Go to Top

Algara konpartsa 2013ko Aste Nagusian

Aurten, ALGARA konpartsa euskaldunaren txosnan ekitaldi, kontzertu, kantaldi eta bestelako emanaldi eta hitzordu ugari izango ditugu Aste Nagusian. Gaika banatu ditugun egunik seinalatuenak eta bertan, ohi bezala euskaz gozatzeko eta parte-hartzeko ekitaldi ugari aurkituko ditugu.

Igandean dantza eguna eta, bertan, Urbeltzen Dantza Ganbara kalean izango dugu, Juan Antonio Urbeltzen eskutik, txosna aurrean bertan.

Astelehenean, euskara ikasten ari garenon eguna ospatuko dugu, aste osoko ekitaldirik jendetsuena izan ohi dena. Bertan, paella lehiaketaz eta euskaldun berri eta zaharron arteko bazkariaz gain, toka txapelketa izango dugu, euskal joko honen erarik tradizionalenan, eta Txan Magoaren emanaldiak izango ditugu, ordu batean eta bazkalostean, haur eta helduentzat hurrenez hurren.

Asteartean, Katalunia eguna izango dugu eta, besteak beste, Marc Bioscak ekarriko digu hango berri solasaldi bidez. Asteazkenean, Iparralde eguna izango dugu, Baxenafarroatik helduko zaigun zikiro-janarekin, eta Bilbo Hiria irratiko Artayorran baño, yantzan obetó! irratsaioko lagunek ekarriko diguten animazioarekin.

Ostegunean, bertso eta triki eguna etorriko da, Erika Lagoma eta Uxue Alberdiren eskutik eguerdian izango dugun bertso saio didaktikoarekin, eta ondoren bertso bazkaria izango dugu. Arratsaldean, Roberto eta Kepa eskolako trikitilariekin eta Marijaiarekin kalejira egingo dugu ikurriñaren omenaldi ostean.

Kontzertu eta kantaldiei dagokienez, aurten emanaldi ugari izango ditugu ALGARAn, Aste Nagusiko doako kontzertuen aniztasun eta kalitateari gure ekarpena egiten: igandean Cherry Boppers eta Akatz bilbotar taldeak izango ditugu, hurrenez hurren soul funk eta Skatalites taldearen musika jotzen. Astelehen arratsean Habanako Bi Deak – Las dos D ahizpak izango ditugu, besteak beste euskarazko hainbat abesti kantatzen, doinu kubatarrez gain. Makala Jazz Funk Band taldea arituko da gauean. Asteartean Bon Scott Revival Show eta Ramonetarrak izango dira, hurrenez hurren AC/DC eta Ramones taldeen gorazarre taldeak. Asteazkenean Willis Drummond hendaiarrak eta Mungiako Belako taldea izango dira eta, amaitzeko, ostiralean Hirian bakarrik  (Mikel Inunziaga) izango dugu iluntzean kantaldia eskaintzen.

ALGARA konpartsaren egitaraua xehetasunez irakur dezakezu www.algara.org webgunean.

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude