Go to Top

Gabriel Arestiren “Harri eta herri” liburuaren edizio berria aurkeztu da

2014an 50 urte bete dira Gabriel Arestiren Harri eta herri argitaratu zela. Urteurrena ospatzeko, Euskaltzaindiak eta Gabriel Aresti Kultura Elkarteak -Gabriel Arestiren senideek eta Zenbat Gara elkarteak osatzen dutena- liburuaren edizio berri bat berrargitaratu dute: Harri eta herri, 50 urte. Gaur, abenduaren 4an, aurkeztu dute Bilboko Udaletxean. Ekitaldian, Meli Esteban alargunari eta Andere alabari, euskaltzainburuak Euskaltzaindiaren ikurra eman die.

Aurkezpenean ekimena sustatu duten bi erakundeotako ordezkariak izan dira: Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Monasterio Gabriel Aresti kultura elkarteko ordezkaria. Lana Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta BBK Fundazioaren laguntzarekin argitaratu da; hori dela eta, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua, Ibon Areso Bilboko alkatea eta Gorka Martinez BBK Fundazioaren zuzendaria ere bertan izan dira. Rafa Rueda musikariak -Arestiren Bilbaoko kaleak poema kantatu du- eta Toti Martinez de Lezea idazleak ere parte hartu dute aurkezpenean.

Gainera, liburuan parte hartu duten hainbat egile izan dira bertan: Aingeru Epaltza, Karmelo Landa, Kirmen Uribe eta Angel Zelaieta, besteak beste.

Bi liburu

Bi liburuk osatzen dute argitalpen berria: batetik, Arestiren liburua eskaintzen da, 1964an argitaratu zen bezala. Bestetik, Harri eta Herri – 50. Artikulu bilduma izeneko bigarren liburuan, zenbait euskaltzainek eta egilek idatziriko artikuluak bildu dira. Horietako batzuek Aresti bera ezagutu eta tratatzeko aukera izan zuten; gazteagoek, aldiz, bere lanen bitartez ezagutu zuten idazlea. Hauek dira parte hartzen duten egileak: Joan Mari Torrealdai, Xabier Kintana, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Karmelo Landa, Angel Zelaieta, Txomin Peillen, Ana Toledo, Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga, Aingeru Epaltza, Toti Martinez de Lezea, Miren Agur Meabe eta Kirmen Uribe.

Xabier Kintana euskaltzaina argitalpenaren koordinatzaile eta edizio arduraduna izan da hitza hartu duen lehena. Bere hitzetan, gaurko ekitaldiak Gabriel Aresti zena omentzea izan du xede. Eta poetaren ezaugarri batzuk aipatu ditu jarraian: “Txikitan euskaraz jakin ez eta bere maitasun eta ahaleginari esker geure herriko hizkuntza zokoratu eta mespretxatua berreskuratu zuen, orduko abertzale askoren iritziz, ezinezkoa omen zena. Hizkuntza hori landu eta poesia eta prosa lan ederrak utzi zizkigun, ordurarte euskaraz ukitu gabeko gaiak landuz, kale girokoak batik bat. Eta azkenik, zatibanaturik zegoen hizkuntza larreko hura batu eta hirira ekarri zigun, eskolarako gai, noranahiko gertu, Lizardik nahi bezala, ezinezko ziruditen gauzak bere ekinari esker azkenean lorturik”.

Esan bezala, argitalpena Euskaltzaindiaren eta Gabriel Aresti kultura elkartearen arteko elkarlanaren emaitza izan da. Hori dela-eta, pozik agertu dira bi erakundeotako ordezkariak. Hala, elkarteari ez ezik, argitalpena gauzatu duten guztiei ere eskerrak eman dizkie Andres Urrutiak, “zuek ahalbidetu duzuelako, beste behin ere, Gabriel Aresti maisua bere euskal katedratik guri mintzaraztea, guztiok adi-adi entzun dezagun haren mezua”.

Euskaltzaindira itzuli da
Xabier Monasteriok ere bion arteko lankidetza goraipatu du: “Esan genezake, Akademiak eta haren izena hartu duen elkarteak sinatutako hitzarmenari esker, Gabriel Aresti Euskaltzaindira itzuli dela, beti berea sentitu zuen eta berak hainbeste lan egin zuen etxera, alegia. Eta ez da edonola itzuli, berak Euskararen eta Euskal Literaturaren langintza zoragarrian bidaide izango lituzkeen euskaltzain eta idazle lagunen eskutik baizik.”

Harri eta herri liburua “mugarri” dela esan du Monasteriok: “Gure literatura aro berri batera, modernitatera, eramaten lagundu zuelako; baina, orobat, zorroztarri ere gertatu zen, orduko idazle eta irakurleen gogo-bihotzak astintzen jakin zuelako; eta, geroztik, oinarri bilakatu da, egungo idazleek, mende erdia igaro arren, ezinbesteko erreferentzia gisa hartzen dutelako oraindik bizirik dirauen eta oraingoa dirudien liburu bikain hau.”

Toti Martinez de Lezea idazleak Nire aitaren etxea poema irakurri du eta Gabriel Aresti gurekin betiko izango dela esan du.

Josune Ariztondok Aresti “profeta” izan genuela esan du: “Nor bere garaian eta bere herrian profeta izaten ez bada ere, azkenean urteek berari arrazoia eman eta merezi zuen lekuan jarri dute, bera bizi zenean batzuek hori aitortu nahi ez arren. Orain, haren obrarik esanguratsuena, Harri eta Herri, berriz ere plazaratzen dugu, lehen argitaraldiaren berrogeita hamargarren urteurrenean, eta horrela Bilbok, Bizkaiak, Euskal Herri osoak omenaldia eskaintzen diote beren poetari, aldi berean euskaldun guztiok zor dizkiogun aitortza eta eskerrak emanez”.

Aresti idazlea eta Aresti euskararen bultzatzailea. Biak izan ditu gogoan Gorka Martinez BBKko Fundazioko zuzendariak eta bi arloetan Bilboko poetak egindako lan bikaina izan du gogoan.

Ibon Areso alkateak eskerrak eman dizkio Gabriel Arestiri berari, “bide berriak urratzen ari zen” poetari, alegia. “Gabriel Arestik -idatzi du liburuaren sarreran – makina bat bertso-lerro utzi zizkigun ezkutaturik bere lan oparo eta miresgarrian, eta pentsatu nahi dut ohikoa zuen probokatzeko gaitasun horrek eraman zuela gurekin olgeta egitera; jakingo zuela, alegia, noizbait iritsiko ginela, poeta eta hiria, elkar ezagutzera”. Gaurko ekitaldian, aldiz, eskerrak eman dizkie bere aurretik hitz egin duten guztiei. “Ez dut besterik esango -esan du- hunkituta nago-eta”.

Liburua eskura daiteke Zenbat Gararen bulegoan, Done Bikendi 2, 4.  solairuan (Kafe Antzoki gainean) 20 euroko prezioan.

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude