Belgika: bateragarriak ote dira puzzlearen atalak?
Testua: Aitor Zuberogoitia. Zenbat Gara aldizkaria, 3.
zbk, 48. orr.
Desberdintasun ekonomikoek eta Bertako hizkuntz-komunitateen
ikuspegi diferenteek ezbaian jar dezakete Estatu horren etorkizuna.
Auzia konpontze aldera azken urteotan ezarritako federalismoaren
formulak ez ditu urak baretu, eta ez dago batere argi zer gerta
daitekeen etorkizunean.
Iragan urtearen hondarrean egunkarietan irakurritako albisteek
jarri gintuzten atezuan: berriek ziotenaren arabera, giroa berotzen
ari zen flandriarren eta waloniarren artean, Flandriako Legebiltzarreko
batzorde batek Estatuaren erreforma sakona proposatu eta gero.
Flandriarrek (nederlandera hiztunak) Estatu zentralari eskumen
gehiago kentzea eta aginpide horiek eskualdeei ematea gura zuten,
baina waloniarrak (frantses hiztunak) ez zeuden batere ados haien
eskabideekin. Horrez gain, hedabideak hipotesi bat haizatzen ere
hasiak ziren: zurrumurruen arabera, posible bide litzateke etorkizun
ez oso urrunean Estatu belgikarra desagertzea, berau osatzen duten
bi komunitate nagusiak aldameneko estatuen epelera (waloniarrak
Frantziara eta flandriarrak Herbeheretara) ate-joka joan eta gero.
Irakurritako berri nahasiek artega utzi gintuzten, eta, jakinminak
bultzatuta, gai horri buruzko informazioa biltzen hasi ginen.
Denbora gutxian datu-oldea metatu zitzaigun mahai-gainean, baina
datu hotz horiek eskaintzen ziguten perspektiba zelan edo halan
osatu nahian (eta egunkari zein albiste-agentziez larregi fidatzea
komeni ez delako ere bai) gertuagoko ikuspegi baten bila hasi
ginen, lehenengo eskuko informazioa eskuratu guran. Ahalegin horri
esker, Catherine Verbruggen eta Luk Groven izan ditugu gidari
flandriar, waloniar eta enparauen lurretan zehar egin dugun bidaian.
Luk Groven:
* Luk Jeuk-ekoa da (1.300 biztanleko herrixka bat). Berak adierazi
digunez, hizkuntz-mugan dago herri hori. «Hain dago mugan»
diosku- «non nire izeko zenaren etxearen zati bat,
adibidez, Flandriako lurretan dagoen (zergak Limburgoko probintziari
ordaintzen dizkiola), eta lorategia, aldiz, Waloniako lurretan,
zergak Liejako probintziari ordaintzen dizkiola. Eta han jaio
nintzen ni. Beraz, ez naiz flandriar prototipikoa, ia-ia elebiduna
bainaiz jaiotzez».
* Hala ere, argi utzi gura izan digu bera flandriar sentitzen
dela, eta ez belgikar. Hori argitu ostean, zera gaineratu du:
«Flandriarrontzat Belgika estatu artifiziala da, 1830ean
artifizialki sortua, baina belgikar deitzen bagaituzte
ez gara sutzen zuei espainol deitzen dizuetenean sutzen
zareten moduan. Nik nire izaera flandriarra bizi dut, eta ez daukat
hori aldarrikatzen ibili beharrik».
* Lukek Bilbo eta Bizkaiko Ur Partzuergoan dihardu beharrean
gaur egun.
Catherine Verbruggen:
* Bruselan jaioa da. Kulturalki frantses-hiztuna da, baina flandrieraz
berbetan ikasi zuen eskolan.
* Catherinek aitortu digunez, ia hamar urte dira dagoeneko Belgikatik
kanpo bizi dela: «Dena den, nire familiaren jatorriari erreparatzen
hasita, Verbruggen da nire abizena, eta deitura hori flandriarra
da, goitik behera. Eta hori da kontua: denon abizenak oso nahastuta
daudela. Hala ere, Bruselan bizi garen frantses hiztunak bruselar
sentitzen gara beste ezer baino gehiago, belaunaldi asko daramatzagulako
han bizitzen. Esate baterako, nire nortasunari buruz galdetzen
badidazu, nik ez dizut esango waloniarra naizenik, frantses hiztuna
naizela baizik, frantsesa baita nire hizkuntza. Hala ere, norbaitek
frantses deitzen nauen bakoitzean jauzi egiten dut, ez
baitut nire burua frantziartzat. Frantses hiztuna naiz, bai, baina
ez naiz frantziarra, belgikarra baizik».
* Bilbon bizi da Catherine ere; Bizkaiko hiriburuko hizkuntz-akademia
batean dihardu beharrean, frantsesa irakasten.
ESTREINAKO HURBILKETA
Nahitaezkoa da hizkuntz-komunitate bien historiari, datuei eta
gaur egungo egituraketa administratiboari erreparatzea hizpide
dugun auzia behar bezala ulertzeko
Flandria: Azalera 13.512 km2 / biztanleria 5.912.382
Walonia Azalera 16.845 km2 / biztanleria 3.326.707*
Brusela 161 km2 / biztanleria: 953.175
* Horietatik 70.119 biztanle alemanieraz mintzatzen dira
1998ko datuak (Iturria: Euskaldunon Egunkaria).
Flandriarrak Estatu belgikarraren iparraldean bizi dira. Flandria
populazio-dentsitate handiko lurraldea izan da beti, eta gaur
egun ia-ia sei milioi lagun bizi dira bertan (ia-ia belgikarren
%60). Nederlanderaren dialektoa den flandrieraz egiten dute berba.
Waloniarrak, aldiz, Belgikako hegoaldeko Walonia eskualdean bizi
dira. Ia-ia hiru milioi eta erdiko lagun-taldea osatzen dute (Belgikako
populazioaren %30, gutxi gorabehera).
Waloniarrak gaur egungo Belgika eta Herbehereei dagokien antzinako
Galia eskualdean bizi zen jatorri frankoko herri baten ondorengoak
dira. Erromanizazioaren ostean, herri horretako biztanleak frantsesaren
dialekto batean mintzatzen hasi ziren. Horren ondorioz, eta kulturari
dagokionez batik bat, antzekotasuna dago herri frankoen eta waloniarren
artean.
Denborarekin, germaniarrek eskualde hartako iparraldea (gaur egungo
Flandriari dagokion eskualdea, alegia) hartu zuten, waloniarrak
gaur egun hedaturik dauden eskualdera (Waloniara, hain zuen) bultzatuz.
Erdi Aroan Flandriak garapen ekonomiko garrantzitsua izan zuen
merkataritza eta ehungintzako artisau-lanei esker batik bat. 1830ean,
berriz, flandriarrak waloniarrekin batu ziren Belgika sortzeko.
Pixkanaka frantsesa nagusitu zen burokrazian, justizian eta hezkuntzan,
eta horrek eragin nabarmena izan zuen nola flandriarren hizkuntzan
hala euren kulturan. Gainera, Napoleonen garaian Walonian industria
asko garatu zen burdin-hobi eta ikatz-mea ugariei esker.
Haatik, XIX. mendearen bigarren erdialdean mugimendu kultural
eta politiko garrantzitsua loratu zen flandriarren artean; horren
eraginez, ordura arte behe-mailako jendeak baino erabiltzen ez
zuen flandrierak susperraldia ezagutu zuen eta autonomiaren aldeko
sentimendua berpiztu zen, industria eta merkataritza garatzeaz
batera. Flandriera Flandriako hizkuntza ofiziala bihurtu zen eta
unibertsitate flandriarra sortu zuten.
Luk Grovenek azaldu digunaren arabera, «XIX. mendean jaio
zen mugimendu flandriarra. Erromantizismo pangermanikoaren eraginez
gizatalde flandriarrak euren kultur nortasunaren eta hizkuntzaren
garrantziaz jabetu ziren eta mugimendu indartsua jarri zuten abian».
Pangermanismoa aipatu digu Lukek, eta hori entzunda galdera
bururatu zaigu guri. Alemania edo Holanda: zein izan da historian
zehar flandriarren erreferentzia nagusi? «Biak», erantzun
digu Ur Partzuergoko beharginak. «Dena den», erantsi
du segidan, «Holanda berba ez zait oso egokia iruditzen,
Holanda, funtsean, Herbeheretako probintzia bat delako. Aipatu
didazun kontuaren hariari helduta, hala ere, zera esango dizut:
mugimendu flandriarrean oso eskumakoa den adar bat dago, Verdinaso
izenekoa. Tira, kontua da horiek Herbeheretako Estatu Handia (Flandria
bere baitan dela, bistan da) sortzearen alde daudela».
Estatu federalera arteko bidea
XIX. mendeko kontuetara itzulita, dena den, zera gogoratu beharra
dago: garai hartan flandriarrak kopuru aldetik nabarmen ugaritu
ziren eta horrekin batera mugimendu politiko eta kultural garrantzitsua
loratu zen. Waloniarrak, aldi berean, eta frantsesa eta euren
kultura arriskuan zegoelakoan, euren interesak defendatzeko elkartu
ziren eta mugimendu abertzalea sortu zuten. Beren artean bi jarrera
nagusitu ziren: batetik, Belgikatik bereiztu eta Frantziari batzea
proposatzen zuten waloniarrak zeuden; bestetik, berriz, irtenbide
bezala Belgika estatu federal bihurtzea proposatzen zutenak.
Bi planteamendu horien arteko eztabaida bizi-bizi zegoela, frantses
ugari joan zen Bruselara bizitzera; hainbeste non ezarian-ezarian
Belgikako hiriburua hiri frantses-hiztun bihurtu baitzen azkenerako,
nahiz eta Flandria eskualdean egon. Horrek gatazka ugari ekarriko
zuen. Gatazkak areagotu egin ziren 1960ko hamarkadan, flandriarren
ekonomia hazteaz batera waloniarren industriaren gainbeherak langabetu-kopuru
itzela eragitean.
Bi hizkuntz-komunitateen arteko tirabirek 1968an jo zuten goia.
Lukek gogoratzen duenez, «68ko maiatzean Lovainan sorturiko
mugimenduaren eraginez gatazka beste parametro batzuetan kokatuko
zen aurrerantzean: waloniarren eta flandriarren arteko aurkakotasunean,
hain zuzen ere. Eta hori hain da horrela ezen Lovainan 1968ko
maiatzean nagusi izan zen lema honako hau zela: Waloniarrak etxera.
Guk nederlanderaz baino funtzionatuko ez lukeen unibertsitatea
nahi genuen».
Catherinek ere gogoan du zein ingurumaritan sortu zen flandriarren
erantzun hori «Baiki: frantses-hiztunak nagusi izan ziren
denbora-tartean, Flandrian bertan kokatutako unibertsitateetan
ere frantsesa zen nagusi. Lehen Mundu-Gerran, berriz, Armadako
goi-agintari denek frantsesez ematen zituzten euren aginduak,
nahiz eta soldadu flandriar asko aginduok ulertzeko gauza izan
ez. Menperakuntza handia egon da, hori ukaezina da, eta pentsatzekoa
da horrek erresumina sortuko zuela flandriarren artean».
Areagotuz zihoazen bi komunitateen arteko tirabirak baretu nahian,
1970eko konstituzioak waloniarren eta flandriarren autonomia kulturala
jaso zuen eta Estatu federalaren bideak urratzen ere hasi ziren.
Prozesu hori 1995ean onartutako aldaketa konstituzionalekin sakondu
zen, urte horretan hiru eskualdetan (Flandria, Walonia eta Brusela)
banatutako Estatu federal bihurtu baitzen Belgika.
Alabaina, zelan artikulatu hiru eskualde eta hiru hizkuntz-komunitate
dituen Estatu federala? Hara zein den Belgikan baliatu duten formula:
batetik, Estatu federalari berari dagozkion erakundeak daude.
Lehenengo eta behin, bi ganberadun legebiltzarra: sufragio unibertsalez
hautatutako Ordezkarien Ganbera eta hizkuntz-komunitateen garrantziaren
arabera osatutako Senatua. Gobernu federalak, berriz, hamabost
kide ditu gehienez, eta, lehen ministroaz gain, frantses hiztunak
eta nederlandera hiztunak kopuru berean daude. Gobernuak eskumen
hauek dauzka: Armada, Jendarmeria, justizia, gizarte segurantza
eta babes sozialaren lege nagusiak (langabezia, pentsioak...),
zor publikoa, prezio politika, politika nuklearra eta enpresa
publikoen kontrola. Horrez gain, Europako Batasunaren aurrean
ere bera da erantzule.
Estatu Federalaren erakundeez aparte, ordea, eskualdeenak eta
hizkuntz-komunitateenak ere badaude. Hiru eskualde daude (Flandria,
Walonia eta Brusela), eta bakoitzak hauteskunde bidez hautaturiko
gobernua dauka. Gobernuok, berriz, honako arlo hauetan esku har
dezakete: ekonomian, enpleguan, nekazaritzan, ur politikan, etxebizitzan,
energian, herrilanetan, garraioan, ingurugiroan, lurralde antolaketan,
naturaren zaintzan, atzerri merkataritzan eta probintzien eta
udalen kontrolean.
Azkenik, hiru hizkuntz-komunitateen arabera osatutako erakundeak
ere hor dira. Frantses hiztunenaz eta flandrieraz mintzo direnenaz
gain, aleman hiztunena da hirugarren komunitatea. Flandrian, eskualde-egiturak
eta hizkuntz-komunitatearenak berdinak dira, baina Walonian frantses
hiztunek eta aleman hiztunek beste erakunde bana dute (orotara
80.000 aleman-hiztun inguru daude Walonian, populazioaren %2 inguru,
eta bizi diren probintzian alemana hizkuntza koofiziala da). Hizkuntza
komunitateon erakunde horiek, berriz, segidan izendatuko ditugun
arloetan dituzte eskumenak: kultura, hezkuntza, hizkuntza, osasuna,
etorkinen aterpea, gazteriaren babesa eta gizarte-laguntza.
Erakundeen mosaiko nahasgarria
Kanpotik begiratuta, estatu txiki samar batentzat erakunde larregi
ez ote den galdetu dugu geure bostean. Nola Lukek hala Catherinek
gure ustea berretsi dute:«Astuna izateaz gain, oso garestia
ere bada egituraketa hori» adierazi digu Lukek.
«Izugarri garestia», gaineratu du Catherinek, segidan
honako hau erantsiz: «Erokeria hutsa da egungo egituraketa
administratiboa. Behin, Gasteizen mintegi batean parte hartzen
ari nintzela, azken hogei urteak Bruselan eman dituen soziologo
txiletar bat etorri zitzaigun, eta hark emaniko azalpenekin argi
ikusi nuen egituraketa hori erabat erridikuloa dela. Zatika ezazu
Belgika hiru hizkuntza-komunitatetan (germanofonoa, flandrieraz
mintzo dena eta frantses hiztuna); horrez gain, egin ezazu beste
zatidura bat: orain zatika ezazu Belgika beste hiru puskatan,
eskualdeei (Flandria, Walonia eta Bruselako eremu mistoa) dagozkien
hiru pusketan. Hori da gaur egun han dagoen nahastea. Eta noski,
egitura mailan sekulako nahastea sortzen da, sekulako erokeria
da: oso-oso garestia da hori mantentzea, eta gero, erabakiak hartzerakoan,
inoiz ez da jakiten zein aginteri dagokion erabaki bakoitza».
Hortaz, erremedioa (Estatu federala) gaitza bera baino okerragoa
ote? Zein da erakundeen arteko talkaren ondorioz sortzen den egoera?
Zelan bizi dute hori guztia hizkuntz-komunitate bakoitzeko kideek?
Etorkizunera begira, zein izan daiteke alternatibarik egokiena?
Itaun askotxo, bai, hari horri tiraka hasita egin daitezkeenak;
nolanahi dela, behin betiko erantzunik ematerik ez dagoen arren,
honen segidan irakurriko duzuen testuan auzi horri ahalik eta
perspektibarik zabalenetik erreparatzen saiatu gara.
Elkarbizitza gorabeheratsu baten kronika
Azal samarretik bada ere, bi hizkuntz-komunitateen historia eta
egungo egituraketa administratiboa aztertu ditugu jada. Orain,
ordea, nola bataren hala bestearen ondorio den gaur egungo egoera
zelan bizi duten itaundu diegu gure lagun biei.
Behin auzia parametro horietan planteatuta, eta grabagailua piztu
ondorengo isilune laburra gainditze aldera, Luk hasi zaigu berbetan,
gisa honetan hasi ere: «Flandriera dut ama-hizkuntza, eta
hizkuntza horretan egin nituen hamabi urtera bitarteko ikasketak.
Hamabi urtetik hamazortzira bitartekoak, berriz, frantsesez, mugaldean
jaiotako gehientsuenak bezala». Zenbat jende bizi da baina
muga-inguru horretan? Catherinek argitu digu auzi hori: «Dexente,
herri asko (hogei-hogeita hamar inguru) baitago inguru horretan.
Milaka lagun, bai». Hori esan eta gero, kontua adibide grafiko
baten laguntzaz ilustratu gura izan digu frantses-irakasleak:
«Imajina ezazue herrialde guztia ezker-eskuma zeharkatzen
duen lerro artifizial bat...». Puntu horretan, ordea, Lukek
Catherinen jarduna eten egin du: «Nik ez nuke lerro artifiziala
denik esango, kulturala edo etnikoa baizik. Hala ere, hor ez dago
aduanarik ez muga-posturik, bistan da».
Habaila hartuta jada, berbetan jarraitu du Lukek: «Nolanahi
dela, ni elebidun naiz jaiotzaz, nederlanderaz -flandriera esan
beharrean hitz hori darabil Lukek- eta frantsesez mintzo naiz-eta,
baina Flandria iparraldean (Anberesen, adibidez) jaiotako lagun
batekin alderatzen banauzu, zera ikusiko duzu: han nederlandera
dela euren ama-hizkuntza, eta bigarren hizkuntza, berriz, frantsesa
edota ingelesa izan daitekeela. Eta han askok ingelesa aukeratzen
du bigarren hizkuntza moduan, frantsesa aukeratu beharrean».
Izan ere, Lukek argi baitauka bere ikuspuntua: «Nire ustez
Estatu belgikarra ez da estatu elebidun bat, bere baitan kultura
bi biltzen dituen estatu bat baizik. Komunitate bi daude han,
eta bakoitzak bere hizkuntza dauka: iparraldean nederlanderaz
mintzo dira, eta hegoaldean, Walonian, frantsesez egiten dute
berba. Brusela da salbuespena, Flandriako lurretan egonagatik
elebiduna baita (horregatik hain juxtu, flandriarrek Brusela euren
minbizia dela diote)».
Brusela, edo komunitateen inkomunikazioa
Catherine bruselarra da jaiotzez, eta badu hango berri: «Bruselan
bizi garen hizkuntza-komunitate desberdinak elkarrengandik oso
bereiztuta bizi gara. Ni neu hogeita bost urtez bizi izan naiz
han, eta kasik inoiz ez naiz mintzatu flandrieraz kalean. Frantses
hiztunok geure ikastetxeak, geure kiroldegiak eta geure tabernak
ditugu, eta flandriarrek ere berdin. Gogoan dut zelan eskola-garaietan
eguerdi-partean batzuetan kafetxe flandriarrera joaten ginen,
guretzat bitxia zelako han flandrieraz eskatzea eta hara joatea,
jakin bai baikenekien han flandriarrak baino ez zeudela. Hori
ez da ohiko jokabidea ordea, normalean jendea bere hizkuntza berean
mintzo diren lagunak dabiltzan tokian baino ez baita ibiltzen.
Nik Espainia, Arabia, Txile eta beste zenbait lekutako lagunak
ditut Bruselan, baina ez dut lagun flandriarrik. Kasualitate hutsa
da apika, ez dakit; Frantziako lagunik ere ez dut, eta frantses
ugari bizi da Bruselan».
Kasualitatea izan ala ez, zera gaineratu du segidan bruselar honek:
«Egia da, ordea, bi komunitateek kasik ez dutela elkar ezagutzen;
belaunaldi kontua ere bada: nire osaba-izeko batzuek, adibidez,
aurreuste negargarriak dituzte flandriarrekiko». Lukek ere
ondo baino hobeto daki zertan den aurreusteen kontu hori: «Nik
hori bizi izan dut: eskolan, flandrieraz ikastetik frantsesez
ikastera igaro nintzenean, mesprezatu egiten ninduten, baserritar
azpigaratutzat ninduten. Gero, Flandriaren egoera ekonomikoa hobetuz
joan ahala, aurreuste horiek desagertzen joan dira, hori bai».
«Baina aurreko belaunaldiaren aurreuste horietako askok
zutik dirau, eta gustu txarreko txantxa asko egiten dira oraindik»,
jarraitu du Catherinek, Luken haritik tiraka: «Nire ustez,
Bruselan bizi den flandriar batek zera sentituko du: berak ez
daukala frantses hiztun batek adina aukera, leku askotan ez duelako
aurkituko bere hizkuntzan mintzo den lagunik».
Brusela, edo sentipen berezi bat
Brusela berez Flandrian dago (Flandriako Brabant izeneko probintzian,
hain juxtu), baina frantses hiztunak dira nagusi bertan. «%80
baino gehiago dira frantses hiztunak», diosku Catherinek
(eta ez dabil oker, guk bildutako datuen arabera %10ek baino ez
baitu flandriera ama-hizkuntza gisa Belgikako hiriburuan). «Ez
dakit nik frantses hiztun horiek jatorriz waloniarrak izango diren
edo zer; baietz uste dut nik. Nire familiaren jatorriari erreparatzen
hasita, Verbruggen da nire abizena, eta deitura hori flandriarra
da, goitik behera. Eta hori da kontua: denon abizenak oso nahastuta
daudela. Hala ere, Bruselan bizi garen frantses hiztunak bruselar
sentitzen gara beste ezer baino gehiago, belaunaldi asko daramatzagulako
han bizitzen. Esate baterako, nire nortasunari buruz galdetzen
badidazu, nik ez dizut esango waloniarra naizenik, frantses hiztuna
naizela baizik, frantsesa baita nire hizkuntza. Hala ere, norbaitek
frantses deitzen nauen bakoitzean jauzi bat ematen dut,
ez baitut nire burua frantziartzat. Frantses hiztuna naiz, bai,
baina ez naiz frantziarra, belgikarra baizik. Eta hala ere, belgikarrok
ez daukagu estatu jakin bateko partaide etnikoak gareneko sentipen
larregirik. Haatik, hori horrela izanagatik, ez ditut batere (baina
batere) gogoko uneotan batzuk aztertzen ari diren aukerak: alegia,
Flandriak Estatu autonomo bat sortzea, edota Flandria Herbeherekin
eta Walonia Frantziarekin elkartzea».
Gai honek bereziki kezkatzen du Catherine, eta bere kezken nondik
norakoak argitu gura izan dizkigu: «Bruselara itzultzen
naizen bakoitzean hain berezi eta berezko den hango ahoskera entzuteak
hunkitu egiten nau; oso ahoskera gogorra da, eta frantziarrek
euren telebistan propio baliatzen dute, gutaz trufatzeko. Nik,
ordea, oso gustuko dut; oso gustuko dut halaber jendea flandrieraz
berbetan entzutea. Era berean, Bruselan ia-ia flandriera beste
entzuten den arabiera aditzea ere laket zait. Hitz batean: hiri
kulturaniztun bateko partaide izatea dut gogoko, eta aniztasun
hori osatzen duen elementu bakoitza nire nortasunaren atal da».
Horiek entzunda, Lukek Catherineren esanak zehaztu nahi izan ditu:
«Hori bruselarrok oso berezkoa duzuen sentipena da. Haatik,
flandriarra Flandriarekin baino ez da identifikatzen, eta nederlanderaz
mintzo da. Waloniarra, berriz, Waloniarekin identifikatzen da,
eta frantsesez hitz egiten du. Brusela, aldiz, beste mundu bat
da».
Eta zein da Lukek berak Belgikarekiko duen identifikazio-maila?
«Ni flandriar sentitzen naiz, eta ez belgikar. Hori gauza
bat da, eta beste bat Herbeherekin bat egin nahi izatea. Egia
esan, elementu politiko, kultural zein ekonomikoei erreparatuz
gero, posible litzateke Herbeherekin bat egitea (erlijio kontuetan
ez ordea, flandriarrak katolikoak eta nederlandarrak protestanteak
direlako); Flandriako ekonomia oso indartsua da, eta ondo baino
hobeto moldatu ahal izango ginateke Herbeheretako egitura politikoan.
Waloniako ekonomia, aldiz, gainbeheran dago, eta ez dut uste frantsesek
haien zorrak euren gain hartu nahiko lituzketenik».
Baina... nahiko ote lukete waloniarrek eurek Frantzian integratzea?
Catherineren ustez, «beharbada izango da hori irrikatzen
duen waloniarren sektore bat, baina ez dut uste frantziarrek asmo
hori begi onez dakusatenik. Adibidez, gustatuko ote litzaioke
Kataluniari hemengo Ibar Ezkerra bere baitan hartzea? Izan ere,
Sestaon, Barakaldon eta abarretan dauden bezala daude waloniarrak
ere: langabezia, krisia...».
Puntu honetara helduta, zera adierazi digu Lukek: «Dena
den, guk ez dugu zuek (euskaldunongatik ari da) bezain sustraitua
lurraldetasunaren kontzeptua. Estatu belgikarrean hizkuntza (eta
ez kultura) da ezberdintasun-faktore nagusi; izan ere, flandriarren
kultura eta waloniarrena ez dira hain desberdinak. Ekonomia, aldiz,
bai; hor alde handia dago. Politikoki, berriz, flandriarrak eskuindarrak
edo zentrokoak gara nagusiki, gutxi dira ezkertiarrak».
«Hor», jarraitu du Catherinek, «Elizaren eragina
ere aztertu beharko genuke, Flandrian dezenteko zeresana izan
baitu. Walonian, ordea, eragin nagusia Alderdi Sozialistarena
izan da. Nik uste egon badaudela karaktere desberdinak; flandriarrek
atxikimendurako, konprometitzeko joera gehiago daukazue: nola
eskuin muturrak hala bakezaleek edota internazionalistek Flandrian
duten indarra da horren erakusgarri. Muturretara jotzeko joera
handiagoa duzue, beraz».
Dirudun izatearen garrantzia
Catherinek esan berri duenak hizpidea jarri digu. Izan ere, Flandriari
buruz berba egitean askotan eskuin muturrarekin kidetu izan ohi
da hango mugimendu abertzalea: Azuia zertan den galdetu diogu
Luki. Hara zer erantzun digun: «Eskuin muturrak indar handia
du Flandrian, egia da. Anberesen, esate baterako, bozen %30 eskuratzen
du. Hitlerren ideietatik gertu daude, eta arrazakeria da euren
adierazpiderik garbiena. Arrazakeria, bai; waloniarren kontrakoa
baino, sentimendu hori gehiago da Turkia, Ipar Afrika, Espainia,
Italia eta abarretatik iritsitako etorkinen kontrakoa. Guk 1968an
«waloniarrak etxera!» oihukatzen genuen Lovainako unibertsitatean,
eta orain %30 horrek «etorkinak etxera!» egiten du garrasi.
Ez da txantxetako kontua, are gehiago nazismoa denboran horren
urrun ez daukagula gogoan izanez gero. Uste berekoa da Luk ere:
«Horrela da, bai. Nire gurasoen belaunaldi flandriarreko
kide askok gogoko zuen Alemania Handiaren ideia, bertan Flandriak
tokia izanen zuela uste baitzuten. Kontuan izan behar da Hitlerrek
autonomi-estatutu zabala eskaini ziela flandriarrei; horrez gain,
eskola zein unibertsitateetako ateak nederlanderarentzat zabalik
izanen zirela ere agindu zuen, eta jende anitz erori zen amarru
hartan; horren ondorioz, nazismotik hartutako ereduek dezente
kutsatu zuten berez gizalegezkoa ez ezik logikoa ere baden aldarrikapena
(independentzia edota autonomi-estatutu zabala galdegitea, alegia)».
Catherinek, ordea, badu zalantzarik: «Azken urteotan goraka
ari da flandriar abertzaletasuna, baina, aipatu berri dugun eskuin
muturraz gain, zer beste osagai ditu mugimendu horrek?».
Luken arabera, «sentimendu hori flandriar abertzaletasuna-
gorantz doa, bai, eta geure hizkuntzan mintzatzeko guraria eta
geure kultura garatzeko irrika ditu akuilu nagusi. Egia esan,
horiek sendo ditugu dagoeneko: ez dugu flandriarrak garela aldarrikatzen
ibili beharrik, izan bagara-eta. Hori horrela izanik, ekonomiak
garrantzi itzela dauka. Flandrian eskuin muturra ez ezik demokrazia
kristaua ere separatista da. Zergatik? Adibide bat jarriko dizut
kontu hau ilustratzeko: jende askok dio familia flandriar batek
urtean ordaintzen dituen zergek familia waloniar bati langabeziagatik
jaso beharreko dirulaguntza jasotzea ahalbidetzen diotela. Hori
ikusirik, flandriarrak kexu dira, ordaintzen dituzten zergekin
funtsean waloniar langabetuen dirulaguntza-sistema finantziatzen
ari direlako. Eta hori oso gogorra da».
«Baina hori da Gizarte Segurantzaren oinarria», ihardetsi
du Catherinek: «Argi dago azken urteetan Flandria Walonia
baino askoz indartsuagoa dela ekonomikoki. Walonia meatz eta industria
lurraldea izan da, eta orain hori guztia krisian dago, leku batzuk
hemen Barakaldo edota Sestao dauden bezala daude. Hango bazter
batzuk oso aberatsak izan ziren; duela hogeita hamar urte han
sortutako aberastasunari esker eraiki ziren orain indartsu dauden
Flandriako industriak. Gizarte segurantzaren sisteman elkartasun
hori ezinbesteko elementua da; hau da, lurralde aberatsak krisian
dagoen lurraldea lagundu behar du».
Lukek ere Catherinen berbak berretsi ditu: «Duela hirurogei-hirurogeita
hamar urte Walonian zegoen kokatua aginte ekonomikoa, burdingintza
eta ikatz-meatzeak zirela tarteko. Non zeuden pobreak, non nekazariak?
Flandrian. Bigarren Mundu-Gerra ostean Marshall plana iristean,
ordea, Flandriara bideratu zen dirua, Anberesko portura. Diru
hori Flandria industrialtzeko baliatu zen; anartean, Walonia gainbeheraka
hasi zen. Mende erdian, beraz, hizkuntza gutxitu eta baztertu
bat zuen lurralde txiro-samarra izatetik ekonomikoki oso indartsu
izatera igaro gara».
«Baina», bota du Catherinek bat-batean, «autonomia
edota independentzia ideien oinarrian sentimendu hori egotea (alegia,
«ez dugu besteen langabetuak mantendu gura»)... Logika
horrekin ez goaz inora. Ongizatezko Estatuaren funtsa aberastasuna
banatzean datza».
Luk, aldiz, ez da iritzi berekoa: «Baina hori elkartasunaren
diskurtsoa da. Gauza bat da flandriarrak hirugarren munduko herrialdeekin
solidario izatea, baina horrez gain Waloniarekin ere solidario
izatea... Kontu egizu flandriarrontzat Belgika estatu artifiziala
dela eta guk soilik flandriartzat dugula geure burua».
Nazionalismo pragmatikoa eta herriminha
Ikuspegi desberdina du, agidanean, hizkuntz-komunitate bakoitzak
(orokorrean mintzo gara, jakin badakigu eta hizkuntz-komunitate
bakoitza tentuz aztertzen hasiz gero salbuespenak eta zehaztu
beharreko zerak ere dezente topatuko genituzkeela). Ildo horretatik
abiatuta egin digu berba Catherinek: «Kontua zera da: edozein
eztabaidaren aurrean, alderdi politiko denek euren hizkuntz-komunitatearen
interesak hartzen dituztela kontuan, euren alderdiaren ideologia
bigarren mailan utzita. Joera hori geroz eta agerikoagoa da».
Lukentzat, ordea, esaldi horiek zehaztu beharrekoak dira: «Alderdi
flandriarrak (demokrazia kristaua, sozialistak, ekologistak, eskuin
muturra) Estatu belgikarra zatitzearen alde daude. Denak. Apika
ekologistak eta ezker muturrekoak dira salbuespena (eta hala ere,
horiek kasik ez dute indarrik). Eta berriz esango dut: arrazoi
ekonomikoak dira flandriarren banandu-nahi horren eragile nagusia
(arrazoi kulturalak ez dira horren indartsuak, kultura mailan
lortu beharreko ia guztia lortu dugu-eta). Eta gauza bera esan
dezakegu waloniarrez ere: ez dute Belgika zatikatzerik gura, euren
ekonomia oso ahula delako, eta flandriarren dirulaguntzarik gabe
gorriak ikusiko lituzketelako, Walonia gainbehera garbian baitago».
«Belgikatik kanpora ateratzean», ekin dio Catherinek,
beste gai bati helduta, «jabetzen naiz ni nire herriaren
berezitasunaz. Kanpoan bizi naizenetik harritu nauen gauzetako
bat honako hau izan da: zelako premia gutxi sentitu dudan neure
belgikartasuna aldarrikatzeko. Frantsesak, konparazione, askozaz
frantsesago sentitzen dira gu belgikar baino». Gure Bruselako
lagunak zabaldu bidetik abiatu da Luk ere: «Zuek (euskaldunongatik)
atzerrira zoaztenean lehenengo egiten duzuen gauza euskal etxe
bat sortzea da. Baduzue talde-sentimendu hori; ez da gure kasua.
Bilbon bagaude flandriar batzuk (50 inguru), baina ez dugu elkarterik
sortu».
«Are gehiago», jarraitu du Catherinek, «nik
ez dut belgikarrik ezagutzen Bilbon, eta ez dut sentitzen haien
bila hasteko premiarik. Bost axola niri; erkideren bat aurkitzen
badut, ba ondo, baina besterik gabe. El Salvadorren izan nintzenean,
aldiz, Bilboko jendea beti batu egiten zen, afariak egiten zituzten...»
Etorkizun gurmatsuari begira
Sentimendu lausoa, eremu labaina izaten da zenbaitzutan aberriarena;
Mikel Ibarguren poetak aberria, izan, norberak bere baitan
daraman lur zatia baino ez dela utzi digu idatzirik. Horri
gagozkiola, Catherinek bihotzean daraman lur zatia eta Frantzia
den lur zati eskerga hori berbeta berean mintzo dira. Hortaz,
ba ote dago esaterik Frantzia ere gure Bruselako lagunaren aberri
dela? Berak argituko digu hori ondoen: «Niri dagokidanean,
Brujas edota Anberesen nagoenean (Flandriako hiriak biak ere)
gehiago sentitzen naiz nire herrian, (beste hizkuntza batean mintzo
diren arren) Parisen nagoenean baino (nahiz eta hor nire hizkuntza
berean egiten duten berba). Niretzat atzerriko hiria da Paris».
Eta Luk? Zein da Lukek bere baitan daraman lur zatia? Atzerrian
sentitzen ote da Herbeheretan dagoenean? «Bai, bai. Maastricht
(Herbehereak) nire herritik 30 kilometrora dago, baina hango biztanleak
nederlandarrak dira niretzat, ez dira flandriarrak. Hizkuntza
komuna dugu, hori bai, baina flandriarrontzat atzerriko herrialdeak
dira Herbehereak».
Behin hori esanda, ordea, zehaztapen bat egin gura izan du Ur
Partzuergoko beharginak: «Flandriarrak nazionalista pragmatikoak
gara. 1968an waloniarrak Lovainatik bota genituen, eta gaur egun
jende askok uko egiten dio frantsesa bigarren hizkuntza modura
ikasteko aukerari, frankofonoen inperialismoari erantzute aldera;
baina hori bai, ingelesa berehala ikasten dute».
«Ba ingelesa baino hizkuntza inperialistagorik...»
bota dio Catherinek berehala. Alabaina, uste berekoa da Luk bera
ere : «Arrazoi duzu, bai; baina, lehen esaten ari nintzenarekin
jarraituz, egun erabat flandriarra den Lovainako unibertsitate
katolikoan bertan, azken urteotan hainbat ikasgai ingelesez irakasten
dituzte; enpresetan ere berdin: barneko kontuetan nederlandera
baliatuko dute, baina gero tratuak ingelesez eginen dituzte».
Eta, pragmatismo hori tarteko, Flandrian nederlandera garatuz
joan ahala, zientzia fikzioa litzateke Herbeherekin bategitea
planteatzea? «Hori planteamendu gauzagarria dela uste dut»,
diosku Lukek, segidan honako hau erantsiz: «Etorkizunaren
oinarria, nolanahi dela, Estatu belgikarraren zatiketan datza,
ezinbestean; izan ere, zeintzuk dira gaur egun gure esku ez dauden
eskumenak? Atzerriko merkataritza? Baahh... Guk atzerrira produktuak
saltzen ditugunean, Flandriaren izenean saltzen ditugu. Armada?
Egia da, ez dugu Armadarik, baina etorkizunean Armada bakarra
izanen da kontinentean: Armada Europarra; beraz... Gizarte Segurantza:
hortxe dago gakoa, hori da falta zaiguna. Baina Belgika zatituko
dela, hori gauza ziurra da. Flandrian nagusi den Demokrazia Kristauak
ere gaur egun hori galdegiten du, hortik atera kontuak».
Catherineri ere etorkizunari buruzko hipotesiren bat haizatzeko
eskatu diogu. Hara zer erantzun digun: «Ez dakit, hona hango
oso albiste gutxi iristen denez... Badirudi Euskal Herrian oro
har beste prozesu batzuekiko interes gutxi dagoela. Kontuak kontu,
hara joaten naizen bakoitzean tristura handia sortzen dit Belgika
zatika daitekeela pentsatzeak. Ez daukat batere argi kontu hori.
Zer gertatuko litzateke, adibidez, Bruselarekin?».
Lukek badu proposamen bat hiriburuaren afera konpontzeko: «Brusela
kasu berezia da. Flandriako lurraldean dago, baina aparteko kasua
da, %80 inguru frantses hiztuna delako. Nire ustez, etorkizunean
estatutu berezia edukiko du Bruselak, Europako hiriburua izango
baita. Hori erabat bideragarria izan daiteke Europako Batasunaren
barruan. Gero, Estatu flandriarra sortuko den? Ez dakit; litekeena
da. Beharbada ez du Estatu izenik edukiko, baina...».
Ikuspegi bi, sentipen desberdin bi, bistan denez. Eta etorkizuna,
lausoa, gurmatsua. Momentuz, flandriarrek eskumen gehiago eskatu
zituzten iragan martxoan; horrez gain, Flandriako aginte autonomikoak
Bruselako erkidego autonomoa berez desager dadin gura du, Belgikako
hiriburuaren kudeaketa Flandria eta Waloniaren artean banatua
gera dadin (flandriarren ustez egungo ereduak gehiegizko nagusitasuna
ematen baitie frantses hiztunei). Eta noski, waloniarrak ez daude
ados. Giroa nahasia da, beraz, eta hipotesiak ere ugari airean;
heldu den ekainaren 13an hauteskundeak izanen dituzte Belgikan
eta apika panorama apur bat argitzen hasiko da orduan, baina,
ikusitakoaren arabera, kontuak oraindik luze joko duela dirudi.
Zentroak eta periferiak
Lukek adierazi digunez, flandrieraren egoerak badu zerikusirik
euskararen egoerarekin. Ur Partzuergoko beharginaren arabera,
«guk dialekto mordoa daukagu. Nirea, adibidez, Alemania
behealdean hitz egiten duten mintzairaren kopia da, funtsean.
Nolanahi dela, flandriarron artean baliatzen dugun komunikazio-hizkuntza
(zuen euskara batua, alegia) zuek modu desegokian holandera
bezala izendatzen duzuen hori da. Izan ere, Herbeheretako hizkuntza
nederlandera baita».
«Flandriarron kulturaren berloratze handia», jarraitu
du Lukek, «1950 eta 60ko hamarkadetan abiatu zen. Ni 1950ean
jaiotakoa naiz, eta txikitan herriko dialektoan irakasten zidan
maisuak. 1955-1960 urteez geroztik, aldiz, kultur pizkundea iritsi
zen, eta, horrekin batera, flandriarron kontzientzia-hartzea.
Horren ondorioz, jendea dialektoak bateratuko lituzkeen eredu
estandar baten premiaz jabetzen hasi zen. Izan ere, nor bere dialektoan
mintzo bada, ezin dugu elkar ulertu. Anberesko lagun bat bere
berbetan hitz egiten hasiko balitzait eta nik nire herriko dialektoan
erantzungo banio, ez genuke elkar ulertuko».
Zein da, baina, estandar hori eraikitzeko hobetsi duten eredua?
Nederlandera, agidanean: «Nederlandera da gure inspirazio-iturri
nagusia. Hori hain da horrela non Flandriako ikastetxe, institutu
eta unibertsitateetan irakasten dutena Herbeheretako nederlandera
berbera baita. Dena den, guk oraindik bide luzea dugu egiteko,
Herbeheretan baliatzen duten nederlandera askozaz garatuago baitago
Flandrian baliatzen dugun nederlandera baino».
Hori entzundakoan, Catherinek ere elkarrizketan parte hartu gura
izan du: «Nire kasuan behintzat», esan digu, «Herbeheretan
nekez molda naiteke eskolan ikasi nuen nederlanderarekin, hango
azentua oso desberdina da-eta». Lukek ere baietz dio, horrela
dela, eta gaur egun Herbeheretako biztanleek duten hizkuntz-mailara
iritsi orduko gutxienez flandriarren belaunaldi bi igaro beharko
direla aitortu digu.
Catherinek azaldu digunez, berriz, bertako dialektoez gain frantsesez
mintzo dira Walonian. Dena dela, Frantzian barre egiten omen diote
waloniarren frantsesari, haien ahoskatzeko moduari: «Kultura
gutxiko jende-modutzat gauzkate, bai. Adibide bat jarriko dizut
esanikoa ilustratzeko: nik hizkuntza akademia batean dihardut
beharrean, frantsesa irakasten. Bada, lanean hasi baino lehen
zuzendariarekin elkarrizketa bat izan nuen, eta elkarrizketaren
ostean Frantses Sailaren arduradunak deitu zidan Iruñetik;
belgikar azenturik ote neukan jakin nahi zuen. Horrek adierazten
du zein gutxi baloratzen dituzten frantsesek gure hizkuntza eta
gure kultura. Belgikan hitz egiten dugun frantsearen esamolde
asko flandrieratik hartutakoak dira, hitzez hitz hartutakoak gainera,
baina hori aberasgarria da, ez kaltegarria». Frantzian,
ordea, barre egiten diete, barre. Eta euskaldunoi ez zaigu arrotz
haien barre-algaren hotsa, hemen ere jakin badakigu-eta zeintzuk
diren zentroak gauza guztiak bere neurri partikularraren arabera
neurtu beharraren ondorioak.
SINBOLOEN INDARRA
Nola flandriarren hala waloniarren etorkizunaren oinarria
Belgikaren zatiketan datzala esan digu lehen Lukek. Bada ordea
zatiketa hori eragozten duen oztopo garrantzitsu bat: monarkia.
Ezen paradoxa badirudi ere, batzuek zein besteek biziki estimatzen
baitituzte Belgikako errege-erreginak. «Egia da»,
diosku Lukek, «monarkiaren aldeko sentipen hori oso garrantzitsua
dela bai Walonian eta baita Flandrian ere. Oso bitxia da, badakit,
baina flandriarrok gurtu egiten dugu gure erregea; eta
Fabiola... oi Fabiola! Hain katolikoa bera... Fabiola eredua zen
familia flandriar askorentzat (familia umilak barne)».
Catherinek ere eman digu sentipen berezi horren berri: «Izugarria
izan zen Balduino erregea hil zenean ikusi ahal izan zena. Eromena,
eromen hutsa. Ni ez nintzen han izan, baina, kontatu didatenez,
mundua ari omen zen negarrez, eta sekulako kale-agerraldiak egin
ei ziren, Flandrian zein Walonian. Bruselan etorkinak eurak ere
erabat hunkituta bide zeuden. Herrialde guztiak egin zuen bat
koroarekin; beldurtzeko modukoa izan zen».
Eta ez omen da koroa hizkuntz-komunitate bien arteko lokarriak
estu-antzean mantentzen dituen sinbolo bakarra: batzuek zein besteek
grina berberarekin jarraitzen ei dituzte Belgikako futbol-selekzioaren
partiduak ere. Eta jakineko kontua da sinboloek indar bateratzaile
itzela dutela, onerako zein txarrerako...