Go to Top

Bertso Egunaren kronika modukoa

Eta halako batean heldu ginen bai Donostiara! Nahi baino berantago, eta autoa aparkatu ondoren Alde Zaharrera iritsi ginenerako ezin izan genuen eguerdi parteko giroa dastatu, bertara bildu ziren gure artistek beraien onenak emanak baitzituzten ordurako eta tripa- zorrien kilimak ezin eutsirik zebiltzan. Txakoli fresko pare bat goxatu, geratzen ziren lagunak agurtu, goizean zehar bizi izan zutenaz jabetu eta bazkari-legea egin ondoren Kursaal aldera abiatu ginen.

Bertako saioa hasteko ordubete falta zela moda zaharreko ilara luzea ikusi genuen oraindik ateak zabaltzeke zeudela: “Hi, jendeak badik bai interesa! Redio! Eutsi egin behar ziok halako buztan luzeari ahalik eta lekurik onena atxemateko!” Eta bestelako moda zaharrekoak garenok inguruko tabernetara hurreratu ginen: hor-han-hemen bertsolari eta zale ugari, Kursaaleko saioaren aitzinekoak apuratzen: kontu zahar eta berriak, baten eta bestearen inguruko notiziak, agur, musu eta besarkadak… Giro naturala zegoela esan behar!

Ez dezagun ahantz: Bertsozale Ekartearen gomita genuela Zenbat Garakook, eta harrera ezin hobea egin ziguten: mila esker lagunok!
Kursaalean bizi genuenaren harira zer esan? Ezer gutxi, seguraski, esanda ez dagoenik… Aburuak, buruak bezainbeste izaten direla diote eta gure artean ere horrela da! Ezin uka liteke batzuk, askok, egindako lana; eskaini zen ikuskizuna ez baitzen ahuntzaren gauerdiko eztula! Antolaketa eta koordinaketa aldetik eta mezuaren plazaratze partetik: betelan gutxi eta mami ugari, guztioi zer pentsatua anitz eman ziguna: bai, egia da, genero deritzon errealitatearen ur sakonetan murgildu ziren bertsolariak eta murgilarazi gintuzten; ahalegin ikaragarria zezena adarretatik heltzeko eta lortu ere bai, gure ustez bederen.

Saioan zehar sarri begiratu genion elkarri: batzuetan begi zein arpegikeraren keinuak aski dira norberaren barne sentimentuak adierazteko… Hitz aspertu zenbaitetarako parada ere egon zen, saioaren formatoa zela medio… Baieztapena zalantza zenbaitekin nahasian; konformitatea kritika txikiekin batera; txaloak hasperen sakonekin lerrokaturik; bihotzak zein burumuinak pil- pilean une askotan… Sentzazio ezberdinez beteriko zaparrada etengabea!

Ilunabar berezia bizi izandako gorpultzaldiarekin irten ginen Kursaaletik. Afari lekura abiaturik sobera luzatu ginen bidean, pare bat pote hartu bitartean, bizi, entzun eta sentitutakoa izan zelarik gai monografikoa: eta ez dakizue nola gozatu genuen hau- hori- hura aipatzen, gogoratzen eta berraztertzen! Jakina: azkenak izan ginen polikiroldegi- afari- lekura heltzen! Eta han ere gozatu: apetito onekoak garenok eskertu baikenuen afari eder hura; horretan ere bateonbatek lan eskerga egin zuen guztion plazerrerako! Inguruan suertatu zitzaizkigun afaltiarrei buruz, luxozkoak izan zirela baino ez dizuegu esango; baina ziur gaude gainontzekoek ere berdin pentsatzen dutela; eta 700 lagun inguru bildu ginen bertara!

Goizaldeko ordu txikiak arte luzatu genuen jarduna! Tartean zenbat komentario, kontu zahar eta berri, txantxa eta ziri, goraipamen eta kritikatxo, anekdota eta etorkizunerako proiektu…Azken finean, zenbat bizi-poz gure Herria euskaratik eta euskaraz sortzen dihardugunon artean!

Milesker, bihotzez, eta zorionak Bertsozale Elkartea egiten duzuen (eta zergatik ez,dugun) guztioi!  Zuen etxeko ateak izan genituen bezain zabalik dauzkazue gure bihotzak. Egunerokotasunean, ametsetan, euskaren nazioaren eraikuntzan, genero berdintasunean… betirarte. Besarkada handi bat! (Ainhoa, Pili, Jabi eta Koldo).

Apolok eta Erlantz Ibargurengoitiak Potto irratsaioan egindako kronika ere entzun daiteke bilbohiria.com webgunean, hainbat bertsorekin batera:

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude