Quest-que çe le Québec?
Testua: Karlos E. Hernandez. Zenbat Gara aldizkaria, 4.
zbk.
Printzipioz, galdera horri eman beharreko erantzuna erraz samarra
da: gaur egun, Kanadako Federazioko probintzia bat gehiago da
Quebec. Baina, benetan ote da bat gehiago, besterik gabe? Bere
2 milioi metro koadroekin (Estatu espainiarraren azalera baino
lau bider handiagoa) eta bere ia 9 milioi bizilagunekin (1997an
guztira 30 milioi lagun bizi zen Kanadan), Ontarioren ostean bigarren
probintzia litzateke garrantzi sozioekonomikoari erreparatuz gero.
Baina, ororen gainetik, "arazo" politiko gisa definitu
ohi da probintzia frankofono hau; horrexegatik hain juxtu, bertako
bizilagunen %80 frantsesez mintzo delako, eta, mundu global berriak
planteatzen duen estandarizatzea gorabehera, datu horretxek definitzen
duelako gainerako kanadarrengandik desberdintzen dituen diferentzia
kulturala. Diferentzia kultural horrek "desberdin" sentitzen
den gizartearen beste arlo batzuetan ere eragina dauka azkenerako,
nola arlo politikoan zein ekonomikoan hala lege arloan bertan.
Hara bestela: 1995eko erreferendumean Quebeceko populazioaren
erdiak zera planteatu zuen: aurrerantzean, Kanadatik desberdinduta
euren historia propioa urratzeari ekin gura ziotela. Are gehiago:
probintziako gobernua bera ere matxinatu egin zen, 1982ko Konstituzioari
uko eginez (Konstituzioak, hori guztia gorabehera, indarrean jarraitu
zuen).
Kanada ofizialki Estatu elebiduna da 1969az geroztik. Nolanahi
dela, frantses-hiztunak populazioaren %25 baino gutxiago dira,
eta, okerrago dena, Quebecetik at bizi diren frantses-hiztunak
etengabeko erasopean sentitzen dira; izan ere, gutxi ere gutxi
dira (beti ere Quebecen bizi direnak edota "hiritarrez arduratzeko
zerbitzu federaletan" lanean dihardutenak kanpo utzita) frantsesez
berba egiteko gai diren anglofonoak. Hori horrela den bitartean,
lan-premiek, hezkuntza-sistemak eta garrantzi handia duten beste
zenbait faktorek (hala nola hegoaldeko auzokide boteretsuaren
telebista bidezko kolonizazioak) frankoquebectarren elebitasuna
dakarte ondorio modura. Baina hizkuntz-gorabeherez gain, beste
zenbait datu ere nabarmendu behar genituzke: 1998an %12,5 zen
Quebeceko langabezi-tasa, Estatuan batez bestekoa %8,6 zen bitartean;
era berean, "frantsesez" behar egiten dutenen batez
besteko lansaria "ingelesez" behar egiten dutenena baino
%10 apalagoa da.
Beharbada quebectar asko Kanadan gogoz kontra egotearen arrazoiak
ulertzen lagun diezagukete datu hauek, baina, esanguratsuak ez
ezik garrantzitsuak ere badiren arren, Quebec problem deritzona
ez da kontu estatistiko soila: Quebec beraren baitan, frankofono
asko dira Kanadaren aldeko jarrera dutenak, eta, gainera, biztanle
baztertuenak ez dira frantses-hiztunak... Izan ere, haien azpian
beste zenbait gutxiengo sozial geratzen dira: etorkinentzat, adibidez,
"ohiko" dituzten arazoez gain (deserrotzea, bazterketa
jasan beharra, akulturazioa, xenofobia), arazo da halaber haien
alophones izaera (termino horrekin izendatzen dituzte ama-hizkuntza
gisa frantsesa edo ingelesa ez den beste hizkuntza bat daukatenak).
Baina etorkinena baino okerragoa da oraindik herri autoktonoen
egoera: erreserbetan sarrarazita, nagusiki ingeles-hiztunak frantses-hiztuna
den probintzia batean, eta, hori denori gutxi balitz, gainerako
gizatalde guztiek baztertuta (Estatuko populazioaren %1,5 ere
ez diren arren, espetxean dauden gizonezkoen %14 euretarikoak
dira, eta emakumezkoen kasuan %22 da portzentaia -Kanadan ere,
oraindik orain, makurrago da emakume izatea-).
Honek guztiak Quebeceko errealitate soziala konplikatu baino ez
du egiten (berau da munduan suizidio-tasarik handiena duen lurraldea,
Estatu moduan Kanada NBEren zerrendan hirugarren postuan ageri
den arren). Eta errealitate sozial hori, gainerako guztiak bezala,
bere historiaren kume da... Historia horrek bi konkista militarretan
dauka abiapuntua. Lehenengoa, herri indigenen kontra, zeintzuk
XVI. mendeko erdialdeaz geroztik kolono-oldeek euren lur-eremua
zelan txikiagotzen zuten ikusi beharrean izan diren, bide batez
euren lurretan ondaregabe izatera kondenatu dituzten bitartean.
Bigarren konkista, berriz, 1760an gauzatutako Conquete deiturikoa
da, eta bera zela medio Inperio Britainiarrak kolono frantsesak
kolonizatu zituen. Orduz geroztik gauzak asko aldatu dira, bistan
da, baina garai hartako galtzaileen memoriek bizirik diraute euren
arbasoengan.
Quebeceko nazionalismoen historia bat
Garaitu zituzten momentu beretik, Kanadako frankofonoak arazo
izaten hasi ziren aginte kolonialentzat: Quebec gizarte heldua,
katolikoa eta feudala zen ordurako, eta kolonizatzaile berrien
gizarte-eredua (protestantea eta industrialtze-bidean murgildua)
oso desberdina zen. Quebecen sezesioarekiko beldurra, beraz, Kanada
beraren existentzia baino lehenagokoa da; hori horrela, aginte
kolonial berriak hierarkia katolikoaren aliantza bilatu zuen,
egonkortasun soziala bermatzeko asmoz (horren truke, 1775etik
aurrera bere pribilegioak onetsi zizkioten hierarkia katolikoari).
EEBBen independentziaren ndoren antzinako Quebec bitan zatitu
zen: Ekialdeko Kanada (zeina gehiengo frankofonoaren esku geratu
baitzen) eta Mendebaldeko Kanada (gutxiengo ingelesaren esku;
gutxiengo hau gehiengo bihurtuko zen probintzia berri horretan).
Hala ere, politika kolonialak ezin izan zuen saihestu 1837an Papineau-k
gidatutako matxinada; matxinada horren ondorioz Quebeceko Errepublika
"xehea" aldarrikatu zuten (erbestetik, hori bai) 1838an.
Errebolta berriak saiheste aldera, patriotes-ak zapaldu eta gero
1841ean kolonia biak berriro elkartu egin zituzten Batasun Kanadarrean.
1867an, berriz, Konstituzio konfederala aldarrikatu zuten, non
Kanada biei (orain Quebec eta Ontario) kolonia berriak gehitu
zitzaizkien (Eskozia Berria eta Brunswich Berria), modu horretan
Kanadako Domeinua sortzeko. Hori izan zen estreinako Estatu kanadarra,
1931ra arte Inperio Britainiarraren zati izan zena eta gaur egun
Commonwealth-eko kide dena. Nolanahi dela, aldaketa instituzional
desberdinen azpian argi ageri zen Konfederazio berrian Quebec
"kulturagabetzeko" asmoa: nahiz eta Quebecen katolikotasuna
eta bestelako legedi zibila (Coutumme de Paris delakoa) bermatu,
Quebecetik landa frantses-usaina zuen orori eginiko erasoak etengabeak
izan ziren Estatu berrian (Estatu horrek, bidenabar, anglofonotzat
zuen bere burua).
Honek denonek nazionalismo frankofono ultrakatoliko eta anti-ingelesa
indartu baino ez zuen egin: Tardivelek esan zuen moduan, XX. mende
hasieran, Quebec-ek Amerikako franko-katolikoen "gotorleku"
behar zuen izan.
Testuinguru horretan, Kanadan goitik behera ezarri zen Kapitalismoa
Quebeceko gizarte tradizionala desartikulatzen ari zen; gizarte
tradizional hori, elizak babesturikoa eta nekazari-girokoa izateaz
gain, feudala ere bazen eta industrialtze berrian ingelesa zela
nagusi zekusan. Ondorioz, hastapenetako nazionalismo quebeczalea
Kanadako gainerako lurraldeekiko isolazionismo bihurtu zen, eta
horrek kapital eta eredu estatubatuarrengatik kolonizatua izatea
ekarri zuen. 1929ko mundu-krisiarekin batera, bestalde, nazionalismo
horrek artikulazio politiko berria aurkitu zuen: M Duplessis le
Chef-en Batasun Nazionala.
1935-1940 bitartean, eta gero 1944tik 1959an zendu zen arte, Duplessisek
zuzendu zuen Quebec, Kanadako gainerako lurretatik isolatuz: ultraeskuindartzat
izenda daitekeen politika bultzatuz (jauntxoen sareen gaineko
kontrola eta eliz hierarkiaren laguntza oinarri hartuta), Quebecek
Kanadarekiko lehendik metatua zeukan atzerapen historikoa gehitu
zuen Duplessisek, Ongizatearen Estatu berria bere probintzian
sustrai zedin eragotziz. Duplessisen pseudo-autonomia honek diruz
hornitzeko bide nagusi bat izan zuen: EEBBei lehengaiak modu masiboan
saltzea. EEBBek, aldiz, kolonizazio ekonomiko hori baliatuta Quebec
anglikanizatu zuten 1944-1959 bitartean, estatu Kanadarrak 1867-1944
epealdian baino modu bortitzagoan anglikanizatu ere. Chef-a hil
zenean (artean agintean zela) Quebec guztiz azpigaratuta zegoen
Kanadaren gainerako lurrekin alderatuta: "frantsesez"
zihardutenen soldata "ingelesez" zihardutenenaren %60
baino ez zen, frantses-hiztunen hezkuntz-sistemak elizaren monopolio
izaten jarraitzen zuen eta probintziako jarduera ekonomikoen %80
"anglo"-ek kontrolatzen zuten.
Baina Duplessisen heriotzarekin batera hasten da Quebecen gaur
egungo historia: 1960ko hauteskundeen ostean (J. Lesage-ren liberalak
gailendu ziren) abiatu baitzen Revolution Tranquille deritzona.
Nazionalista izan barik (baina bere taldean "gazte nazionalistak"
zituela), Lesagek sortu zuen egun indarrean den gobernu probintzial
quebectarraren umekia: besteak beste, energia nazionalizatu zuen,
hutsetik abiatuta hezkuntz-sistema laikoa eraiki zuen frantsesez
eta erdi-mailako klase frankofonoa sortzen lagundu zuen (klase
hori hasiera-hasieratik atxiki zitzaion gobernu probintzialari).
Bera gobernuan izan zen sei urteetan Quebec aldatu egin zen: anglofono
eta frankofonoen soldatak parekatzen hasi ziren, eta aldi berean
burgesia frankofonoaren pisu ekonomikoa areagotzen hasi zen. Horrez
gain, gizarte-laguntzarako makina bat programa jarri ziren abian.
Baina arestian aipaturiko prozesu sozialek beharrizan kultural
eta politiko jakin batzuk sortu zituzten, eta Lesagek ez zien
behar besteko arretarik eskaini: 1945tik 1965era frankofonoen
portzentaia %85etik %70era jaitsi zen Quebecen (batez ere etorkin
berriek ingelesa ikastea hobesten zutelako, hura baitzen "lan-hizkuntza"),
baina Lesagek, federalista eta liberala izaki, uko egin zion hizkuntza
politikaren bat abian jartzeari. Anartean, 1966an Batasun Nazionala
berriro gailendu zen hauteskundeetan, "berdintasuna edo independentzia"
leloarekin.
Baina nazionalismo quebeczaleak zirkin egin duen bakoitzean Ottawako
Gobernua ere mugitu izan da. Iraultza Lasaiaren erdian, beste
iraultza bat hasia zen ordurako... Izan ere, "kulturaniztun"
modura autoizendatutako nazionalismo pankanadar anglofono baten
baten eraikuntza-kanpainari ekin zioten Gobernu zentraletik. Hori,
funtsean, politika kanadarraren beste sakakada zentralizatzaile
bat baino ez zen, baina kontua da nazionalismo kanadarraren erradikalizazioak
nazionalismo quebeczalearen erradikalizazioa eragin zuela. 1963an
Quebecen Askapenerako Fronteak (FLQ) indarkeria politikoan oinarritutako
kanpainari ekin zion;1968an, berriz, Lesageren gobernuan ministro
izaniko R. Lévesque izendatu zuten Partit Québécois
(PQ) sorberriko buruzagi. PQ izango zen aurrerantzean subiranotasunaren
aldeko mugimenduaren aitzindari. Ororen buruan, metatutako tentsio
guztiek 1970eko urriko krisian egin zuten eztanda: FLQ-k diplomatiko
ingeles bat eta Kanadako lan ministroa bahitu eta gero, Ottawako
gobernuak setio-egoera agindu zuen Quebecen; horrez gain, sindikalista
eta militante nazionalista mordoa atxilotu zituzten, krisiari
ezelako irtenbiderik eskaini barik ordea. Krisi horrekin quebeczaleek
gizarte-borroka berri bati ekin zioten: 1976ko hateskunde probintzialetan
gailendu egin ziren programa sozialdemokrata bat aurkeztuz; programa
horretan, gainera, hizkuntz-legea eta independentzia erreferenduma
ere agindu zituzten.
1976 eta 1986 bitartean, eta halaber 1994tik gaurdaino, PQ izan
da Quebeceko gobernuan, aipaturiko estreinako epean R. Lévesque-k
zuzenduta eta bigarrenean J. Parizeau eta F. Bouchard zirela gidari
nagusi. Behin gobernuan, PQ-k uko egin zion bere egitasmo sozialdemokratari
eta praktika neoliberal latzagatik ordezkatu zuen; horren erakusle
da, esate baterako, 1983ko greba-mugimendua dekretuz apurtu izana.
Gutxienez eutsi egin zion nazionalismoari, baina hori bai, modu
"pragmatikoagoan". Lévesquek 60ko hamarkada amaieran
sortu zuenetik gaur egunera arte, mugimendu quebeczale berriak
bi jarduera-fronte nagusi izan ditu: kulturala (frankofonia) eta
politikoa (subiranotasuna). Era berean, zalantzarik gabe (bai
behintzat 80ko hamarkadako biratze kontserbatzaileaz geroztik)
nazionalismo berriak ildo nagusi bi zeuzkan: batetik, gizarte
zibilak jarraiturikoa (batik bat nazionalismo kulturalari atxikia);
bestetik, PQren ildoa (beraz, batez ere gobernu-kontuez kezkatu
ohi den gizarte politikoa, PQk ordezkatua).
Hala ere, bere lehenengo agintealdian (1977-81) PQ-k bere promesetako
asko bete egin zituen: 1977an Quebeceko 101 Legeak frantsesa izendatu
zuen hizkuntza ofizial; 1978an Quebecek asumitu egin zuen bere
etorkin-kuotaren kudeaketa (hautaketa-irizpide modura hizkuntza
inposatuz); frankofonoek jasaten zuten soldata-bazterketa sekula
baino txikiagoa izatea lortu zuen (1961ean ingelesenak baino %51
apalagoak ziren frantses-hiztunen lansariak; 1979an, aldiz, soilik
%15 baxuagoak); eta, azkenik, Quebecen independentziaren aldeko
erreferenduma deitu zuen 1980an. 1980ko erreferendum hori, inflexio-une
izateaz gain, mugimendu quebeczalearen porrot galanta ere izan
zen analista askoren arabera: "oui"-ak botuen %40 jaso
zuen; "non"-ak, aldiz, %60. Emaitza horien arrazoiak
bilatzen hasita, PQ-ren barne-ahuleziak zerikusia izan dezake,
baina ez horrenbestekoa (gogoratu bestela 1981ean PQ-k berretsi
egin zuela legebiltzarrean zeukan gehiengoa). Hortaz, badirudi
Trudeau Premier kanadarrak eginiko promesek baldintzatu zutela
erreferenduma; izan ere, Trudeauk Konstituzioa aldatuko zuela
iragarri baitzuen, era horretan quebeczaleen aldarrikapenei lekua
egite aldera.
1982an Londrestik berraberriratu zuten Konstituzioa, modu aldebakarrekoan
gainera; horrez gain, eskubideen gutun bat erantsi zioten, zeinak,
besteak beste, PQren 1976-1982 bitarteko legealdiko zenbait lege
Konstituziotik at uzten baitzituen. Quebecek ez zuen orduan sinatu
Federazio kanadar berriaren onarpena, eta gaur egun ere sinatu
barik jarraitzen du (1986-1994 bitartean gobernuan izan ziren
federalista liberalak ere ez ziren ausartu "suizidio politiko"
hori gauzatzera), gizarte zibilak halaxe eskatzen diolako. 1982az
geroztik krisi konstituzionala etengabea da Kanadan, eta berau
konpontzeko egin izan den saiakera bakoitzak porrot egin du.1987an
Meech Aintziran sinatutako akordioak, adibidez, Kanadako gizartearen
izaera bikoitza (anglofonoa eta frankofonoa) onartzen zuen; haatik,
Manitobako diputatu indiar batek arbuiatu egin zuen akordioa,
gizarte kanadarra ez zela bikoitza argudiatuz; izan ere, Manitobako
indiarraren ustez, bikoiztasun hori onartzeak Kanada osatzen duen
hirugarren nazioa (nazioa indiarra, jatorriz bertako nazio bakarra)
gutxiestea suposatzen baitzuen. Kontua da haren kontrako boto
bakarrak erreforma Legebiltzar hartan onartua izan zedin beharrezko
zen ahobatekotasuna hautsi zuela. 1990eko ekainean jazo zen hori
guztia, eta hurrengo hilabetean indiarren azken matxinadak egin
zuen eztanda Kanehsetake-n: Oka-ko erreboltaz ari gara. Hura zela
medio setio-egoera agindu zuten Quebec-en, bigarrenez 20 urtetan.
1990 hasierako krisi ekonomikoak eta Konstituzio-aldaketen porrotek
tesi quebeczaleak indartu zituzten. Lévesque hil eta gero
(1987an) J. Parizeau-ren gidaritzapean zegoen PQ-k berriz irabazi
zituen hauteskundeak 1994an, kanpainan zehar 1995erako bigarren
erreferenduma antolatuko zuela agindu eta gero. 1980ko porrotetik
15 urte igarota jada, eta Kanadako gobernuak hitzaz beste egin
eta Konstituzioa aldatzeko promesei muzin egin ziela ikusirik,
Quebec askeko estreinako buruzagia izateko esperantzan zebilen
Parizeau. Besterik gertatu zen ordea azkenean. Funtsean berdinketa
teknikoa izan zen hura, baina emaitza zehatzak honako hauek izan
ziren: %49,4 independentziaren alde eta %50,6 Kanada baitan jarraitzearen
alde (partehartzeari dagokionez, zentsuaren %93koa izan zen).
Agindutakoa betez, Parizeauk dimititu egin zuen porrotaren berri
izan bezain laster. Harrezkero F. Bouchard-ek zuzentzen ditu nola
PQ hala Quebec bera. 1998ko hauteskunde-kanpainan (bera berrautatu
zuteneko kanpainan) 2001ean erreferendum berria antolatuko zuela
adierazi zuen Bouchardek. XXI. mendea, independentziaren mendea
izan zen bere hautes-leloa.
Momentuz, data horren zain egotea baino ez zaigu geratzen; data
hori... edo beste bat beharbada, baina kontua da ziur samarra
dela beste erreferendum bat egingo dena, nahiz eta agian hain
bizkor izan ez eta emaitza bera ere zalantzazkoa izan. Nolanahi
dela, Kanadako Auzitegi Gorenak erreferendumaren emaitzak aintzat
hartzeko gutxienez botuen %51 eskuratu beharko dute independentziazaleek.
Je me souviens...
Gutxi izango dira euren kontzientzi historikoa Quebecek azaleratzen
duen bezain argi azaleratzen duten herriak. Je me souvians (gomutan
dut) da probintziaren lema ofiziala; ibilgailu denen matrikuletan
ikus daiteke, eraikin publiko guztietan, agiri ofizialetan. Literaturan,
zinean, musikan, politikan, nonahi agertzen den kontua da. Baina...
zer da bada gomutatu beharrekoa? 1760ko konkista, hain juxtu:
ingelesen erasoaz oroitu beharra dago, baina monarkia frantziarraren
jokabide beldurtia ere ez da ahaztu behar (nola nobleek hala armada
frantsesak hanka egin zuten, Quebeceko nekazariak bakar-bakarrik
utzita); 1837-38ko matxinada ere gomutatu beharra dago, eta baita
haren ostean iritsi zen errepresioa ere. Oroitzeko kontu gehiago:
1841eko bategitea, 1867ko Konstituzioa, 1885eko Louis Riel-en
exekuzioa (Manitoban 1870ean eta ondoren Saskatchewan 1885ean
matxinatu zen mestizo frankofonoa da Louis Riel), 1911n Ontarion
eskola frankofonoak kendu zituztenekoa, frankofonoak bi mundu-gerretara
indarrez eraman izana (1942an quebectarren %72k erreklutamenduari
"ez" esan esan zion arren), 1950eko hamarkadako goseteak,
1970eko urriko krisia... Gogoratu beharreko gauza asko, eta horrexegatik
nonbait memoria historikoa (historia "ofizialak" itxuragabeturik
izan arren) Kanadako gainerako lurretan baino askozaz gehiago
lantzen dute Quebecen.
