Ipar Kaukasoa, hiltzen ari den aniztasuna
Testua: Patxi Juaristi. Zenbat Gara aldizkaria, 3. zbk.
Kaukaso izenarekin ezagutzen dugun lurraldean sartzeaz bat, kultura,
hizkuntza eta herri aniztasun amaigabearen sentsazioa berehalakoa
da. Europa eta Asiako muga estrategikoan egonik, ugariak izan
dira mendeetan zehar lur sail honetan eman diren herrien harreman,
joan-etorri, inbasio eta nahasteak; gaur egun ezagutzen ditugun
jende mota, kultura eta hizkuntza ezberdin eta ugarien sorrera
izan direnak, hain zuzen ere.
Ehun nazioen mendia bezala definitu izan den Kaukaso Mendikateak,
bi zatitan banatzen du lurralde hau. Ipar Kaukasoa edo Ziskaukasia,
Errusiar Federazioren barnean dauden Kalmikia, Adigei, Kabardino-Balkaria,
Karatxai-Txertxesia, Ipar Osetia, Dagestan, Ingushia eta Txetxenia
(Errusiar Federazioan egotea ofizialki onartu ez duen bakarra)
errepublikek osatzen dute. Hego-Kaukasoan edo Transkaukasian,
bestalde, azken urteotan independentzia lortu duten Georgia, Armenia
eta Azerbaijan estatuak ditugu. Guztira, 22.341.000 biztanle dituen
lurraldea da.
Ipar eta Hego Kaukasoko herrien bilakaera eta gaur egun dituzten
errealitate politikoak guztiz ezberdinak izanik, zaila da Kaukasoari
buruz orokorrean hitzegitea. Horregatik, hain zuzen ere, Ipar
Kaukasoa osatzen duten zortzi errepubliken hizkuntza eta kulturek
bizi duten egoerari buruzko hiruzpalau ideia emango ditut. Izan
ere, Errusiar Federazioa bezalako estatu indartsu baten menpe
egonik, herri hauek guztiek antzerako etorkizun eta arazoak dituzte
nahiz eta beraien artean ezberdin izugarriak izan.
5.754.000 biztanle, 20 talde etniko eta, errusierarekin batera
ofizialkidetasuna duten 14 hizkuntza bizi dira harremanetan Ipar
Kaukasoan (Txetxenia da errusieraren ofizialkidetasuna onartu
ez duen errepublika bakarra). Zentzu honetan, ez da gehiegi esatea
ikuspuntu etniko eta linguistikotik munduko ingurunerik aberatsenetarikoa
dela. Dagestan Errepublikan, esaterako, 11 talde etniko eta zortzi
hizkuntza ofizial daude.
Dena dela, herri hauek guztiek beraien identitate seinaleak galtzen
ari direla esan daiteke. Errusiatik mendeetan zehar jasan duen
politika zapaltzailearen ondorioz, beraien hizkuntza eta kulturak
oso ahulduta eta, kasu askotan, desagertzeko zorian dituzte. Egoera
honen arrazoiak ugariak dira:
Alde batetik, Soviet garaian ezagutu zuten debeku eta ukazioa
aipatu behar da. 1943 eta 1944. urteetan, Stalinek Ipar Kaukasoko
zenbait herri (karatxaiarrak, kalmikiarrak, txetxeniarrak, ingushiarrak
eta balkarrak) Asia erdialdera, Kazakhstanera eta Siberiara deportatu
zituen alemanei laguntza ematen ari zirenaren salaketapean. Berrogeitahamargarren
erdialdean Khruschev-ek beraien herrialdeetara bueltatzeko eskubidea
eman zienerarte egon ziren beraien herrialdeetatik kanpo.
Arrotzak ziren lurralde, bizimodu eta klimaren ondorioz, jende
ugari hil (Kalmikoen artean heren bat, adibidez) eta beraien identitate
eta harrotasun nazionala oso ahulduta gelditu ziren. Deportazioak
ezagutu zituzten herrietan, transmizioa eten (Kalmikiako Errepublikan,
adibidez, ikaslegoaren %95-ak ez daki kalmikoz hitzegiten gaur
egun) eta hizkuntzaren prestigioa ahulduz joan da egunetik egunera.
Errusiar eta inguruko herrialdeetako biztanleen migrazioak hizkuntzarengan
izan duten eragin ezkorra aipatu behar da, bestalde. Ipar Kaukasoko
herri gehienek etorkin errusiarren kopuru handiegiak ezezik, zenbaitetan
errusiarrak bertakoak baino gehiago izatera heldu dira. Adigei
eta Karatxai-Txertxesian, adibidez, errusiarren portzentaiak %68
eta %42-koak dira. Aditu batzuen ustez, gainera, portzentaia hauek
handitu egin dira azken 10-15 urteotan (batzuen ustez, 500.000
dira azken aldi honetan etorritakoak) eta ez dirudi epe laburrean
migrazio hauek bukatzeko itxurarik dutenik. Lehen bezala, gaur
egun ere Kaukasoa joan-etorri izugarria duen lurraldea da.
Ez da ahantzi behar, dena dela, larogeigarren hamarkadaren azkenetan
Gorbachev-ek hasi zuen Perestroikaren ondorioz, identitate nazionalaren
garapena erraztu eta asimilazio prozesua pixka bat gelditzea lortu
zela. Izan ere, garai honetan errepublika ezberdinek beraien hizkuntzen
ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, 1990. urtean Soviet Gorenak
SESB-eko Hizkuntzen Legea onartu zuen. Araudi berri honekin, errusiarrarekin
batera errepubliketako hizkuntzen ofizialkidetasuna erraztu zen.
Era berean, hezkuntzan erabili behar ziren hizkuntzei eta, orokorrean,
kulturen ezberdinen etorkizunari buruzko eztabaidak, zein hizkuntzen
babeserako zenbait ekimen eta lan (hiztegiak, hizkuntza ezberdinetan
idatzitako liburuak, komunikabideak...) bultzatu ziren.
Gaur egun, elebitasunaren aldeko jarrera argia agertzen dute Errusiar
Federazioko agintariek. Errusierak Lingua Franca gisa zonalde
anitz honetan izan dezakeen garrantzia aldarrikatu eta errusiar
jatorria dutenen interesak defendatzearen aitzakiarekin, Ipar
Kaukasoko herrien hizkuntz menpekotasuna ziurtatu nahi dutela
dioten ahotsak ez dira gutxi. Izan ere, diglosia egoera batek
errusiarren interes politikoak ziurtatzen, hau da, Ipar Kaukasoko
herrien menpekotasuna mantentzen lagunduko bailuke.
Zenbaitek garapen kulturala ahalbidetuko duten oinarriak jartzeko
gogoa agertzen badute ere, Errusiar Federazioak bizi duen krisi
ekonomiko larriak aurrerapausoak ematea zailtzen du. Elikagaiak
erosteko dirurik ez dagoen herrian, are eta gutxiago dago kultura
eta hizkuntzen egoera hobeagotzeko. Eta egia esan ez litzateke
horrela izan behar zeren Ipar Kaukasoko errepublika asko eta asko
baliabide natural ugariren jabe dira (gas eta petroleo, bereziki).
Hori bai! eskrupulorik gabeko agintari eta mafien gehiegikerien
menpe bizi diren heinean, zaila dute gaur egun egoerari buelta
eman eta behar bezalako hizkuntz eta kultura politikak bultzatzea.
Zentzu honetan, beraien identitate nazionala sendotzeko borondate
gutxi ikusten da agintariengan.
Etorkizun beltza dute, beraz, Ipar Kaukasoko kultura eta hizkuntzak.
Zaharrak hiltzen doazen heinean, zenbait hizkuntza desagertu egingo
dira eta, epe laburrean, errusiera bizitzako arlo guztietan gailenduko
da. Ofizialkidetasunak nolabaiteko esperantzak zabaldu baditu
ere, ezer gutxi aurreratu da. Gauzak asko aldatzen ez badira,
40-50 urtetan lurralde honetako hizkuntza asko eta asko desagertu
egingo direla pentsa daiteke.