Kafe Antzokia?
Bilboko
eta Ondarroako Kafe Antzokiak euskaldunontzako topagune eta erreferentzia
guneak izateko sortu dira: euskaraz bizitzako esparru guztietan
bizi nahi dugunon topagunea, euskararen mundura hurbildu nahi
dutenentzako erreferentzia. Une honetan Bilbon eta Ondarroan daude
Kafe Antzokiak: Bilbokoa 1995eko abenduan zabaldu zen eta Ondarroakoa
2001eko apirilean.
Zenbat Gara elkarteak bultzatutako kulturguneak dira Kafe Antzokiak
eta horregatik Zenbat Garak antolatutako ekimen asko (denak ez)
Kafe Antzokian bertan gauzatzen dira. Euskalgintzaren bilgune
eta erakustokia ere bada Kafe Antzokia, betiere mundura eta beste
kulturetara zabalik. Horregatik, Zenbat Gararenak ezezik, euskararen
inguruko hainbat ekimenen plaza eta bozgorailua izan ohi da Kafe
Antzokia: jaialdiak, antzezpenak, prentsaurrekoak, aurkezpenak
eta bestelako ekitaldiak berton egiten dira sarri, euskalgintzako
eragileen eskutik.
Gure
kulturako emankizunek toki berezia hartzen badute ere, Kafe Antzokiaren
eskaintza ez da euskal ekoizpenetara mugatzen, eta, haiekin batera,
mundu zabaleko herri, jende, kultura, sentsibilitate eta estiloak
ere ikus eta entzun daitezke Kafe Antzokian. Izan ere, nongoak
eta nor garen jakinik, munduko herri guztiei irekiak gaude, ikusteko
eta ikasteko prest, beti ere berdintasunezko harremanetan, bakoitza
bere nortasunetik abiaturik eta bestearekiko begirune osoa erakutsiz.
Hori baita unibertsala izateko zinezko modu bakarra: norbera izanik,
bestea onartzea, elkar osatzeko.
Jarduera ugari
Kontzertuak
dira gurean egiten diren jarduerarik entzutetsuenak, izan ere,
urtero ehunka kontzertu antolatzen dira berton. Baina horiez gain,
era guztietako ekitaldiak izan ohi dira: hitzaldiak, bertso saioak,
antzerki emanaldiak, diapositiba emanaldiak, haurrentzako ikuskizunak,
laburmetraiak, aurkezpen-prentsaurrekoak, kantagintza eta dantza
saioak, tailer eta mintegiak...
Ekoizpen horren guztiaren erakusgarri dira 2003. urteko balantzearen
zifrak: orotara 392 kultura ekitaldi izan ziren 2003an Bilboko
(294) eta Ondarroako (98) Kafe Antzokietan, aurreko urtean baino
%11 gehiago.
Horiez gain, ostalaritza zerbitzuak eskaintzen dira Kafe Antzokian:
jatetxea (Bilbon astelehenetik larunbatera eguneko menuak) eta
ekitaldi berezietarako catering-a. Gainera, asteburuetan gau giroko
erreferentzia ezagunak dira Kafe Antzokiak, musika aukera zabala
eta giro jatorra eskaintzen dutelako.