T. Sloan-en iritziz, "Je me souvians mito bat da, herri baten
batasun eta jarraikortasun sentimendua osatzen lagundu duen mito
bat; eta herri horrek ezinbesteko zuen sentimendu hori, baldin
eta bizirik iraun gura bazuen". Lema ofizial bat baino gehiago,
je me souvians pentsamolde baten adierazpena da, Kanadako gainerako
lurretara beha geratzean souviens toi! dioen québécois-aren
pentsamoldearen adierazpena.
Urriko krisia
1970eko urriaren 5ean Front de Libération du Québeq-ek
(FLQ) J. Cross diplomatiko britainiarra bahitu zuen. Bahitzaileek
Quebeceko independentzia, 23 preso politikoren askapena eta euren
Manifeste-aren jendaurreko irakurketa galdegin zuten. Hilaren
8an gobernuak FLQren agiria publikoki hedatzea baimendu zuen.
Testuak iturri marxista-leninista zeukan eta nazionalismo deskolonizatzailea
defendatzen zuen; 1837-1838ko erreboltaren espiritua aldarrikatu
eta gero, De Gaulle jeneralak (Kanadatik egotzia izan baino lehen)
1967an Montrealen famatu zuen esaldiarekin amaitzen zen agiria:
Vive le Québec libre!
Hilaren 10ean P. Laporte lan ministro federala ere bahitu zuten.
Hilaren 16an P.E. Trudeau Premier kanadarrak setio-egoera aldarrikatu
zuen Quebecen. Armada federalak atxiloketa "indiskriminatuei"
ekin zien. FLQ-k, erantzun gisa, Laporte hil zuen hilaren 17an.
Abenduaren 3an amaitu zen krisia, bahitzaileek Cross askatu eta
Kubara ihes egin eta gero (askapenaren truke jasotako ordaina
-milioi bat dolar urretan- eurekin zeramatela, hori bai). Kanadarren
%87k Gobernuaren politika onetsi zuen arren, Quebeceko biztanleen
%50 kontra agertu zen. Urriko krisi horren ondorioz hasi zen PQ
sendotzen, harik eta 1976ko hauteskundeetan gailendu zen arte.
Alabaina, gorabehera politikoez haratago, urriko krisia gizarte-mailan
ere shock itzela izan zen: FLQ-k ez zuen bere plana (ingelesen
kontrako matxinada piztea) aitzinatzerik izan, eta 1971n desegin
egin zen Kubako erbestealdian. Mugimendu quebeczaleak, berriz,
oraindik bizirik diaruen umiliazioa pairatu behar izan zuen. Hara
bestela zer dioskun krisi-garaia espetxean eman zuen G. Miron
Quebeceko poeta "nazionalak" L'Octobre izeneko olerkian:
et toi, Terre de Québec, Mèrre Courage
dans ta longue marche, (...)
(...)
nous avons laissé humilier l'intelligence des pères
nous avons laissé la lumière du verbe s'ailir...
Hizkuntza, kultura edo politika?
Anekdota-kutsua izanen du ausaz, baina Quebecen ez dago McDonald´s-ik.
1977ko hizkuntz-legeak (101 deritzonak) publizitate-iragarkietan
genitibo saxoniarra agertzea debekatu zuenez, hamburgesa-marka
horrek McDonald izena hartu zuen. Antzerako zeozer jazo zen elikagaien
etiketekin: elebidunak izan behar ziren, ezinbestean, baina frantsesez
zegoen testuaren hizkiek testu ingelesekoek baino bi bider handiago
behar zuten izan. Berehala harrotu ziren bazterrak, 1982ko Konstituzioak
frantsesa defendatzeko legea legez kanpokoa zela aldarrikatu baitzuen.
Haatik, 101 legeak indarrean dirau, eta haren fruituak ez dira
nolanahikoak: 1975ean %70 ziren frankofonoak Quebecen, eta 1990ean,
berriz, %80; era berean, 1977an etorkinen %70ak ingelesa ikasteari
ekiten zion bitartean, 1997an %70ak frantsesa ikastea hobetsi
zuen.
Hala ere, eragin estatistikoez haratago, 1977ko legeak bestelako
egitasmoak ere aurreikusi zituen: jouel-aren (Montrealgo behargin-klasearen
dialekto frantsesa) berreskuratze-plana, herri-folklorea, ohiturak
eta baserri-giroko jaiak suspertzea... Egitasmo horiek kultura
franko-quebectar berria aktibatzen lagundu zuten. Hori hain da
horrela ezen 101 legeaz geroztik populazio frankofonoari zuzendutako
kultur-eskaintza biderkatu egin baitzen, frantses-usaina zuen
orok jasan beharreko bazterketa historikoa desagertzen zen bitartean
(horrenbesteraino heldu zen kontua non azkenean ingeles-usaina
zuten gauzekiko jazarpen-modukoa ere hasi baitzen, baina hori
bai, beti ere sistema judizial erabat anglofonoak ezarritako muga
estuen baitan). 1980ko hamarkadako biratze kontserbatzailearekin
batera, bestalde, PQren kultur politika moteldu egin zen aurrekontu-murrizketak
tarteko, baina hala ere Quebeceko kultur "errenazimentuak"
ez zuen etenik izan: gizarte zibilak eutsi egin zion kultur-eraikuntzaren
egitasmoari. 1990eko hamarkadan jada, gizarte zibil hori berori
izan zen globalizazioaren eta informatizazioaren zabalkundearen
aurrean erreakzionatzen asmatu zuen lehena; izan ere, bi faktore
horiek Quebecen desberdintasuna zalantzan jartzen hasiak baitziren
ordurako. Horren lekuko da, adibidez, kasu hau: bertako udalaren
ekimenez eta elkarte hiritar mordo batek lagunduta, 1970ez geroztik
Montrealek (%40 anglofonoak, %40 frankofonoak eta %20 alofonoak)
Amerikako frankofoniaren kultur zentro bihurtzeari ekin zion;
duela 30 urteko egitasmo hura errealitate da gaur egun.
Oka-ko krisia: nazionalismo indiarra
1990eko ekainean, Konstituzioaren inguruko akordio bat hitzartzeko
Meech Lakuan eginiko ahaleginek huts egin eta gero sorturiko krisi
politikoaren erdian, Kanehsetake-eko (Okako udalerria) mohawk
indiarrek barrikadak altxatu zituzten euren pinadi eta hilerri
sakratuak defendatze aldera; izan ere, zuriek lur sakratu horiek
baliatu gura zituzten golf-zelai bat handiagotzeko. Ekainaren
10ean Quebeceko polizia probintziala barrikaden kontra oldartu
zen; poliziek atzera egin zuten gero, baina tiroketaren erdian
polizi-ofizial bat hil zen. Egun berean, Kanhawake-ko mohawkek
Mércier zubia (Montrealgo komunikazio-arteria nagusia)
blokeatu zuten Kanehsetakeko anaiei elkartasuna adierazteko. Ekintza
hori irailaren 26ra arte iraun zuen erresistentziaren hastapena
baino ez zen izan; irailaren 26an Armada Federalak (Quebecen 1970az
geroztik agindutako bigarren setio-egoera baliatuz) barrikadak
okupatu eta deuseztu zituen.
Okako krisia ez zen kasualitate hutsa izan; anekdotaren esparrutik
haratago doa haren garrantzia. 1960ko hamarkadak nola Kanadako
hala Quebeceko nazionalismoen berrindartzea ekarri zuen moduan,
Okako gertakizunen hamarkadan mugimendu indiar berri baten zutabeak
ezarri ziren. Indiarrek euren eskubide historikoak eskatzeari
ekin zioten, bi ardatzetan oinarrituta: erlijio "espiritualista"
edo tradizionalaren berloratzea eta Warriors' societies elkartearen
jaiotza. Euren egoera soziopolitikoa zela kausa (erabateko bazterketa
eta erreserben esparru hertsietara kondenatuak izatea, besteak
beste) kezkaturik zeuden gazte indiarrak elkartu ziren talde horretan.
1970 eta 1980ko hamarkadetan indigenismo berria estrategia legalistetan
tematu zen, baina estrategia horiek behin eta berriz egin zuten
kale politika federalaren eta bere arrazakeria agerian utzi zuen
sistema judizialaren aurrean. Horrek guztiak indiarren mugimenduaren
erradikalizazioa ekarri zuen. 1980ko hamarkadaren amaiera aldera
eskaeren tonua ere dezente gogortu zuten, indiarren subiranotasuna
aldarrikatuz. Carrier-Sekeni leinuko kontseiluak 1983an adierazi
zuen moduan, "printzipioa sinple-sinplea da: herri indiarrek
baino ezin ditzakete diseinatu indiarrentzako sistemak. Hortik
abiatzen ez den guztia asimilazioa da".
Filosofia horren emaitza izan zen 1990eko matxinada. Hura bortizki
zapaldu zuten arren, gutxienez amesten zituen helburu biak erdietsi
zituen: Kanada-Quebecen hirugarren nazionalismo bat (indiarrena)
existitzen zela aldarrikatzea eta Okako pinadi sakratua bere horretan
mantentzea, alegia.
Auzitegi Gorena eta 1998ko konklusio-eza
1995eko erreferendumaren ondoren, haren emaitza ikusita, Ottawako
Gobernua erreferendum bidez gauzatuko litzatekeen Quebecen independentziaren
aukera saihesten ahalegindu zen. Horretarako, Gobernu Federalak
galdera-sorta bat igorri zion Kanadako Auzitegi Gorenari, probintzia
hark aldebakarreko erabakia hartuta independentzia aldarrikatzerik
ba ote zeukan argitzeko; horrez gain, erantzuna baiezkoa balitz
hori gauzatzeko beharko litzatekeen botu-portzentaia zehazteko
ere eskatu zion. 1998an eztabaidatu zen hori guztia, eta urte
horretako irailean Kanadako politikak hain berezko duen anbiguotasunarekin
erantzun zuen Auzitegiak: gehiengoa behar bestekoa balitz, Ottawak
Quebecekin negoziatu beharko lituzke independentziaren baldintzak.
Alabaina... zenbatekoa da behar besteko gehiengoa?
Zuzenbide ingelesak tradizioa legetzat onartzen du, eta, subiranotasun-erreferendumei
gagozkiela, egon badago aurrekari bat: 1949an Terranova Kanadako
Konfederaziora bildu zen erreferendum baten ostean, hautesleen
%51k hautu integraziozaleari sustengua adierazi eta gero... Hau
da, diote quebeczaleek, botuen %51 "aski" bada sartzeko,
irteteko ere "aski" izan behar da. Auzitegiaren erabakiak
beste puntu batzuetan Ottawari Quebeci baino arrazoi gehiago aitortzen
diola onartuta ere, kontua hau da: Auzitegi Gorenak independentzia
erdiesteko gutxieneko portzentaia bat ezartzen du, Quebecen subiranotasunerako
bidea zabalik utzita (gogoan izan behar da 1995eko erreferendumean
portzentaia independentziazalea gutxieneko hori baino %1,6 txikiagoa
zela soilik). Hein batean behintzat, 1998ko epai horrek ez du
aurreko egoera aldatzen; are gehiago: erreferenduma irtenbide
gisa ikusten jarraitzen duen PQren tesiak sendotu egiten ditu.
Dena dela, Quebeceko Kanadazaleek ere baliatu dute epai hori.
Haiek diotenez, eurak ere prest daude Quebec asketik independizatu
eta Kanadara itzultzea helburu izango luketen erregio edo eskualde
mailako erreferendumak antolatzeko. Hortaz, panorama ez da argitu,
gehiago konplikatu baizik (esate baterako, 1995ean eginiko beste
erreferendum paralelo batean, Quebeceko indiarren %85 Kanadan
geratzearen alde agertu zen, Quebecen independentzia gorabehera).
Nolanahi dela, erreferendumean oinarrituriko aukeraren defentsa
da, zalantzarik gabe, Quebec askea libreago eta demokratikoagoa
litzatekeela uste duten québécois-en eta are Quebeceko
eredu nazionalistaren argudiorik interesgarrienetako bat. Beharbada
XXI. mendeko estrainako hamarkadak emanen die erantzuna (positiboa
zein negatiboa) kontu horiei denei, edo beharbada ez, baina horrelakoa
da Quebeceko gizartea... bere etorkizun-ametsekin, bere iraganeko
amesgaiztoekin eta bere gaur egungo kontraesan guztiekin.
Bilbon, 99ko azaroaren 9an.