Zenbat Gara
Atalak
Jarduerak
Dokumentuak

Bilboko Kafe Antzokia

1995ko abenduaren 15ean zabaldu zen Kafe Antzokia Bilbon, lehenago San Vicente zinema izandako aretoan. Topagune irekia izateko xedez sortu zuen Zenbat Gara elkarteak. Horregatik hiri barnean, erdigunean, egon behar zuen egiazko elkargune izan nahi bazuen.

Proiektu ausarta izanik, Kafe Antzokia zabaldu aurretik lan eskerga egin zen, neurri honetako proiektua aurrera atera ahal izateko baliabideak eta giza taldea lortzeko. Eraldaketa sakona izan zuen zinema zahar haren egoitzak egun ezagutzen dugun Kafe Antzokia bilakatzeko eta ostalaritza zerbitzuak eskaini ahal izateko.

Zenbat Gararen helburuak eta planteamenduak azaltzean aipatu dugunez, gehiengo erdalduneko Bilboko hirigunean sakabanatutako milaka euskaldunentzat topagunea eta erreferentzia sortzea zen Kafe Antzokiaren helburua 1995ean:

1. Euskaldunok gure hizkuntzan hainbat jarduera egiteko lekua eskainiz. Aisialdirako, kultura adierazpideetarako eta ludikotasunerako.

2. Euskaldunen gutxiagotasun-konplexuak ahalegin kolektibo bidez ezabatuz, gure hizkuntzan eginiko edozein jarduerari duintasuna emanez.

3. Euskaldunak ez direnei euskara eta euskal kultura eurekiko zabalik dagoela, euskararen unibertsoak inoren kulturak ondo hartzen dituela. Berdintasunetik abiatuta elkar ezagutuz, ulertuz eta errespetatuz eraiki nahi dugula.

Helburu horiek lortzen ari gara, denbora honetan webgune honetan ikusten dituzun hainbat eta hainbat proiektu eta jarduera Bilboko Kafe Antzokian garatu baititugu. Mota guztietako ekimenak eskaintzen dira berton, berdin nagusiei zeinume eta gazteei zuzenduak: musika eta antzerki emanaldiak, disko eta liburuen aurkezpenak, kultura desberdinen arteko topaketak, hitzaldiak....

Kontzertuetan, euskal taldeez gain, munduko edozein bazterretako milaka artista etorri dira Kafe Antzokira. Halaber, gau giroan erreferentzia nagusietakoa dugu Kafe Antzokia Bilbon, asteburuetan bertoko disko jartzaileen musika aukera estimatzen baitu publikoak.

Kafe Antzokiaren eguneko menua dago, astelehenetik larunbatera. Bataz beste, 197 bazkari zerbitzatu dira egunero 2003. urtean. Kafe Antzokiaren eguneko menuak Bilbon duen ospeari eusten dio, menu eskuragarri, anitza eta orekatuaren famari. Kafe Antzokira etorri ohi direnek berton giro ezberdinak sortzeko dagoen ahalmena azpimarratzen dute.

Bilboko Kafe Antzokian, beraz, euskal giroan murgildurik, munduan den kultura aniztasuna ezagutu, errespetatu eta gozatzeko moduko eskaintza zabala egiten da.


www.kafeantzokia.com

 


Zenbat Gara Elkartea
Done Bikendi 2, 4. solairua - Tel. 94 423 75 91
48001 BILBO