Go to Top

Gabrielen LEKUA ikuskizunari buruz

Asteazkenean aurkeztu genuen jendaurrean Gabriel Aresti kultura elkartea, eta berarekin batera, urritik aurrera taularatuko den Gabrielen Lekua sentikaria ere aurreratu genuen. Bada, aurkezpenaren kronikan azaldu denaz gain, hemen dituzue ikuskizun honen inguruko informazio gehiago:

Gabriel Arestiren pertsona eta bere lana eguneratzea du helburuz sentikari honek. Belaunaldi batzuentzat gogora ekartzea izango da; beste batzuentzat deskubrimendua.

Arestiren lekuak hartu ditugu horretarako ardatz. Bilbo, Baiona, Arantzazu, Atzerria, Ea… euskal literatura, euskal kultura… Eta bere izaeraren zein obraren alderdirik garrantzitsuenak lotuko ditugu leku bat edo bestearekin. Haurtzaroa, euskara ikasteko erabakia hartu zuen unea, bere justizia sozialarekiko kezka, obra literarioa, hainbat pertsonekiko gutunizketa, euskara batuaren sorrera, bere ideologia. Beti ere, Gabriel Arestirik poliedrikoena azaldu nahian, bere lan oparotasuna, aktibismoak, eztabaidarako zuen joerak isla izango dute emankizunean.

Ordu eta erdi inguruko ikuskizuna izango da. Hainbat kultur adierazpide elkartuko dira oholtzan: musika, bertsolaritza, deklamazioa, ikusentzunezkoak…eta bi pertsonaiek eramango dute kontakizunaren ardatza. Ikuskizunean denetik izango da, Gabriel Arestiren obraren pasarteekin batera, sortzaileek beren beregi emankizunerako
sorturiko lan berriek osatuko dute mamia.

Gidoia: Oier Guillan eta Andoni Egaña
Musika: Rafa Rueda
Ikusentzunezkoak: Alain Urrutia
Sorkuntzalagun: Xabier Monasterio

Sortu berria den Gabriel Aresti kultur elkartearen egitasmoa dugu Gabrielen lekua ikuskizuna. Irabazi asmorik gabeko elkarte honen helburua Gabriel Arestiren ondarea ezagutaraztea da, idazle gisa zein pertsona legez, egun, inoiz baino presenteago dagoena.

“Poesia mailu bat dela esateko ausardia ukan zuen Gabriel Arestik, eta estetika obrerista baten aldekoa dirudien deklarazio honek ikusi batean uste genezakeena baino irakurketa anitzagoa du: mailua lanabesa da eta, ondorioz, poesia tresna da, ez helburu.Poeta, kantugile, hizlari, itzultzaile, antzerkigile, editore, hizkuntzalari… Arestiren lana prometeikoa izan zen, gizarte berri batek behar zuen hazkurri espirituala moldatu beharrak eragina, eta figurak maiz hartu zion gain obrari egunerokoan. Euskaldunen kontzientzia kritikoa bilakaturik, poesiaz etika egin zuen, testua ez zen izan mandatuaren agiria besterik. Mandatua bera obratzea zen, eta Arestik mailua hartu zuen eskuan harria moldatzeko, herria iratzartzeko.” Koldo Izagirre

Poeta naizen ezkero, eztut zerurik espero.
Bederatzi kopla ditut,
lau zuhur eta bost ero

, , , ,

One Response to "Gabrielen LEKUA ikuskizunari buruz"

  • Gabrielen Lekua ikuskizuna aurkeztu dugu | Zenbat Gara
    2013/10/12 - 20:32 Reply

    […] Bilboko Arriaga antzokian estreinaldia. Ekainean elkartea aurkeztu genuenean egin genuen ikuskizuna aurreratu genuen, baina dagoeneko osatutako proiektua dugu egun. Xabier Monasteriok atzo azaldu zuenez, elkarteak […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude