Go to Top

Durangoko Azokan gaude, liburu eta disko berriekin

Gaur hasi eta asteartera arte Durangoko azokan egongo gara, urtero legez, liburu eta disko berriekin. Abenduaren 2tik 6ra, Landako guneko Goienkaleko 77.ean egongo da Zenbat Gara elkartearen eta Erroa argitaletxearen erakusmahaia. Aurten, Erroa argitaletxeak hiru liburu berri eta bi disko aurkeztuko ditu. Bilbo Hiria irratia ere Durangon izango da egunero, azokari jarraipena egiten.

quissatLarunbatean, Ahotsenea solasaldien gunean aurkeztuko dira 13:30ean Erroa argitaletxearen aurtengo hiru ekoizpen berri: Palestinako emakumeek idatzitako ipuinak biltzen dituen Qissat liburua, Txarli eta Joselu bikotearen Amultsuki diskoa eta Kurkuluxetan elkarteak prestatu duen Neguko haur kantak diskoa.

Qissat – Palestinako emakumeen ipuinak liburua iaz abiatutako Herrien Mintzoa bildumako bigarren izenburua izango da, eta Ali Salem Iselmu saharauiaren Beduino bat Karibe aldean liburuari segida emango dio, Erroak nazioartera begira sortu duen bilduma horretan. Aurrekoan bezala, zapalduta dagoen herri baten kontakizunak aukeratu ditu Erroak eta, euskal kazetari batek idatzitako hitzaurrearen bidez, herri zapaldu horren gaineko jakingarriak ematen dituen hitzaurre batek kontakizunak bere testuinguruan kokatzen lagunduko digu. Hitzaurre argigarri hori Ane Irazabal kazetariaren eskutik etorri da, berak ondo ezagutzen baitu Palestinako emakumeen borroka isila, herri moduan eta emakume gisa jasan behar duten zapalkuntza bikoitzaren aurrean.

amultsukiAmultsuki diskoa dugu, bestalde, Txarli eta Joselu bikote akustikoaren estreinako abesti bilduma. Zuberotar estiloan ahots bitara abesten maiz ibiliak, orain kantuok CD batean biltzen animatu dira, a capella ahotsak Anje Duhalderen gitarraz lagunduta eta Josu Zabalaren gidaritzapean Timoteo Ozaeta, Jalas-en Mekoletako estudioan grabatuta. Kantuzaleentzako gozagarria izango da bi bizkaitar hauek entzutea, Ipar Euskal Herriarekiko lotura sendoak eta bertako kantu moldeen zaletasuna amultsuki islatzen dute lan honetan. Disko honetan Iparraldeko kantuak dira nagusi —zortzi, denera—, baina Benito Lertxundi, Olatz Zugasti eta Patxi Saizen kantu bana ere sartu dute.

neguko-haur-kantakNeguko haur kantak abesti bilduman, berriz, elizaren egutegia eta ikuspegiari lotutako tradiziozko kantagintza gainditu eta bestelakoa proposatzen duen kantu multzoa bildu dute Kurkuluxetaneko lagunek. Hamar kantu berri eta hiru tradizional bildu dituzte musika antzezlan berri bati soinu banda jarriko dion disko honetan. Kantuotan, eta mitologia, solstizioa, natura eta neguko giroan oinarritutako antzezlan horren bidez gure tradizioak helarazi nahi dizkiete haurrei, euren esanetan “zenbait balio transmitituz, eta batez ere, laguntasuna eta berdintasuna”.

etxea-xamar-azalaIgandean, abenduaren 4an, Juan Carlos Etxegoien Xamar lankide eta lagunak idatzitako Etxea liburua aurkeztuko dute Erroak eta Pamielak, elkarren artean argitaratu baitute liburua bi argitaletxeek. Aurkezpena 17:00etan izango da areto nagusian. Euskaldunontzat etxea gizartearen oinarrizko erakundea izan da, hainbesteraino non etxeak eman baitie izena herritarrei. Etxea, bizitokia izateaz gain, lantegia, hilerria eta erritu tokia ere izan da azken mendeotan euskaldunontzat. Liburu horretan, etxearen historia azaltzeaz gain, beharrak, klimak, baliabideek eta arte estiloek sorturiko etxe eredu nabarmenenak erakusten ditu Xamarrek. Argazkiz beteriko liburu ikusgarri honetan etxearen kultura ondare izaera aldarrikatu du Xamarrek, balio handikoak izanik, duintasuna eta zaintza falta behar baitute Euskal Herriko etxeek, azken hamarkadotan maiz ukatu zaizkiena.

Bestalde, Bilbo Hiria irratiak, aurreko bi urteotan egin zuen bezala, arreta berezia emango dio euskal kulturaren topagune nagusiari, egunez egun bertan izango da elkarrizketa eta erreportaje interesgarriak egiten. Asteburuan grabatutako eduki berezi horiek bildu eta astelehenean, abenduaren 5ean emango ditugu saio berezi batean. Hurrengo egunotan entzun, irakurri eta ikusi ahal izango ditugu Bilbo Hiriaren webgunean.

, ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude