Zenbat Gara
Atalak
Jarduerak
Dokumentuak

Ondarroako Kafe Antzokia

Erdal giroan euskal topaguneak beharrezkoak badira, giro euskaldunetan ere guztiz beharrezkoak direlakoan gaude. Horrexegatik abiarazi du Ondarroako Kafe Antzokia Zenbat Gara elkarteak. 2001ko apirilaren 12an zabaldu zen Ondarroako Kafe Antzokia, lehenago Alameda Zinea izandako aretoan.

Ondarroa bezalako herrietan euskaldunok sakabanaturik ez, baina nor bere aldetik ibiltzen gara beti. Gizartean nagusitzen ari diren indar, eragin, joera eta jarduerek zatitu egiten dute euskaldungoa eta, ondorioz, komunitatea ahuldu. Horregatik, bada, elkarguneak sortu behar ditugu herritarren artean, denok biltzen gaituen euskalduntasuna nabarmenduz, gure artean hizkuntza eta herriarekiko leialtasuna bermatuz eta, Ondarroa beti egon den bezala, itsasoari –eta, horrenbestez, beste herriei– irekiak egonez.

Taberna eta ikuskizunez gain, Ondarroako Kafe Antzokiak lehengo garaietan plazak zuen eginkizuna bete nahi du: norbaiti zerbait esan edo entzuteko lekua izatea, jaiak ospatzeko eta dantza egiteko tokia izatea, musika edo bertsolariak entzutekoa, umeak jolastekoa, antzerkia ikustekoa... Hori dela eta, herritarrek protagonismo berezia dute ekitaldi guztietan ikusle zein partaide gisa. Izan ere, adin eta pentsamendu guztietako herritarrek plaza berria dute Ondarroako Kafe Antzokian.

Bilbokoan bezala, kontzertuak, jaialdiak, hitzaldiak, diapositiba emanaldiak, haur jaiak, aurkezpenak eta beste hainbat ekitaldi egiten dira Ondarroako Kafe Antzokian. Zabaldu zenetik, Kafe Antzokiak bere ekarpena egin du Ondarroan, inguruko herrientzako ere kultura gune garrantzitsua bihurtuz.


www.kafeantzokia.com

 


Zenbat Gara Elkartea
Done Bikendi 2, 4. solairua - Tel. 94 423 75 91
48001 BILBO