Go to Top

Zaparrada haur konpartsa aurkeztu da

Zaparrada-aurkezpena-algara-web

Gaur Bilboko Kafe Antzokian Algara konpartsaren magalean sortutako Zaparrada haur konpartsa aurkeztu dute Kurkuluxetan eta Zenbat Gara kultur elkarteek. Maddi pirata eta Ane Monna pertsonaiek eman dute proiektuaren berri eta Algara konpartsako Pellot pirata, Oskola eta Karramarroi bezalako pertsonaiez inguratuta egon dira.

Haurrentzako eta haurrez osaturiko konpartsa izango da Zaparrada. Izan ere, Bilboko Aste Nagusian zehar, “haurrentzako antolatzen diren ekitaldi edo ikuskizun ofizialetatik at, oso dinamika eskasa prestatzen eta bultzatzen da haurrei begira; hau da, oraindik ez dugu haurrek merezi eta nahi duten protagonismoa edukitzea lortu”, adierazi du Maddi piratak.

Bilboko Aste Nagusian herri parte-hartzea oso sustraituagoa dago, herri ekimenetik sorturiko jai eredua da Bilbokoa. “Herri parte-hartzeaz mintzatzen garenean, bertan sektore eta adin guztiak sartu behar ditugu, azken finean Aste Nagusia denona delako”, azpimarratu du Maddi piratak.

Zaparrada haur konpartsa berriarekin zenbait helburu lortu nahi dute:
• Aste Nagusian haurrentzako gune erreferentziala bilakatzea.
• Euskaraz bizitzeko, mintzatzeko eta ondo pasatzeko haur bilgunea eraikitzea.
• Haurren protagonismoa suspertzea.
• Guraso eta seme-alaben arteko harremana eta komunikazioa euskaraz mantentzeko eta bultzatzeko dinamika eta aukerak jorratzea.

“Gure apostua erabilpenean dago, milaka haur D eredutik pasatzen badira ere, kalean eta giro erlaxatuan ia beti erderara jotzen baitute. Beraz, gure xedea, errealitate horri buelta ematen ahalegintzea da”, azaldu du Ane Monna pertsonaiak.

Zaparrada konpartsak Gartxot filmeko Xune pertsonaia aukeratu du logo gisa. Asisko Urmenetak sortua, Xune sorkuntza eta sormena adierazten duen pertsonaia biziduna da: ile more askea duen neskatxa alaia.
 
Konpartsa honetan izena eman nahi dutenek [email protected] helbidera idatz dezakete. Honez gain, datorren astean Bilboko Areatzan karpa jarriko dute Zaparradakoek.
 
Egitarauari dagokionez, abuztuaren 17an, igandean, arratsaldeko 17:00etan, izango da euren lehen ekimena: kalejira zaratatsua, hain zuzen ere. Antzerkiaz, tailerrez, batucadaz, ipuin kontalariez, disko-festaz gozatzeko aukera izango dute aurten Bilboko haur eta gazteek, beti ere komunikazio hizkuntza euskara izanik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude