Go to Top

Durangaldea nagusi Bertsolari Gazteen XXI. BBK Sariketan

Martxoaren 22an, ostiralarekin, Bilboko Kafe Antzokian ospatu zen Bertsolari Gazteen XXI. BBK Sariketaren finala. Urtero antolatzen den txapelketa da, Bizkaiko bertsolari gazteak eskualdeka biltzen dituena. Aurten zazpi taldek eman dute izena: Enkarterri, Arratia, Durangaldea, Bilboaldea, Busturialdea, Ipar Uribe eta Lea Artibai. Eta hiru sailkatze-saio eta finalaurreko bi jokatuta, finalean Durangaldea eta Ipar Uribe aritu ziren buruz buru; talde bakoitzak seina bertsolari taularatu zituen, adin-maila bitan banatuta: 18 urte artekoak; eta 24 urte artekoak.

Durangaldearen ordezkariak Garoa Angiozar, Iruri Altzerreka, Txaber Altube, Aitor Bizkarra, Ander Gerrikaetxebarria eta Ane Alegria izan ziren; eta Ipar Uribe eskualdearen ordezkariak, berriz, Unai Mendiburu, Aitzol Muruaga, Paule Loizaga, Inazio Vidal, Peru Vidal eta Imanol Uria izan ziren. Ordu bi luzeko saio txukuna osatu zuten, nahiz eta zenbaitetan, urduritasunak-edo
eraginda, bertsoa ezin josi ibili ziren.

Epaimahaian Gorka Intxaurbe (aurtengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian epaile izango dena), Arkaitz Estiballes (Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna) eta Juanjo Respaldiza (Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza-arduraduna) aritu ziren.

Ehun lagunen aurrean Bernar Mandalunizek gidatutako saioan, 18 urte artekoen atalean Durangaldekoek 168 puntu lortu zuten; eta Ipar Uribekoek 175. 24 urtez azpikoen saioan, ordea, Durangaldeak 244 puntu eskuratu zituen; alta, Ipar Uribe taldeak 210 puntu baizik ez zuen bildu. Hortaz, eta bi saioen arteko puntu-batuketa burututa, Durangaldea izan zen garaile, 27 puntuko aldearekin.

Bestelako saririk ere izan zen: Iruri Altzerreka durangarrak, 12 urterekin, finalistarik gazteenaren saria jaso zuen; eta Arratiako Irati Astondoak jaso zuen bizkaiera egokienaren saria.

Bilboko Kafe Antzokian ikusi genuen lez, inondik ere Bizkaiko bertsolari gazteen harrobia osasuntsu dago. Ea 2014an zein eskualdek lortzen duen irabaztea.

(Kronika: Erlantz Ibargurengoitia / Argazkia: Berton aldizkaria)

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude