Go to Top

Aste Nagusia ALGARAn, kronika modukoa

Ibaian behera eginez, suak hartuta joan zaigu Marijaia. Datorren urtean berpiztuko da, eta bitartean, guri atseden hartzea egokituko zaigu -txosna desmuntatu ostean-. Berriro ere jai bikainak izan ditugu, gorputzak ahal izan duen neurrian gozatu ahal izan dugu, jaia zer den ulertzen eta maite ez dutenak gorabehera. Lerrootara ekarriko dugu kronika labur moduko hau, eta gehiago jakin nahi duenarentzat Algararen webgunean egunez eguneko kronika osoak irakurri daitezke.

Aurtengoa euskara eta beste hizkuntzak modu naturalean galtzen ez direla aldarrikatzeko urtea izan da Algara konpartsa euskaldunaren txosnan. Txupinaren egunean hasi ginen indartsu, igandean dantza egin genuen, astelehenean magia, paellak eta mintzaplatika egin genuen euskara ikasten ari direnekin, asteartean Kataluniako egunekin solastu ginen, asteazkenean euskal kantari eta musikarien eguna izan zen, ostegunean bertsolariak, futbolariak eta kazetariak izan genituen txosnan, ostiralean kirola egin genuen… Egunez egun idatzitako kronikak irakurgai dauzkagu Algararen webgunean.

Aste Nagusiaren hiru ikonoak emakumezkoak izan dira aurten, eta denon aurpegiekin osatutako Mari figura osatu ahal izan dugu. Algaran telebistaren Aste Nagusia ere izan da: Algara barrutik ezagutu ahal izan dugu ETBn eta bertso saio didaktikoan barneratu gara Hamaika Telebistan. Ke makinarena, atxurrena, puxikena eta galdutako haurrena ere izan da aurtengo edizioa, denetarik pixkat.

Gure txosnako sukaldean Pellot bokata estreinatu dugu eta hezur-haragi-aparrezko Pellot etorri zaigu, animatzaile aparta!

Dantzan eta kantuan egin dugu, eta bapo jan dugu algarakideek prestatutako jateko gozoa. kazetariak, pelotariak eta futbolariak, euskalgintzako lagunak eta beste herrialde batzuetako bisitariak izan ditugu, kubatarrak eta kataluniarrak kasu. Ahalegin handia egin dugu programazioan gure txosnan ekitaldiak antolatzeko, eta jendeak estimatu du hori.

Baina Aste Nagusi hau, dudarik gabe, gure txupinerarena eta berarekin batera sarri ikusi dugun IƱaki lagunarena izan da. Biba zuek!

Orain, guztiz akituta egon arren, desmuntaketa, burdin eta ohol guztiak batu eta datorren urterako gordetzea “besterik ez” zaigu geratzen. Urtebete barru, berriro ere, Marijaiarekin batera gure Filibusti ere berpiztuko da eta han egongo da berriro Pellot.

Biba festa eta biba gu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude