratzen gara, beraien egoeraz hitz egiten dizute, alokairuarekin
dituzten problemak kontatzen dizkizute. Egunkaria erosten dugu,
dendetatik galdetzen dugu... Goizak ematen dituzu batetik bestera...
Eta izugarriak dira etxe-jabeek esaten dizkizuten gauza batzuk.
Batzuetan eztabaidatzen duzu eta beste batzuetan barre egiteko
gogoa ematen dizu. Gezurra dela dakizulako, beltzei alokatu nahi
ez dietenean...". (Diaz, B.,1999: 123)
Hizkuntza eta kultura ugarien elkarbizitzak auzo honetan komunikatzeko
problemak ere sortzen ditu, ezbairik gabe. Txarto ulertzeagatik
eta mesfidantzengatik sortutako gatazketan Ali (ikusi genuenez,
hizkuntza askotan mintzatzen da) beste batzuk baino hobeto moldatu
ahal da. Horregatik deitzen diote eta bera, itzulpenak egiteaz
gain, saiatzen da bitartekotza egiten. Berak kontatuko dizkigu
egoera batzuk:
"Egun batean gaztigatu zidaten. Marinaren ostatura joatea
nahi zuten, Afrikako mutil batekin arazo bat zegoelako eta mutil
horrek ni joan nendin eskatzen zuen. Heldu nintzen hara eta mutila
Marinari oihuka ari zitzaiola ikusi nuen. Nik esan nion: "Ea,
konta iezadazu zer gertatu den", eta berak ez zekien azaltzen
zer gertatu zen... Ez zuen ulertzen eta oso urduri zegoen, horregatik
ematen zuen haserre... Orduan Marinak esan zidan ez zuela pentsioa
ordaindu. Nik mandingeraz esan nion: "Entzun iezadazu, zuk
ezin diozu hitz egin horrela emakumeari. Emakumea hizpidean dago,
berak dirua eskatzen dizu, ez diozu oihuka egin behar...".
Horrela azaldu nion." (Diazek moldatua 1999: 132).
" Zeren bestela, hizkuntza galduko baitugu " (Hizkuntza
baloratu)
Hizkuntzak komunikazio tresnak dira, eta baita identitate eta
kultura faktoreak ere. Hizkuntza asko hitz egiteko aukera daukatenek,
ez dute beti aberastasun hori baloratzen. Nire auzokide bati gertatzen
zaiona, Mariri hain zuzen ere:
Berak galego azentu gogor batekin hitz egiten du gaztelaniaz.
Zailtasun handiz mugitzen den bere ama ere berarekin bizi da.
Mari haize eta eguzkitan jartzera ateratzen da (eguzkirik baldin
badago) txakurtxoarekin. Hirurak esertzen dira atari ondoan dagoen
eserlekuan. Batzuetan elkarrekin egoten gara eguzkitan. Mariren
amak hitz egiten duenean, alabak isiltzeko esaten dio:
- Zer esan du? - galdetu nion behin.
- Ezer ez, ezer ez...Ez badaki hitz egiten!
- Baina zerbait esan du...
-Bai, baina berak... Herritik datorrenez... Galizieraz hitz egiten
du... Ez daki hitz egiten!
"Zeintzuk hizkuntzatan mintzatzen zara?" Afrikako neska-mutil
ezagunei hori galdetzea gustatzen zait. Eta sarri Jannettek, nigeriar
gazte batek, erantzuten didan moduan erantzuten didate:
- Hizkuntzak? Nik ingelesa soilik
- Soilik?
- Bai...
- Baina diot zure herriko hizkuntzak...
-Bada, ingelesa da nire herriko hizkuntza, koloniako hizkuntza...
-Bai, baina zu beste hizkuntza batzuetan ere mintzatuko zara,
ez dakit...Zure amak zein hizkuntzatan hitz egiten dizu? Eta zure
herrikideekin zein hizkuntzatan mintzatzen zara?
-Helas, hara! Bai... Baina horiek dialektoak dira (11) horiek
ez dute balio... Gure tribuetako hizkuntzak dira...
-Tira, eta zeintzuk dira? Nola deitzen dira?
-Bada nik hausaraz hitz egiten dut eta baita peuleraz pixkat ere...
Eta tira, nigeriar nesken artean hitz egiten dugunean... Hori
ez da ingelesa, piyineraz hitz egiten dugu (12). Gero, nire aitak
Koran-eskolara eraman ninduen eta han arabiera pixkat ikasi nuen.
Eta frantsesez ere hitz egiten dut, hona heldu baino lehenago
Mauritanian eta Marokon egon nintzelako denbora batez.
Bestalde, auzoan hitz egiten diren afrikar hizkuntzak, hizkuntza
kolonialen hitzekin (frantses, portuges, eta ingelesez bereziki)
zipriztindurik daude. Batzuetan berezko hizkuntzan hitza bera
badago, beste batzuetan ez. Behin Senegalgo serere bati galdetu
nion:
-Nola esaten da hau zure mintzairan?- eta frantsesez esan
zidan.
-Baina hori ez da zure hizkuntza, hori ez da serere.
-Honela esaten da serereraz.
-Ez, hori frantsesa da...
-Frantsesa? Helas, egia da! Tira, itxaron pentsa dezadan... Nire
hizkuntzan esaten da...
Eta orduan herrikide bati galdetu zion: "Aizak, urlia, nola
esaten da hau?"
-Bada honela...
-Ez, ez, hori frantsesa da, berak gure hizkuntzan nahi du.
Horregatik, Serignek, wolof gazte batek, honako hau aipatu zidan:
"Nire aititak woloferaz hitz egin behar dugula dio, zeren
bestela hizkuntza galduko baitugu, eta beraz ez erabiltzeko frantses
hizkuntzako hitzik. Frantsesez hitz egiten entzuten banau haserretu
egiten da."
Eskubide Linguistikoen Jarraipen Batzordearen arabera, urtero
munduan 25 hizkuntza inguru hiltzen dira, eta munduko hizkuntzen
%80 datozen urteetan desager daitezke (El País, 2001: 42).
Baina Papa-ri, senegaldarra bera ere, serererez hitz batzuk erabiltzeko
iradokitzen diodanean, frantsesak edo wolofak bere ama-hizkuntza
jan ez dezaten, barre egiten du:
"Nire hizkuntza ez da galtzen, hor dago. Hitzak gauzak
izendatzeko daude. Nik frantsesez diot, edo wolof hizkuntzan diot,
baina serere hitza hor dago, ez da galtzen!".
"Kalean hitz egin behar duzu" (Ikasi eta erabili
gaztelania)
Afrikar eta europar hizkuntza aniztasunaren artean, Bilboko jendearekin
komunikatzeko gehien erabiltzen dena gaztelania da. (13) Ulertzea
hitz egitea baino errazagoa da, eta hobeto gure solaskideak solasean
interesa badauka. Faisal sudandarrak zera zioen bere lagun bati
buruz:
"Carlos majo, tranquilo. Carlos hablar despacio... Carlos
tiendo bien. Tiendo bien Carlos yo. Hablar despacio...Tranquilo,
gusta mi Carlos" (Diaz, B.,1997:104)
Gaztelaniaz edo euskaraz hobeto hitz egiten duena, hiztegi aberatsago
batekin, jariotasun eta konplexutasunaz joskeran, gehiago errespetatzen
dugu; batez ere, erabiltzen duen hizkuntza gure ama-hizkuntza
bada. Arazoa zerbait inkontzientea da, Begoñak (etorkinentzako
gaztelania irakasleak) aipatzen duen bezala:
"Behin baino gehiagotan gertatu zait, ikasle neska edo
mutil bat dator, ia-ia ez daki gaztelania eta ezin diot ulertu
beste hizkuntza batean. Eta ergelkeriak esaten dizkidala iruditzen
zait, solasaldiak hain murriztuak dira... Aspertu egiten zara
berarekin hitz egiten. Komentatzen dizkiozu gauzak
Berak
ez dio ezer
Ez duzu iritzirik ala? Ez duzu inoiz horretan
pentsa ala? Nik zer dakit bada! Gogoak kentzen zaizkizu... Eta
urteak igarotzean topo egiten duzu berriro...Askoz gaztelania
gehiago daki eta beste pertsona bat dirudi, argiagoa... Orain
balorazioak egiten daki, bat-batean azkarragoa dirudi".
Baina oroit dezagun hizkuntza zehatz batean adierazteko gaitasuna
eta pentsatzeko gaitasuna ez direla baliokideak (nahiz eta, zenbat
eta adierazteko baliabide gutxiago izan hizkuntza batean, orduan
eta urriagoa den hausnartzeko gaitasuna. Chiapasko atso batek,
armadak galdekatuta, honela erantzun zien:
"(...) todavía piensa un animal, piensa por dónde
pasar en el lodo para no atascarse, qué menos una persona
no va a pensar. Nomás porque las palabras no sabemos pronunciarlas
bien, por eso dicen que no sabemos nada, que no pensamos ".(Rovira,
G.,1997: 142).
Zaireko Jeanek badaki zergatik kostatzen zaion gaztelaniaz hitz
egitea:
"Yo tengo mucha cosa en la cabeza, muchos problemas. Y
mucho lengua sabes también. Por eso a veces difícil
hablar bien. Yo sé francés, porque mi país
colonia francesa. Sé lingala, que es una lengua de mi país.
Sé portugués porque vivo catorce años en
Angola, y español porque estoy aquí. Y luego mucho
piensas, muchos problemas... Entonces cuando yo hablo a veces
no hablas bien. El otro día hablo con un amigo de aquí
y le digo una palabra en lingala y no me doy cuenta y claro...
él no me entiende. Porque claro, yo con mis amigos de mi
país hablamos en lingala y luego tengo que cambiar cuando
hablo con otros...". (Diaz, B.,1997: 105).
Diskurtsoaren edukinaren arabera modu desberdin batez adierazten
duela ere kontzientea da:
"Esa cosa yo la conozco muy bien, conozco porque esa cosa
he vivido muchos años. No es una cosa que me han contado
o que leído, no. Es una cosa que yo mismo vivido, que yo
hablado con otros de mi país. Por eso cuando escribe y
cuando habla esa cosa, habla bien." (Diaz, B.,1997: 19).
Jendeak gutxi gorabehera era aktiboan ikasten du gaztelania. Honela
gogoratzen du Martak, Ekuatore-Gineakoak, duela hogei urte baino
gehiago Bilbon ezagututako nigeriar mutil bat:
"Mutil hori bakarrik zegoenez, etxera etortzen zen. Etxera
baldin badator, platera bete janari ematen diozu, eskaintzen diozu...
Hitz egiten diozu, eta berak familiakoa bazina bezala hartzen
zaitu, ez duelako inor... Gehien oroitzen dudana, gaztelania ikasteko
haren gogo bizia zen. Kaletik zihoan eta ezin zuenean gaztelaniaz
erantzun, ez zitzaion gustatzen. Beti zeraman sakelean hiztegiño
bat eta dena memorizatzen zuen. Etxera ere hiztegiñoaz
zetorren, eta mintzatzen zenean "zapato zapata..." "cuaderno
cuaderna..." zioen. Horregatik deitzen genion Zapato Zapata!"
(Diazek moldatua 1999:55).
Aishak, Marokokoak, azaltzen digu:
"Zuk hitz egiten ikasi nahi baduzu, kalean jendearekin
hitz egin behar duzu, hori da egin behar duzuna. Horrela ikasi
nuen nik, horrela hitz egiten da espainieraz. Eskolan ez da ikasten
hitz egiten. Ni eskolara nator idazten ikasteko baina hitz egiten
lanean ikasi dut
Eta kalean. Beste aukerarik ez daukazunean,
orduan ikasten duzu. Zu etor zaitezke eskolara aste batzuk, hilabete
batzuk, urte bete. Baina berdin dio, denbora horretan ez duzu
ezer ikasten, ordu asko sartu behar duzu praktikatzen. Eta onena
kalea edo lana da." (Diaz, B.,1997: 101).
Eta Sergiok, salmenta ibiltarian dabilen Senegalgo batek, hau
esan zidan:
"Para vender la calle no hace falta hablar castellano.
Es mejor si no sabes. Mucho mejor, porque la gente compra más.
Piensan que no tiendes y que te pueden gañar, y compran
más. Pero no gaña la gente, no. No nesitas castellano,
sólo la calculadora. Haces la cuenta, cobras y ya está."
(Diaz, B., 1997: 100).
Aishak klubetan lan eginez ikasi zuen gaztelera. Sergiok, ordea,
kaleetatik eta Bizkaiko tabernetan salduz ikasi zuen. Lanean ondo
moldatzeko eta dirua irabazteko premiak motibaturik zeuden. Aisha
eta Sergio bezala, auzoko jendeak, hizkuntzak, praktikatu ahala
ikasten ditu, ohiko bizitzan. Dembak euskal marinelekin lan eginez
ikasi zuen gaztelania, Jonek bere gaztelania giltzapean hobetu
zuen. Beste batzuk Almeriako mar de plasticon ikasi zuten, edo
denbora batez Espainiako beraien neskalagunekin elkarbizitzen,
edo Afrikako hizkuntza desberdinetako jendearekin estaia konpartitzen...
Horregatik bakoitzak azentu eta erregistro desberdinak hartzen
ditu.
Pertsona gutxi batzuk, eta, gainera, mementu konkretu batzuetan
baino ez dira gaztelera klaseetara etortzen (duela urte batzuetatik
hona Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuek etorkinei laguntzeko paratu,
eta gaur egun Helduen Hezkuntzaren Zentroak ematen dituenak) (14).
Argitu beharra dago Eusko Jaurlaritzak berriki, ofizialki, jakinarazi
duela, gaztelania ez dakiten pertsonek, dokumentazioa eduki edo
ez, zentro horietan ikasteko aukera izan behar dutela. 1999ra
arte bere eskaintza, zentru hauetako irakasle batzuen borondatearen
araberakoa izan da; formakuntza gehien zeukatenei ez zitzaien
beti lehentasuna ematen eta jende honentzat ez zegoen programa
zehatz bat (ikus Bilbo Etxezabal, 1997: 6-7 eta Proposamena...
1999: 11-14).
Auzoan bizi diren afrikar gehienek harreman gutxi daukate beraien
herrietako hezkuntza sistemarekin, eta horrek eragozpenak sortzen
ditu hemengo hezkuntza sisteman sartzeko. Aldi berean, hemengo
hezkuntza sistemak ez ditu ematen beharrezko diren erraztasun
guztiak pertsona analfabetuak beraien jatorrizko hizkuntzan ikasten
has daitezen.
Aisha eta Sergiok Gobernuz Kanpoko Erakunde batek gazteleraz emandako
klaseak hartu zituzten, auzoko parrokia batean.
Aishak bere herrikide bati eskatzen zion beti inprimakiak betetzeko,
eta azkenean horrek aholkaturik joan zen klaseetara. Aishak arabieraz
idazten zekien eta gaztelaniaz idazten ikasi nahi zuen. Hiru hilabetetan
ikasi zuen eta gero klasera joateari utzi zion.
Sergio arratsaldeetan distraitzeko asmoz joan zen. Idazten hasteko
gaztelania gutxi zekien, baina ekin zion ikasteari. Urte beteren
buruan neketsuegia zitzaiola ikusi zuen: etxean telebista ikusten
egoteak baino burukomin gehiago ematen zion.
Ikasketa prozesua aldez aurretik ezagututako hizkuntzen araberakoa
izango da; fonemen izatea, karaktere grafikoak edo sustrai komunak;
idazkera baten edo gehiagoren ezagupena
etab.
Bestalde, auzo honetan gaztelania hitz eginez ikasteak, beraien
ama-hizkuntza gaztelania ez dutenengandik ikastea esan nahi du.
Askok gaztelania erosketak egiteko erabiltzen dute soilik, eta
baita beste afrikarrekin ulertu ahal izateko ere, edo magrebiarrekin,
asiarrekin eta latino- amerikarrekin, elkarrekin lan egiten baitute
eta atsedenaldiak ere elkarrekin ematen baitituzte, parkeetan
edo diskoteketan. Horrela, oso bestelako berbeta eraikitzen dute
gaztelania estandarretik kanpo.
Hamar edo hamabost urte igaro ahalko dira eta beraien hitz-erregistroak
nahiko murritza izaten jarraituko du, herritarren artean indio
esaten zaion horretara gehiago hurbilduz; ez da aldatuko beste
behar komunikatiboren bat edota ikasketa desberdin baten iturri
berriren bat sortu arte. Hau honela bada, urte beteren buruan
agian gai izango dira haurtzaroan ikasitako baten erraztasunaz
hitz egiteko.
Beraz, ulertu behar dugu bertako hizkuntzen bat ondo ezagutzea
ez dela soilik integratzeko nahia edo gizarte hartzailearen kulturari
begirunea izatea.
Hitz egiteko modu hori, forma pertsonal hori, komunikatzeko eta
hitz egiteko ordezkaezina dena, emigrazio bizipideen ibilbidean
eraikiz doa, esperientziak eta ezaupideak bere baitan sartu ahala.
Aliren testigantzan gaztelania erabiltzeko modu berezia ikusi
ahal dugu (15):
Alik, hitz egiten duenean, arabieraz, ingelesez eta euskaraz sartzen
ditu hitzak; bere esaldiak denbora, genero eta pertsona diskordantziak
ditu. Horrek ez du Ali kezkatzen, komunikatzeko estrategia asko
dauka berdintzeko edo orekatzeko: mementu oro egiaztatzen du ea
solaskideak ulertu duen, azalpenak errepikatzen ditu, modu desberdinetan
adierazten saiatzen da, hizkuntza desberdinetan... Alik badaki
hitzak soilik komunikatzeko tresnak direla; agian, horregatik
deitzen die parablas.
Ikus dezagun beste adibide bat, Gambiako Jonena hain zuzen ere:
Jonek gaztelaniaz hiztegi aukeratua eta zehatza dauka, hamabost
urtetan zehar, pentsioetan, etxeetan eta ziegetan, Tarragonan,
Logroñon eta Bilbon ikasten aritu baita. Batzuetan, gaztelaniaz
hitz egiten duenean esaldiak mane batekin (woloferaz "hau
da" edo "esan nahi dut") hasten ditu eta esaldiaren
azkenean rek despistatu bat sartzen du ("beste gabe",
"soilik", "bakarrik") eta horrelako gauzak
dira, hain zuzen ere, bere ama-hizkuntza salatzen dutenak. Hitz
katalanak ere erabiltzen ditu, bere emaztearekin elkarbizitzan
ikasitakoak. Kantatzen dituen abestiak, hitzak edo esaerak ingelesez
ateratzen zaizkio (txikitan ikasitako hizkuntza), eta bere diosalak
eta agurrak euskaraz dira.
Simonek, angolar idazleak, idazteko tankera propioa du. Gaztelaniaz
eta portugaleraz idazten du aldi berean. Simonek berak argitu
zidan:
"Egunero erabiltzen dudan hizkuntza gaztelania da. Nire
laneko zein irakurketetako eta solasaldietako hizkuntza gaztelania
da. Portugalera, nire herrian idazteko darabilguna, herrikideekin
erabiltzen dut. Nire baitan daramadan hizkuntza. Nik hizkuntza
bietan idatzi eta zirriborroak ere hizkuntza bietan zuzentzen
ditut. Portugaleraz idazteko iradokitzen didate eta behin zuzendu
ondoren gazteleratu dezadala. Baina badira pentsamenduak, gauzak,
gaztelaniaz ateratzen zaizkidanak, beste batzuk, ordea, portugaleraz
dira. Idatzi eta irakurri hobeto egiten dut gaztelaniaz baina
hitz egin eta ulertu, gehiago portugaleraz. Eta hitz egiten dudanean
nahastu egiten ditut biak...".
Eta Abuk, hil berria den eta poemak idazten zituen auzokide marokoarrak,
gaztelania aukeratu zuen idazteko, (nahiz eta berak jakin gaizkiago
egiten zuela arabieraz baino, hura baitzen bere ama-hizkuntza)
zeren eta bere idazkietan agertzen den bezala, inguruko jendeari
gauza ororen gainetik etorkinen esperientzia komunikatu beharra
zeukan (ikus Azzedin, A. et al.,1998).
Sarritan, ama-hizkuntzaren (edo beste hizkuntza baten) joskera
moldeak sartzen dira gaztelaniaz: "Ama-hizkuntzan adieraztera
ohituta gaudena beharrezkoa baitzaigu ikasitako hizkuntzan adieraztea"
(Bernardez, 1999: 163). Afrikar eta musulman magrebitar askok,
arabieratik egindako itzulpena dela eta, gaztelaniaz zaharkituta
dauden "Jainkoak nahi badu" edo "Jainkoari esker"
bezalako adierazpenak darabiltzate (oroit ditzagun Ali eta Ibrimaren
diskutsoak). Nabarmentzekoa da gaztelaniar adierazpen hauek zenbait
mende lehenago Iberiar Penintsulan presente egon direla, "arabiarrek
oharturiko ekialdeko formulen edo ekanduen hondakinak direla"
(Bastus, 199?).
Bada "zer moduz zure etxeko jendea?" galdetuz agurtzen
duenik; formula hori Afrikako herri askotako diosalen itzulpen
literala da (woloferaz, esaterako, horren baliokidea "ana
wa kergue?" da). Baita honako adierazpen hauek ere, "odol
bereko anaiak" (lagun minak esateko), "bihotz oneko
pertsonak" (pertsona onak esateko), "burua haustu"
(kontraesan edo eztabaidatzeko), gauzek "negar egin"
dutela esan hondatu direla esateko. Gainera adierazpen hauek mundu-ikuskera
bat erakusten dute: gure adibideetan odolak eta bizitzak berak
daukaten balioa, edota gauzetan dagoen izpiritua.
Baliteke emigrazioan eraikitako hitz egiteko era hori, bai jatorrizko
lekuko pertsonek bai herri hartzailetakoek txarto ikusia izatea.
Ulloak azpimarratzen du latino askok hitz egiten dutenean beraien
herrikideek hizkuntza "mordoiloa" darabiltela diotela,
eta era berean estatubatuarrei ere eragozpenak sortzen zaizkiela
ingeles "mordoiloa" darabiltelako (Ulloa, L.F., 1994:
9).
Hitz egiteko era hauek ekarpen bezala aberasgarritzat har daitezke,
kulturen nahasketara moldatzen laguntzen baitute, edo bestela,
berezko hizkuntza txirotzen dutela ere esan daiteke, komunikazio
erraz bat eragotzi eta hizkuntzaren biziraupena mehatxatzen dutela.
Ez da erraza, mementu honetan, eta inmigrazioa nahiko berria den
toki batean, datuen ekarpena egitea; baina egia da gaur egungo
hizkuntzak, existitzen direnak eta hilda daudenak ere, etengabeko
ordezkapen eta ekarpenen emaitzak direla. Eta edozein kasutan
ere, Maaloufek azaltzen duen bezala:
"... Bestearengana erabakitasunez joateko, eskuak zabalik
izan behar ditugu eta burua tente, eta eskuak zabalik izateko
era bakarra burua tente eramatea da (...) Bere hizkuntza ikasten
ari naizen hark begirunerik ez badio nire hizkuntzari, bere hizkuntzan
hitz egiteak zabaltasun keinu izateari uzten dio eta menpekotasun
zein basailutza ekintza bihurtzen da." (1999: 57-58).
Afrikako hizkuntzen idazkerei buruz, hasieran ikusi dugun bezala,
ez da idazteko tradiziorik izan (honek ez du esan nahi literaturarik
ez daukatenik). Afrikako kulturak ahozko literaturakoak dira.
Duela gutxi arte, historia, kontakizunak, mitoak, tradizioak eta
herri bakoitzeko gertakizunak, ahoz aho transmititzen ziren. Pertsona
konkretu batzuek memorizatzeko ardura hartzen zuten gero ezaupide
horiek transmititzeko, eta herri guztiaren errespetua zuten. Transmisioa
egiteko mementuak eta tokiak zehaztuak zeuden. Ohitura hauek oraindik
bizirik diraute, nahiz eta gaur egun txokoratuak izan, mendebaldeko
ohiturengatik kasu askotan.
Inprimakiak betetzeko izaten diren burukrazi-egoerak: instantziak,
eskariak, deklarazioak, ziurtagiriak edo salaketak eskribau baten
bitartez betetzen dira. Eta baita egoera pribatuagoak ere: familien
eskutitzak irakurri eta erantzutea; telefonoz hitz egin nahi dutenean
telefono-libretan izenak apuntatu eta orrialde egokia aurkitzea;
grabatu eta sakelako telefonotik informazioa lortzea, berau programatzea
etab.
Honek guztionek, beste gai batera garamatza: idazteko eta irakurtzeko
ohiturarik ez duen jende honen sarbidea baliabide informatikoetara.
Pertsona hauetako asko aukera honetatik at geratzen dira, beste
batzuk, ordea, ordenagailuen erabilpena beharrezko duten negozioak
aurrera eramateko gauza izan dira (mintzatokiak, esate baterako).
Horretarako, telekomunikabide enpresen etengabeko laguntza teknikoa
izan dute, merkataritza-harremanetarako laguntza ematen zaie baina
egoera honetatik kanpo ez dela laguntza bera ematen ikusi dugu.
Irakurtzea eta idaztea komunikatzeko baliabideak dira, bidaiatu
barik mundua ezagutzen laguntzen digutenak, norberaren kultura
aberasteko eta nahasmena borrokatzeko aski egokiak. Baina ez dira
baliabide bakarrak, ezta hoberenak ere. Afrikako herrien artean,
solasak, Europako herri gehienen artean baino garrantzia handiagoa
du. Senegalgo Ousmanentzat, adibidez, toubab gehienek (honela
deitzen die zuriei) gehiegi irakurtzen dute, mundua liburuek dakarten
bezalakoa dela pentsatzen dute eta ez dute berezko esperientziengatik
ezagutzen. Emigrazioaren esperientziak toubabek ez daukaten munduaren
ezaupidea dakarrela uste du berak. Hau honela da ere, bere herrian
emigrazioa bidaia iniziatikoa bezalakoa delako; etapa horretatik
igarotzea ona dela uste duela, alegia.
Lurralde honetan duela gutxi arte hizkuntza batzuk jakitea ez
da baloratua izan, eskoletan ere ez da hizkuntzen irakaskuntza
onik sustatu. Biztanleko hizkuntza gutxien erabiltzen den tokietako
bat da hau Europan, eta bigarrenen bat erabiltzen denean ere nahiko
trakets erabiltzen da. Afrikarrentzat eta asiarrentzat ingelesa
edo frantsesa ondo dakien batekin topo egitea benetako ustekabea
da, gertakizun bat, nahiz eta ia denok izan urte luzez atzerriko
hizkuntza izeneko irakasgaia. Horri dagokionez, Maliko Lassik
zera esaten zidan:
"Hemen jendeak ez daki gaztelaniatik aparte beste hizkuntzarik.
Galdetzen badiezu, zergatik ez dakizu ingelesa, frantsesa
Beste hizkuntza batzuk...? Ez naizelako irtengo nire herritik,
zertarako? gaztelaniarekin nahikoa daukat...". Hori diotsute!"
Afrikar batzuen ikuspuntua aipatzen digu Laura Agustinek: "Zeinetan
espainolak kritikatzen diren ez hitz egiteagatik ez ingelesa ezta
frantsesa ere, Afrikako mendebaldeko pertsonek normaltzat eta
beharrezkotzat jotzen dituztenean munduko herritarren aldetik"
(Agustin, L., 2000).
Baina zinez, ikusi dugun bezala, hizkuntzak ikasteko ez da beharrezkoa
akademietara edo atzerrira joatea ikastera; beste kultura batzuk,
edo bizitzeko beste era batzuk ezagutzeko, ikuskerak trukatzeko,
ez da beharrezkoa norberaren herritik edo hiritik irtetea: nahikoa
da ohartzea, entzutea eta beste tokietatik heldu direnekin solasean
jardutea, adibidez, San Frantziskon.
Norberaren hizkuntzan hitz egin edota idaztea ere kultura egitea
da, guretzat eta inguratzen gaituztenentzat, gauden tokian egonda
ere, Kataluniara joandako etorkin batek egiaztatzen duen bezala:
"(...) ez dut uste sustraiak emandako gauza finko eta
aldaezina direnik, gure ibilbide pertsonaletik abiaturik gure
sustraiak birsortzen ditugula baizik. Pertsona desberdinekin eta
toki desberdinetan birsortzen ari gara. Eta honek gure kultura
propioa birsortzen du, emigratu dutenentzat adina emigratu ez
dutenentzat". (EEAA-tik moldatua, 1998: 49).
BIBLIOGRAFIA
Agustin, Laura (2000). La industria del sexo y las migrantes.
http://members.tripod.com/ehrlich/bbhpaperspanishagustin.html
Askoren Artean (1998). Alfons Comin Fundazioa. La interculturalidad
que viene. El diálogo necesario. Icaria-Antrazyt. Bartzelona.
Bastus y Carrera (199?). La sabiduría de la naciones o
evangelios abreviados. Darek Nyumba taldeak Dichos y refranes
españoles sobre Moros y Judíos. Pliegos de encuentro
islamo-cristiano lanean aipatua. Madril, 1994.
Bernárdez, Enrique (1999). ¿Qué son las lenguas?
Alianza Editorial. Madril, 1. argitaraldia.
Diaz, Beatriz (1999). La Ayuda Invisible. Salir Adelante en la
Inmigración. Likiniano Elkartea, Bilbo.
El País, 2001-III-21. Hizkuntz Eskubideen Aldarrikapenaren
Jarraipen Batzordeak NBEren aurrean aurkeztutako txostena.
Maalouf, Amin (1999). Identidades Asesinas. Alianza Editorial,
Madril.
Maruny, Lluis eta Molina, Mónica (2001). Identidad Sociocultural
y Aprendizaje Lingüístico. El caso de la inmigración.
In: Textos de Didáctica de la Lengua y de la Lengua y de
la Literatura, 26. zenbakia, urtarrila. Monografia: Las Actitudes
Lingüísticas (55-64 or.).
Rovira, Guiomar (1997). Mujeres de Maíz. Ediciones Era.
1. argitaraldia, Mexiko.
(1) Hau ez da San Frantziskon soilik gertatzen: arratsaldez Errekalde
edo Iralako parkeetatik ostera bat ematean Ourensen zaudela senti
dezakezu.
(2) Gehiengoa honako herri hauetatik dator: Angola, Cabo Verde,
Kamerun, Kongo, Boli Kosta, Eritrea, Gambia, Ghana, Ekuatore-Ginea,
Ginea Bissau, Ginea, Mali, Mauritania, Nigeria, Senegal, Hegoafrikar
Errepublika, Tanzania eta Togo.
(3) Espreski seinalatua salbu, testigantza pertsonalak gazteleraz
transmitituak izan dira. Jatorrizko bertsioa gazteleraz kontserbatuko
dugu soilik gaztelera estandarretik desberdintzen bada.
(4) Arabiera klasikoa edo Korangoa unibertsala da, munduko arabe
guztiek ulertzen dutena (musulmanak badira eta Korana ikasi badute).
Marokoko arabiera, aldiz, Marokoko dialekto bat da; Libanoko batek
adibidez, Libanoko dialektoa hitz egiten duenak, senperrenak eginda
ulertuko du. Momoduk ezin du arabiera klasikoan hitz egin eurekin,
gutxi ezagutzen duelako eta marokoar lankide batzuk Koran-eskolara
ez zirelako joan.
(5) Posible bazaio beti hitz egingo du gaztelaniaz, orain gaztelania
hobeto menperatzen duelako frantsesa baino.
(6) Sarritan, pertsona hauek paperik gabe bizi dira (lan-kontraturik
gabe, alokatzeko, tituluak eskuratzeko eta mailegua eskatzeko
aukerarik gabe...).
(7) Kreolera hizkuntza bat sortzen da kolonietako hizkuntza bat
bertako hizkuntza batekin nahasten denean. Cabo Verdekoa, kreolera
portugestatua dela esango genuke.
(8) Imintzio hau musulman arabiarren artean eta musulmanak ez
direnen artean zabalduta dago.
(9) Telefono-mintzatokiak kabina batzuk dituzten lokalak dira;
edozein tokitara deitu eta irteterakoan ordaintzen da deia, salneurri
merkeekin batik bat (erbesterako deietan batez ere). Bilbon hamabost
eta hogei telefono-mintzatoki inguru daude, gehienak San Frantzisko
auzoan.
(10) Itzulpen-zerbitzua duten enpresekin burutzen da hau. pentsatzekoa
denez, ez da Afrikako edozein hizkuntza itzultzen, baina bai batzuk.
Posible da halaber deklaratzera deitutako pertsona lagunduta joatea,
itzulpena egiteko.
(11) Berak hitz hori gutxiespen-zentzuaz erabiltzen du.
(12) Piyin edo pishingen eskeleto linguistikoa antzekoa da; hiztegi
gutxikoa, atakatik irteteko, hizkuntza desberdinetako hiztunen
artean eguneroko beharrei irtenbidea bilatzeko.
(13) Afrikarrekin hitz egiteko erabiltzen da, ikusi dugunez, baldin
eta ez badaukate hizkuntza bat elkarrekin erraztasunez ulertzeko.
(14) Zentru hauek publikoak eta dohainik dira, eta Eusko Jaurlaritzako
Hezkuntza Sailaren pean daude.
(15) Berezia diogu, eta ez txarra edo akastuna, hizkuntzak pertsonen
zerbitzura jarritako tresnak direla onartzen baitugu, bakoitzak
ahal duen eta nahi duen moduan erabiltzen dituenak, eta beraz,
ez dago modu on edo bakar bat hitz egiteko.